Arriskuan dagoen populazioak gaurtik har dezake zita gripearen aurka txertatzeko

2021-10-14

  • Osakidetzak COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia eskainiko die duela 6 hilabete baino gehiago COVID-19aren aurkako txertoa jaso duten 70 urteko edo gehiagoko pertsonei

  • Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 18an hasiko da, “Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa” lemaren pean

  • Zita hartzeko bi bide gaitu dira: Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta

  • Anduien aurrean babes handiagoa bermatzen duen txerto tetrabalentearen 651.333 dosi eskuratu ditu Osakidetzak
  • Maskara erabiltzeak kutsatzea prebenitzeko eta gripearen eragina geldiarazteko duen garrantzia azpimarratu du Osasuneko sailburuak

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gripearen aurkako 2021eko txertaketa-kanpaina aurkeztu du gaur. Kanpaina urriaren 18an, astelehenean, hasiko da. Gaurtik aurrera, arrisku-taldeek zita har dezakete Osakidetzaren webgunearen bidez edo beren osasun-zentrora deituta. Gainerako biztanleek ere azaroaren 15etik aurrera eska dezakete txertoa jartzeko.

Aurten aukeratutako lema hau da: Eta orain gripeak ez gaitzala banandu. Jarri txertoa”, urte eta erdi baino gehiagoan euskal gizarteak Covid-19ari aurre egiten egindako ahalegina gogorarazten duen mezua alegia, ezeren jaramonik gabe geratu behar ez duena. Hala azaldu du sailburuak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitiarekin eta Gripearen Kanpainaren koordinatzaile Enrique Peirórekin batera.

Kanpainaren helburua da pertsona zaurgarrienen osasun indibiduala zaintzea, baina baita osasun kolektiboa zaintzea ere. Hori dela eta, iaz egin zen bezala, arrisku-kolektibo bakar batekoak ez diren biztanleek ere hartu ahal izango dute txertoa, betiere txertoak eskuragarri badaude. Hala ere, azaroaren 15erako zita hartu arte itxaron beharko dute, lehentasuna izango baitute arrisku-talderen batekoak direnek, alegia:

  • 65 urte edo gehiagoko pertsonak
  • Patologia kronikoren bat duten pertsonak (biriketakoak, bihotzekoak, diabetesa…)
  • Haurdun dauden emakumeak
  • Osasun-arloko profesionalak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak
  • Zaharren egoitzetan bizi diren pertsonak (kolektibo horri aste honetan bertan hasi zaio jartzen txertoa)

Horiei guztiei, Osakidetzak, nahi izanez gero, txerto tetrabalente bat jarriko die, gripearen anduien aurrean babesa handitzeko. Osakidetzak 651.333 dosi eskuratu ditu guztira, eta kopuru hori % 20ra arte igo ahal izango da eskaera handiagoa izanez gero.

Gogoan izan behar dugu iaz 595.084 txerto jarri zirela, aurreko kanpainan baino % 34 gehiago. 65 urtetik gorako pertsonen kasuan, ordura arte inoiz lortu ez ziren estaldura-tasak lortu ziren; zehazki, % 70,9, aurreko urteko % 58 estalduraren aldean.

NOLA HARTU ZITA?

Txertoa jartzeko zita hartzeko, Osakidetzak bi bide gaitu ditu:

  • Osakidetzaren web orriko Aurretiko zita atala: osakidetza.eus
  • Osasun-zentrora deitu eta 2. tekla sakatu lokuzioa entzun ondoren.

Zita hartzean txertoa non emango den adieraziko da; batez ere, Osakidetzako osasun-zentroak izango dira.

MASKARA ERABILTZEA

Txertoa jartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute gripea prebenitu daitekeela hainbat neurri betetzen badira, besteak beste, eskuak garbitzea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea. Osasuneko sailburuak bereziki azpimarratu du maskararen erabilera, “giltzarria” izan baitzen iaz birusa ez hedatzeko. Zentzu horretan, euskal gizarteari eskatu dio dudarik gabe erabil dezala, bereziki leku itxietan eta gripe-sintomarik izanez gero.

COVID-19AREN AURKAKO HIRUGARREN DOSIA

Prentsaurrekoan, Osasun sailburuak Osasun Publikoaren Batzordeak 70 urtetik gorako pertsonei COVID-19aren aurka adierazitako hirugarren dosia ere izan du hizpide. Gotzone Sagarduik jakinarazi duenez, Osakidetzak eskainiko du COVID txertoaren HIRUGARREN DOSIA ematea, gripearen txertoarekin batera, bi baldintza betetzen diren kasuetan: 70 urte edo gehiago izatea eta COVID-19aren aurkako txertoa duela 6 hilabete baino gehiago jaso izana.