Arriola sailburuak Korridore Atlantikoaren trenbide-konexioaren "izaera estrategikoa" azpimarratu du Euskadik Europan duen lehiakortasuna hobetzeko

6DAB3127-425F-4F27-AFBA-4CD56464325A.jpeg

2021-09-04

  • Eusko Jaurlaritzako Garraio arduradunak Connecting Europe Express ekimenean parte hartu du: Europan zehar dabilen trena Trenaren Europako Urtea ospatzeko
  • Gipuzkoako adarreko lanak, Eusko Jaurlaritzaren menpekoak, 2024an amaituko dira

 

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak Connecting Europe Express ekimenean parte hartu du larunbat honetan, Europar Batasuneko, Espainiako eta Akitaniako agintariekin batera. Trenaren Europako Urtea dela eta, Europa zeharkatzen duen tren bat da, eta ehun bat hiritan geldituko da garraiobide jasangarri hori ikusarazteko. “Korridore Atlantikoa bultzatzearen eta Europako garraioaren lehentasunezko ardatz estrategiko bihurtzearen” garrantzia azpimarratu du Garraioko euskal arduradunak Hendaiako geltokian egindako geldialdian. “Europako herritarren konektibitatea hobetzeaz gain, abiadura handiko trenak Euskadiren garapena, lehiakortasuna eta Europan duen presentzia indartuko ditu”, azpimarratu du.

Euskadi funtsezko kate-begia da”, nabarmendu du Europako Korridore Atlantikoari buruz; 2.000 kilometro baino gehiagoko luzera du eta 60 milioi biztanle inguru hartzen ditu, Europako biztanleriaren % 12, baita euroguneko BPGaren % 30 ere. Arriolak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza “erabat inplikatuta” dago abiadura handiko trenaren garapenean Euskadin, eta jakinarazi du Gipuzkoako adarrean, Eusko Jaurlaritzak Gobernu zentralarekin egindako kudeaketa-gomendioaren bidez egiten dituen lanetan, zati guztiak amaituta daudela, Hernani-Astigarraga zatiaren bigarren fasea eta Ezkioko eta Atotxako geltokiak izan ezik, horiek, aurreikusitakoaren arabera, 2024. urtean amaituko baitira.

Funtsezkoa da trenbidearen funtzio sozialari eta garraiobide jasangarri, seguru eta eraginkor baten potentzialari balioa ematea”, nabarmendu du Arriolak, eta Europako funtsek helburu hori betetzeko eta Espainiarekin eta Frantziarekin erakundeen artean lankidetzan aritzeko duten zeregina nabarmendu du. Ildo horretan, sailburuak gogora ekarri du Frantziako agintariekin batera egindako lana, Hendaiako Topo geltokia modernizatzeko eta handitzeko aukera eman baitu, mugako hiria eta Donostia lotzen dituen linearen erabiltzaileen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Konexio “historikoa” da, eta 700.000 erabiltzaile ditu urtero Euskotrenek Hendaian duen geltokian.

Hendaiako geltokian egindako tren-ibilbidearen ondorengo hitzaldian, Iñaki Arriolaz gain, hauek parte hartu dute: Garraio sailburuorde Pedro Marco, Hendaiako alkate Kotte Écenarro, Irungo alkate José Antonio Santano, Europako Trenbide Agentziaren zuzendari Josef Doppelbauer, eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxaso, besteak beste. Jardunaldian herritarren elkarraldi bat egin da, eta gazteek ere parte hartu dute gai horri buruz hitz egiteko.