AMAk aurrera egin du partzuergoa eratzeko lanetan

20210225_AMA.jpg

2021-02-26

  • Ekonomia eta langile beharrak zehazteko azterlan bat kontratatzea onetsi du
  • Estatutuen lehenengo zirriborroa lantzen ari da
  • Helburua da erakunde berria 2022an abian jartzea


Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) aurrera egin du lan teknikoetan, partzuergoa eratzeko eta, hartara, tresna hobeak eskura izateko, garraio publikoaren eskaintza hobetu eta lurralde historikoan haren erabilera sustatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen dute AMA.

AMAk, atzo egindako osoko bilkuran, erabaki zuen azterlan bat kontratatzea, eratuko den partzuergoaren behar ekonomikoak, teknologikoak eta langile beharrak zehazteko, eta beste txosten bat kontratatzea, indarrean dauden tarifak bateratzeko ereduak sakon aztertzeko. Estatutuen lehen zirriborroa aztertzen ere hasi da.

Blanca de la Peña AMAko lehendakariak azaldu duenez, erabaki horien bidez “aurrera egin dugu partzuergoaren forma juridikoa hartzeko beharrezkoak diren lan teknikoetan. Helburu hori lortzeak ahalbidetuko digu tresna gehiago eta hobeak izatea arabarren mugikortasun eskariei erantzuteko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko”.

“Helburua da 2021ean gauzatzea lan tekniko horiek guztiak, eta partzuergoa 2022an sortu eta abian jartzea”, erantsi du.

Duela bi hilabetetik hona, erakunde arteko talde bat arduratzen da partzuergoa errealitate bihurtzeko dauden behar teknikoak eta juridikoak aztertzeaz eta partekatzeaz, eta ondorioak AMAren osoko bilkurari helarazteaz. Horiek horrela, talde horrek estatutuen lehen zirriborroa eta bi azterlan egiteko proposamena aurkeztu zituen AMAk atzo egindako osoko bilkuran.

Hortaz, AMAren osoko bilkura zirriborro hori aztertzen hasi zen, eta onetsi zuen kontratatzea eratuko den partzuergoaren oinarrizko egituraren beharren azterlana, non, besteak beste, zehaztu beharko baita zer finantziazio eta langile beharko diren abian jartzeko eta ohiko funtzionamendurako, eta zer eskakizun operatibo izango duen (BAT sistema eta euskarri teknikoa).

Halaber, oniritzia eman zion tarifak bateratzeko ereduei buruzko beste azterlan bat kontratatzeari.

Bestalde, AMAren osoko bilkurak erabaki zuen BAT txartela kargatzeko eta saltzeko makina bat jartzea Logroñoko autobus geltokian, Alavabusen linea erregularren bitartez geltoki hori urtero erabiltzen duten 200.000 bidaiari baino gehiagori zerbitzua emateko.