Akordioa Santurtziko auzo kaltebera baten hiri-berroneratzerako zuzeneko dirulaguntzarako (Gobernu Bilera 2021-12-21)

fotoconsejo.jpg

2021-12-21

Gobernu Kontseiluak, gaur, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, akordioa sinatu du, Santurtziko Udalari 3,42 milioiko zuzeneko dirulaguntza bat emateko, Aurora Vildosola auzoan hiri-berroneratzerako proiektu bat abian jartzeko.

Santurtzin Aurora Vildosolako auzoa kalteberatasun handikoa bezala identifikatu da; aurretiko analisien arabera, etxeko batez besteko errenta ez da urtean etxebizitzako 15.000 euro baino gehiagokoa. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko dirulaguntza Aurora Vildosolako 104 etxebizitzatan birgaitze lanak aurrera eramatera zuzenduta dago. Horretaz gain, auzoko bulegoa sortuko da (opengela izenez ezagutzen dira), auzokide eta erkidegoei laguntza eta aholkularitza emateko, obrak nola egin eta finantzatu jakiteko, eta zailtasun ekonomiko gehien duten familiei jarduketak ordaindu ahal izateko finantzaketa osagarria bermatzeko funtserako sarbidea emango zaie.  

Udal honetako dirulaguntza Ezkerraldea-Meatzaldeako beste hiru udali –Abanto-Zierbena, Trapagaran eta Portugalete- gehitu da. Guzti hauekin EAEn hiria berroneratzeko proiektuak dituzten udalerrien sareko auzo kopurua areagotu ahalko da. Une honetan, Bilbokoa, Durangokoa, Eibarkoa eta Lasarte-Oriakoa daude martxan; ekimen horien bidez, 741 etxebizitzatan bizi diren 2.000 pertsona ingururen bizi-kalitatea hobetzen ari da. 

Ezkerraldea-Meatzaldeko lau udalerriak Berpiztu programako funtsen onuradun diren lehentasunezko arreta-eremuen barruan daude; haien bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 14 milioi euro bideratuko ditu 2021aren eta 2023aren artean EAEko auzoetan hiria berroneratzeko jarduketak sendotzera.