Adinekoen artean nahi eztako bakardadea prebenitzeko gakoak

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea.

'Adinekoen bakardadea prebenitu eta arintzea. Lagun-egite prozesuetan boluntarioek duten rol bakarra' izeneko txostenaren azaleko irudia. Cáritas Española, 2021

'Adinekoen bakardadea prebenitu eta arintzea. Lagun-egite prozesuetan boluntarioek duten rol bakarra' izeneko txostenaren azaleko irudia. Cáritas Española, 2021

Cáritas Españak (leiho berri batean irekitzen da) gogoeta egin du nahi eztako bakardadeaz adinekoek duten bizipenari buruz, eta gakoak eman ditu hori prebenitzeko eta esku hartzeko, boluntario-taldeek lagun eginda.

Nahi gabeko bakardadearen fenomenora hurbiltzeko, azterlanean, lehenik eta behin, bakardadea definitzen da, bakarrik egotearen eta sentitzearen arteko bereizketatik abiatuta: bakarrik egotea norberak bilatzen duen hautua dela jotzen da (batzuetan, baita desiratua ere), esperientzia positibo eta gogobetegarri bihurtzen dena. Hala ere, egoera batzuetan gizabanakoak ez du bakardadea desiratzen, eta, beraz, ondoeza eragiten duen sentipen negatibo bihurtzen da. Txostenean adierazi bezala, 'gehiago edo gutxiago gustatu dakiguke bakarrik egotea, baina inori ez zaigu gustatzen bakarrik sentitzea; bakardade-sentimendua beti da esperientzia desatsegina, deserosoa eta mingarria, eta, bitxia bada ere, jende artean egonda ere gerta daiteke' (Caritas España, 2021).

Bakardade-sentimenduan eragiten duten faktoreen artean, hiru aipatzen dira gertaera hori hein handi batean azaltzen dutenak:

  1. Harremanetarako nahi eta beharrek bat egitea: bakardadea norberak hautatua ala inposatua izan den bizipenarekin du zerikusia. Hau da, ea bizipen hori norberak bakarrik egotea aukeratu duelako den (borondatezkoa, askea eta pertsonala), edota harreman sozialik ez edukitzeagatik edo harremanak ahulak izateagatik hartara behartuta sentitzen den.
  1. Harreman sozialen kalitatea: aurrekoaren ildotik, harreman sozialak edo lagunak edukitzeak ez du esan nahi pertsona hori bakarrik sentitzen ez denik. Ez du ezertarako balio inguruan jendea edukitzeak haiekiko harremana ez bada afektu, ulermen edo konfiantzazko loturan oinarritzen, edo, bestela esanda, harreman-lotura horiek kalitaterik ez badute.
  1. Bakardadearen iraupena: ez da gauza bera bakardadea aldi baterako esperientzia dela jakitea, laneko, oporretako eta abarretako gorabeherengatik, edota bizipen iraunkorra dela jakitea, egoera aldatu delako (alarguntzea edota ondorengorik, adiskiderik ez edukitzea, etab.).

Ikuspegi horretatik, azterlanak dio bakardade-sentimendua sortzen dela desoreka dagoenean pertsona batek dauzkan eta eduki nahi lituzkeen harremanen artean. Harreman sozialak espero baino gutxiago badira, pertsona bakarrik sentituko da.

Sentimendu hori areagotu egiten da adinekoen taldean; izan ere, bakardade-sentimendua adinekoena soilik ez bada ere, urteak igaro ahala egoera jakin batzuk agertzen dira, eta, ondorioz, zahurgarriago bihurtzen gara nahi eztako bakardadearen aurrean. Faktore horien artean, hauek nabarmentzen dira: erretiroa hartzea, bikotekidearen edo hurbileko senideen heriotza, lagunartea murriztea edo galtzea, osasuna narriatzea, etxebizitzaz aldatzea, oztopo arkitektonikoak egotea, familiako zaintza-sisteman aldaketak gertatzea, edo bakardadea zahartzaroak berekin dakarren zerbait dela uste izatea.

Halaber, azterlan ugarik egiaztatu dute nahi gabeko bakardadeak kalte egiten diola pairatzen dutenen osasunari, eta osasun fisikoan eta psikikoan ondorioak dituela (besteak beste, ondorio txarrak immunitate-sisteman, bihotzeko arazoen prebalentzia areagotzea, hipertentsioa, edo depresio, narriadura kognitiboa edo adikzio-arazoak izateko arrisku handiagoa, etab.); oso garrantzitsua da prebenitzea eta esku-hartzea.

Ildo horretatik, Cáritasek garaturiko Gizarte Ekintzarako Ereduak (GEE) nahi eztako bakardade-egoerak pairatzen dituzten adinekoei lagun egitea du oinarri, bakardade hori prebenitzeko eta hari atzean eusteko metodotzat. Eredu hori premisa hauetan oinarritzen da:

  • Banakoaren trebetasunak eta autonomia pertsonala sustatzea, nor bere prozesuaren protagonista bihurtuz, gaitasunak indartuz eta nork bere erabakiak hartzea eta helburuak ezartzea sustatuz.
  • Ekintza esanguratsuak sustatzea, bizi-zikloaren edozein etapatan dauden adinekoak gizarteratzeko eta bizitza bete eta kalitatezkoa izan zezaten.
  • Ikuspegi komunitarioa eta ikuspegi inklusibo eta integratzailea, komunitatean loturak ezartzen eta gizartean parte hartzen laguntzeko adinekoei.

Eta, horretarako, boluntariotza dute oinarri, harreman esanguratsuak eskaintzen dituzten aldetik, askatasunez aukeratutako harremanak direla jotzen baita, hots, tartean helburu ekonomikorik edo bestelakorik ez dagoelarik eta  ulermen-, konfiantza-, adiskidetasun- eta antzeko sentimenduak eragiten dituztela: funtsezko elementuak, hain zuzen, nahi eztako bakardadetik babesteko.

Halaber, boluntarioek eskaintzen duten laguntza aske, konprometitu eta doakoari esker, kalitatezko harremanak gararazteaz gain, pertsonak komunitatearekin lotzen ditu, gizarteratzen lagunduz hala.

Adinekoei lagun egiteko orduan, honako alderdi hauek hartzen dira kontuan GEE ereduan: beti pertsona bera izatea laguntzaile, harremana iraunkorra izatea (emankorra bada), bisitak maiz eta aldiro-aldiro egitea, boluntarioa komunitate-ingurunekoa izatea, eta boluntarioak adinekoaren autonomia erraztea.

Lagun egite hori zertan datzan eta boluntarioari zein zeregin ez dagozkion ere ezartzen du, halaber, ereduak, eta azpimarratzen du lagun egite horrek, beti, adinekoen bizitzako beste eragile aktibo batzuen lanaren (familiaren, bizilagunen, gizarte-zerbitzuen, edo besteren baten) subsidiario eta osagarri izan behar duela.

Azkenik, boluntarioen bidez eskainiko den laguntza abian jartzeko orduan kontuan hartzekoak diren alderdiak ere adierazten ditu azterlanak; besteak beste: bakoitzaren bakardade-egoeraren araberako premiak detektatzea, prozesuan parte har dezaketen eragile komunitario eta soziosanitarioak identifikatzea, boluntarioak sentsibilizatu eta prestatzea tokatzen zaien zereginean, proiektua hedatu eta etengabe ebaluatzea eta koordinatzea.

Txosten osoa kontsultatu nahi baduzu, sakatu hemen (leiho berri batean irekitzen da).