Adierazle ekonomikoen asteko laburpenak negozio-zifrak eta atzerritarren afiliazioaren igoera jasotzen ditu gaur

2021-06-25

Adierazle ekonomiko garrantzitsuenen asteko laburpenak hiru atal jasotzen ditu gaurkoan. Alde batetik, industriaren negozio-zifrari erreparatzen dio. Negozioen-zifra pandemia aurreko egoerara itzultzeko urratsak ematen ari da. Apirilean 108,8 puntura iritsi zen, iazko hilabete berean baino askoz gehiago (56,7), baina, oraindik, 2019ko 112,6ra iritsi gabe.

Bigarrenik, beste negozio-zifra bat jasotzen du; kasu honetan, zerbitzuena. Sektorea pixkanaka suspertzen ari dela ikusten da. 113,6 puntu lortu ditu aurtengo apirilean, 2019an 117,5 puntu izan ziren.

Azkenik, Euskadiko atzerritarren afiliazioari erreparatzen zaio. Afiliazio hori %7,9 igo da urte arteko datuan. Horrela, 71.000 afiliatu baino pixka bat gehiago ditu kolektibo horrek, inoiz izan den kopururik altuena.

Asteroko laburpen hau, “Astekonomia” izena duena, Ekonomia Zuzendaritzak egiten du, eta gutxi gorabehera minutu bateko iraupena duten bideo hauen oinarria da. Horrela, Ekonomia eta Ogasun Sailak mota honetako edukiak hedatzeko modu berri bat jarri du martxan. Helburua edukion irismena zabaltzea da; kasu honetan, ikus-entzunezko formatuan. Bideo hauek Sail honek sare sozialetan dituen profiletan partekatzen dira (Instagram, Lindekin eta Twitter, batez ere), baita Irekian ere.