Adierazle ekonomikoen asteko laburpenak euskal aireportuetako, automobilgintza-sektoreko eta esportazioetako joan-etorriak jasotzen ditu gaur

2021-06-18

Adierazle ekonomiko garrantzitsuenen asteko laburpena hiru ataletan banatzen da, gaur. Alde batetik, maiatzean euskal aireportuetatik zenbat lagun mugitu ziren jasotzen da. Iazko maiatzeko datuekin alderatuta, aurrerapen handia egon da (117.000 pertsona). Hala ere, oraindik orain, egoera normaltasunera itzultzeko asko falta da. (2019ko maiatzean ia 600.000 pertsona izan ziren).

Bigarrenik, autoen matrikulazioari jartzen zaio arreta. Aurtengo maiatzean 2.543 auto matrikulatu dira Euskadin, iazko hilabete berean baino gehiago (1.768). Aitzitik, oraindik, 2019ko maiatzean (4.421) edo aurreko bost urteetakoetan lortutako emaitzetatik urrun egoten jarraitzen dugu.

Azalpen-bideo honetan jasotako hirugarren atala euskal esportazioei buruzkoa da. Aurtengo apirilean 2.034 milioi eurora iritsi da horien zenbatekoa. Horrela, pandemia aurreko urteetan atzerrira esportatutako kopuruetara hurbildu da: 2019an 2.227 milioikoak eta 2019an 2.067 milioikoak izan ziren horiek. Bestalde, inportazioak 1.639 milioikoak izan ziren. Horri esker, apirilean merkataritza-saldoak (esportazioak ken inportazioak) 394,3 milioiko balantze positiboa izan zuen Euskadin.

Asteroko laburpen hau, “Astekonomia” izena duena, Ekonomia Zuzendaritzak egiten du, eta gutxi gorabehera minutu bateko iraupena duten bideo hauen oinarria da. Horrela, Ekonomia eta Ogasun Sailak mota honetako edukiak hedatzeko modu berri bat jarri du martxan. Helburua edukion irismena zabaltzea da; kasu honetan, ikus-entzunezko formatuan.

Bideo hauek Sail honek sare sozialetan dituen profiletan partekatzen dira (Instagram, Lindekin, Youtube eta Twitter, batez ere), baita Irekian ere.