999.804 euro Lanbide Heziketako ikasleen enpresetako egonaldietarako (Gobernu Bilera 2021-9-7)

fotoconsejo.jpg

2021-09-07

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2021-2022 ikasturtean iraila-martxoa bitarte Lantokiko Prestakuntza deritzon modulua egingo duten Lanbide Heziketako ikasleentzako enpresako egonaldirako beken deialdia egiten duen Agindua.

Era honetan, eta deialdi honen bidez, laguntza hau jasotzen duten ikasleek aukera izango dute, beste hiru hilabetez, Lantokiko Prestakuntza modulua egin duten enpresan bertan egonaldia luzatu ahal izateko, aipaturiko modulua amaitu ondoren eta martxoan ebaluatu bitartean.

Laguntza hauek norgehiagokako lehian deitzen dira, eta orotara 999.804 euroko diru-kopurua dute. Hezkuntza Sailak 493 laguntza emango ditu deialdi honen bidez, eta onuradun bakoitzak 1.800 euroko kopurua jaso ahal izango du gehienez (600 euro hileko). Laguntzak bere barne hartzen du, onuradunak hileko jasoko dituen 600 euroez gain, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta ematea ere. 

Deialdi honen onuradun izateko, ikasleak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Euskadiko Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bateko bigarren mailan matrikulatua izatea 2021-2022 ikasturtean, eta irailetik-abendurako epean Lantokiko Prestakuntza modulua egitea.
  • Enpresak interesa izatea ikasleak egonaldia bertan egiten jarrai dezan.
  • 30 urte baino gehiago ez izatea 2021eko abenduaren 31n 

Lantokiko Prestakuntza modulua

Lanbide Heziketako ziklo guztiek dute, bigarren mailako ikasketa planean, Lantokiko Prestakuntza deritzon modulua. Enpresako ingurune errealean burutzen den prestakuntza praktikoa da hau, eta ikasten ari den heziketa zikloak dituen gainerako modulu guztiak gainditu ondoren egin ohi du ikasleak. 

Deialdi honen helburua da, egonaldia beste hiru hilabete ere luzatzeko aukera ematen duenez, Lanbide Heziketako ikasleen gaitasun profesionalak hobetzea, bai teknikoak eta baita zeharkakoak ere. Era horretan, ikasleei enplegagarritasuna eta lanerako sarbidea ere hobetu egiten zaizkie, titulua eskuratzen dutenerako.