627.900 euro Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko (Gobernu Bilera 2021-9-7)

fotoconsejo.jpg

2021-09-07

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetan ikas-ekinezko erregimenean Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 627.900 euroko zenbatekoa du. 

Deialdi honek bultzatzen dituen Lanbide-Heziketa Dualeko programek ikasleen prestakuntza bi eremutan lantzen dute: bai ikastetxean bertan, bai lantokian (enpresa). Lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak zein sozialak hobetzea dute helburu programok, ikas-ekinezko erregimeneko hasierako Lanbide-Heziketako titulu bat lortzeko, enpresan ordaindutako lan-jarduera batekin. Programa horietan parte hartzen duten ikasleek, beraz, Lanbide Heziketako ikastetxean jasotzen duten prestakuntza ekoizpen- eta lan-ingurune erreal batean jasotzen dutenarekin uztartzen dute. Horrek zuzenean dakar ikasle horiek hobeto prestatzea eta,  ondorioz, prestakuntza dualeko programetan parte hartzen duten ikasleek oso laneratze-tasa altuak izan ohi dituzte ikasketak amaitzean. 

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke Lanbide Heziketako zikloak (Oinarrizkoak, Goi-mailakoak edo Erdi-mailakoak) itunpean ematen dituzten Euskadiko ikastetxeen erakunde (edo pertsona) titularrak. Horretarako, 2021-2022 ikasturterako Hezkuntza Sailak onartuta eta baimenduta izan beharko dute ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Dualeko programa, ikastetxeak eta enpresa parte-hartzaileak elkarrekin lankidetzan egina izan beharko duena.