2021eko Indartu programa: hamabi milioi euro egoera ahulean dauden eskualdeetako industriaren eta langabezia-tasa handiena duten udalerrien laguntzetarako

2021-06-18

  • Laguntza horiek 2020-2024 “Euskadi martxan” gobernu-programaren helburua partekatzen dute: suspertze ekonomikoa sustatzea
  • Nerbioi ibaiaren Ezkerraldera eta Oiartzualdera eta EAEko urteko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietara bideratzen dira
  • Eskabideak aurkezteko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak sustatzen du Indartu programa. Programaren helburua da enpresei Nerbioi ibaiaren Ezkerraldean eta Oiartzualdean lehiakortasuna hobetzea eta garapen ekonomikoa ekarriko dituen ekoizpen-inbertsioa egiten laguntzea. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerriak ere jasotzen dira. Gaur argitaratu da EHAAn aurtengo urterako deialdia, eta, bihartik aurrera, eskabideak aurkez daitezke.

Indartu programaren dirulaguntzetara erauzketako, eraldaketako, ekoizpeneko eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuetako enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE) jo ahalko dute, bai eta  zerbitzu logistikoetako enpresek ere, garraioak izan ezik, baldin eta laguntzaren helburu diren inbertsioak Nerbioi ibaiaren Ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatzen badira. Halaber, oraindik eskualde ahul gisa katalogatu ez badira ere, Euskadiko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan inbertitzen duten enpresek ere jo ahalko dute. 

Enplegua sortzen duen ekoizpen-inbertsioaren sustapena Eusko Jaurlaritzaren jarduketa orientatzen duten ardatz estrategikoetako bat da. Zentzu horretan, Indartu programak lurralde-edukiko diskriminazio positiboa ezartzen du langabezia-egoera larrienean dauden eskualde jakinen alde. 2018ko deialditik, EAEko urteko batez bestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa zuten udalerriak izaten ziren kontuan; izan ere, EBk eskualde ahuletan aitortutako udalerrien antzeko egoeran daudela ulertzen da. Ekitaldi honetarako, COVID-19ak eragindako egoera oinarri hartuta, batez bestekotik gorako langabezia-tasa % 15ekoa izatea erabaki da. Ehuneko horrek jarraitzen du Europar Batasuneko irizpideekin bat etorriz.

Udalerrien zerrenda

Nerbioi ibaiaren Ezkerraldean eta Oiartzualdean laguntza horien ondorioetarako sartzen diren udalerriak honako hauek dira:

  1. a) Oiartzualdea (Gipuzkoa): Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.
  2. b) Nerbioi ibaia (Bizkaia): Sestao, Ortuella, Trapagaran, Abanto, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.

Eskualde ahultzat jo ez, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren urteko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerriak (EUSTATek ezarritako azken kalkuluaren arabera) honako hauek dira: Agurain, Asparrena, Labastida, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Laudio, Oion eta Zanbrana Araban; Atzentales, Balmaseda, Barrika, Basauri, Bermeo, Bilbo, Elantxobe, Galdames, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Ondarroa, Sukarrieta, Trutzioz, Urduña, Zalla eta Zaratamo Bizkaian, eta Soraluze Gipuzkoan.

Dirulaguntzetara jotzeko irizpideak

 Laguntzetara jotzeko, enpresa handiek gutxienez 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute; ETEek gutxienez 200.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute. Halaber, aurretik aipatutako onartutako gutxieneko inbertsioetara iritsi ez, baina, enpresa handien kasuan, gutxienez 25 enplegu sortzen dituzten enpresen eta, ETEen kasuan, gutxienez 5 enplegu garbi sortzen dituzten enpresen inbertsioak ere kontuan izango dira.

Gainera, enpresaren berezko baliabideak, dirulaguntzak kanpo utzita, gutxienez diruz lagundu daitekeela uste den inbertsioaren zenbatekoaren % 25era iritsi behar dira. Kontuan hartuko diren inbertsioak entitate juridiko bakarrak egin beharko ditu, eta, zenbait ekoizpen-zentro dituzten enpresa-taldeen kasuan –% 100eko akziodunen partaidetzarekin–, soilik arau honen eskakizunak bete eta inbertsioen helburu diren ekoizpen-zentroan edo -zentroetan. Eta, azkenik, entitate eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa oinarritu beharko dute.

Gehieneko dirulaguntza 3 milioi eurokoa izango da, enpresako, eta, enpresa handien kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10 lagunduko da diruz eta, ETEen kasuan, % 15.