Eusko Jaurlaritzak adimen artifizialean egindako lana saritu dute

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritza adimen artifizialean egiten ari den lana aintzat hartu du teknologia digitaleko industriaren Espainiako patronalak (Ametic) gaur Madrilen egin den sektorearen goi-bileran. Espainiako enpresa eta eragile garrantzitsuenen aurrean Itzuli Itzultzaile neuronala saritu dute, Jaurlaritzak arlo honetan egindako lanaren adibide gisa. Proiektu honek esparru desberdinetan izan duen ibilbidea, inpaktua eta erabilgarritasuna izan dira sariaren giltzarri.

Informazio eta Komunikazio Teknologien Zuzendaritzak sustatuta, duela urte t’erdi abiarazi zen Itzuli eta tarte honetan itzulpen automatikoak egiteko kalitate handiko tresna ezaguna eta oso erabilia bihurtu da. Proiektu gaztea izan arren, ibilbide oparoa izan du. Milaka erabiltzaile ditu egunero eta milioika kontsulta izan ditu. Etengabeko garapena izan du aplikatibo berriekin eta erreferentzia bihurtu da hainbat arlotan: hezkuntzan, osasunean, zerbitzuetan, finantza industrian… Egunero 200.000tik gora itzulpen egiten ditu, EAEn bi milioi eskas lagun bizi bagara ere.

Euskarazko eta gaztelerazko itzulpenak egiten ditu, baina baita zenbait kasutan frantsesezko eta ingelesezkoak ere. Denbora gutxian hizkuntza ‘nagusietan’ jarduten duten itzultzaileen maila eta kalitatea lortu du eta herritarren artean tresna ezaguna eta hedatua da, doakoa gainera. Azken hilabeteetan sakelakoetarako aplikaziotik ere erabil daiteke eta gainera transkripzioak eta sintesiak egin ditzake, guztiak adimen artifizialean oinarrituta.

EJIE Eusko Jaurlaritzako Sozietate Informatikoko ordezkari Oskar Guadillak jaso du saria gaur arratsaldez Madrilen izandako ekitaldian. EJIE Euskal Sektore Publikoak herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen digitalizazioan laguntzen duen sozietate informatikoa da eta bere lanaren azken uzta Itzuli izan da. Tresna adimentsuak herritarrei eskaintzea du helburu eta hor sartzen da Itzultzaile neuronala. Guadillaren esanetan, sari honek “berretsi egiten du adimen artifiziala eta tresna eta zerbitzu inteligenteak sortu eta herritarren eskura jartzeko Jaurlaritzaren apustua”.

Telekomunikazioen, elektronikaren eta zerbitzu eta eduki digitalen arloan eraldaketa digitalean lider diren enpresak biltzen ditu Ametic elkarteak. Adimen artifizialari Ametic Sarien banaketa ekitaldia sektoreak urtero egiten duen AIAMSummit21 goi-bileraren baitan izan da. Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteorde bigarrenak ireki ditu jardunaldiak.