200.000 euro doktore ikertzaileen mugikortasun-programarako (Gobernu Bilera 2021-10-19)

fotoconsejo.jpg

2021-10-19

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du doktore ikertzaileen mugikortasun-programarako dirulaguntzak arautzen dituen Agindua. 

200.000 euroko diru-kopuruarekin, deialdi honek dirulaguntzak eskaintzen ditu ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko –dedikazio esklusiboarekin-, I+G+i-ko erakunde eta zentroetako unibertsitate-irakasleen eta ikertzaileen mugikortasun geografikoa sustatzeko eta haien gaitasunak eta ikerketa-taldeen lehiakortasuna hobetzeko helburuz. 

Ikertzaileen mugikortasun-programa hau bi modalitatetan garatzen da:

  • A modalitatea, ikertzaile seniorren mugikortasunerako, langile iraunkorrentzat (150.000 euro)
  • B modalitatea, ikertzaile juniorren mugikortasunerako, langile ez-iraunkorrentzat (50.000 euro) 

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente gisa ziurtaturiko entitateak. Euskaditik kanpo kokatutako ikerketa zentroetan egonaldiak egingo dituztenak, aldiz, laguntzen eskatzaile den entitatearekin lan-harremana duten ikertzaileak izango dira. Euskal ikertzaileak maizen mugitu izan diren ikerketa zentroak honako herrialde hauen egon ohi dira: Erresuma Batuan, Alemanian, Amerikako Estatu Batuetan, Australian, Txilen, Kanadan, Suedian, Danimarkan, Errusian edo Zeelanda Berrian, besteak beste. Ikertzaile horiek doktore izan beharko dute, eta laguntza jasoko duen entitatean gutxienik bi urteko antzinatasuna. 

Destinoko zentroan egingo duen egonaldian, harrera-ekipoaren lan-ildoan integratuta dagoen ikerketa-proiektu bat, edo trukeak eta maila handiko lotura zientifikoak ezartzera bideratutako beste jarduera batzuk egin beharko ditu ikertzaileak. Egonaldi hau 2022 urtean burutu beharko da, eta gutxienik bi hilabete eta gehienez sei hilabeteko iraupena izango du. 

Ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira, ikerketa sustatzeko Hezkuntza Sailaren lan-ildoen baitan, komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.