2,8 milioi euro doktoretza-ondoko hobekuntza-programaren beketarako (Gobernu Bilera 2021-07-06)

logoconsejo.jpg

2021-07-06

Berritasunen artean, aurtengo deialdiak %6 igoko du programako hirugarren urtean dauden ikertzaileen ordainsaria; lehen bi urteetarako laguntza osagarri bat izango da, alokairu gastuetarako

2020-21 ikasturte honetan, 64 ikertzaile dira doktoretza-ondoko laguntzen onuradun, programa honen bidez 

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2021-2022 ikasturtean ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programarako laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 2.824.460 euroko zenbatekoa dauka. 

Programa honek doktoretza-ondoko lehen fasean dauden ikertzaileen hobekuntzarako bide bat eskaintzen du, gehienez ere hiru urteko iraupena izan dezakeena. Doktoreak lan-kontratua sinatu beharko du ikerketan diharduen euskal entitateren batekin. Entitate hau izan daiteke unibertsitatea, ikerketa zentroa edo osasun arloko ikerketarako institutua, I+Gean egiaztatutako jarduna duena. Ezarpen-zentro honek egoitza Euskadin izan beharko du eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen agente gisa egiaztatuta egon beharko du. 

Lau jarduera-lerro ditu programak. Bi lerro ikerketa orokorreko eremuan (laguntza berriak edo laguntza-berritzeak) eta beste bi lerro, berariazko ikerketaren eremuan (laguntza berriak edo berritzeak):

  • Ikerketa orokorreko eremua (laguntza berrien lerroa), ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 960.100 euro gordetzen dira lerro honetarako.
  • Ikerketa orokorreko eremuan (laguntza-berritzeen lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Zenbateko osotik 1.710.960 euro bideratzen dira lerro honetara.
  • Berariazko ikerketan (laguntza berrien lerroa) ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 115.000 euro gordetzen dira lerro honetarako.
  • Berariazko ikerketan (laguntza-berritzeen lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Zenbateko osotik  38.100 euro bideratzen dira.  

Lerroak:

Total (€)

   Ikerketa orokorra, laguntza berriak

960.100

   Ikerketa orokorra, laguntza-berritzeak

1.710.960

   Berariazko eremuetako ikerketa (Neutronika eta Hezkuntza), laguntza berriak

115.300

   Berariazko eremuetako ikerketa, laguntza-berritzeak

38.100

Guztira

2.824.460 €

Ikerketa orokorreko laguntzak, honako ezagutza-arlo hauetako doktoretza-ondoko ikerketak burutzeko eskatu ahal izango dira: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; edo Gizarte Zientziak eta Humanitateak. 

Hezkuntzako ikerketa, ikerketa estrategikoaren arlo gisa

Berariazko ikerketaren eremuan, datorren 2021-2022 ikasturterako deialdi honek neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko diru-laguntza lerroari eusten dio. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko ere abagunea eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko. Ekimen hau, gainera, ikerketa estrategikoak bultzatzeko Hezkuntza Sailaren Ikur Estrategia berriaren baitan kokatzen da. 

Neutonikoarekin batera, deialdi honetako berritasun gisa eta berariazko ikerketa eremuaren barruan, Hezkuntza arloa ere sartu da ikerketa-ildo berri gisa. Helburua hezkuntzaren arloko ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzea da, hala nola digitalizazioa (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea STEAM proiektuen bidez; edo kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta. 

Arlo hau balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da I+G+b-ren etorkizunerako, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan. EAEn arlo honetako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak bere egiten dituen politikaren barruan. 

Hirugarren urteko ikertzaileen ordainsariak % 6 igotzea

Gorago aipaturiko ezarpen-zentroren batekin lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna. Baina ezarpen-zentro horrez gain, doktoreak atzerriko zentro bat ere izango du, eta bolada baterako hara lekualdatuko da bere ikerketa lana burutzera. Atzerriko zentroak ere unibertsitate edo ikerketa-zentroak izango dira. 

Kontratua sinatzearekin, laguntza emateko arrazoi izan den ikerketa-proiektua esklusibotasunez egiteko konpromisoa hartzen du doktoreak. Kontratu honen iraupena urtebetekoa izango da, baina urtebeteka luzatu ahal izango da berrituz gero, gehienez ere 36 hilabete arte. 

36 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da gehienez, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa  utzita,  ikerketa-proiektu  bat  gauzatzeko.  Bigarren  fasea,  berriz,  12  hilabetekoa  izango  da gehienez; fase horretan, ikertzailea Euskadiko ikerketa-talde batean sartuko da. Lehen bi urte horietan laguntzaren onuradunak atzerriko zentrora urtean joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko osagarri bat izango du. 

Berritasun gisa, deialdi berri honek %6 igoko du doktoretza-ondoko ikertzaileek programaren hirugarren urtean jasotzen duten laguntza. Igoera honen bidez, nazioarteko esperientzia duten ikerlarien ordainsariak hobetzen dira, lekualdatutako euskal herritarren itzulera-politika indartzen da, eta euskal sistema zientifikoan integratzen dira hauek. 

Horrez gain, eta hau ere berritasuna da, 2021etik aurrera, laguntza osagarri bat ematen zaie onuradunei, lehen bi urteetako alokairu-gastuetarako, atzerriko joan-etorrien eta egonaldien eragin ekonomikoa murrizteko. 

64 ikertzaile

2020-2021 ikasturte honetan, 64 euskal ikertzaile dira doktoretza-ondoko laguntza hauen onuradun: 25 ikertzaile, onuradun berriak dira, eta gainerako 39 ikertzaileek laguntza berritu egin dute. Gaur onartutako deialdiari esker, 2021-2022 ikasturtean 28 ikertzaile berri kontratatzea ahalbidetuko da (hau da, aurreko deialdiarekin alderatuta % 7,5 gehiago), bai eta doktoretza ondoko 44 kontratu berritzea ere; hala, programak 72 ikertzaile izango ditu jardunean ikasturte berrian. 

Programa honen bidez, Hezkuntza Sailak ikertzaileen prestakuntzan kalitatearen eta eraginkortasunaren aldeko apustua egiten duen eredu bat sustatu nahi du. Era berean, urtero ebaluatu daitekeen lan-kontratu baten bidez, ikertzaileak mundu profesionalaren errealitatera hurbiltzen ditu, eta zientziaren eta teknologiaren alorrean  ikertzaile belaunaldi berri bat sortzea sustatzen du. Programak, funtsezko lau elementu ditu oinarrian: belaunaldien arteko erreleboa; Euskadiko I+G+bren jarraikortasuna; nazioartekotzea eta bikaintasunezko ikerketa eremu berriei bultzada ematea.