Donostiako LAU HAIZETARA dokumentalen foroaren aurreko edizioetan aurkeztutako proiektuek beren bidea egiten jarraitzen dute
- DataAbenduak 17
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren aurreko edizioetan parte hartu zuten eta gaur egun garapen- edota produkzio-egoeran dauden proiektu dokumental asko amaituta edota estreinatuta daude jada. Hasieratik, 70 proiektu baino gehiago burutu dira arrakastaz foro honetan jasotako bultzadari esker, eta ibilbide zabala izan dute azkenean.
Commisioning Editors-en zein bertaratutako publikoaren aldetik beren hurrenez hurreneko edizioetan harrera ona izan zuten proiektuak ditugu. Honako hauek nabarmendu ditzakegu berrienen artean:
THE SETTELEMENT (HAFREIAT): Alex Sardà-rena, 15L FILMS etxeak produzitu du, iaz parte hartu zuen Lau Haizetara Foroan eta publikoak berehala izango du ikusteko aukera. Al Jazeera Documentary atalak babesten du, honako hauen laguntzarekin: CSIC, FECYT, Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioa eta The Jordan Film Fund (RFC). Abo Dya deitutako langile baten egunerokoaren jarraipena egiten du dokumentalak; Jordaniako iparreko arkeologia-aztarnategi batean lan egiten du protagonistak, bere iragan nahasia atzean uzteko borrokan. Post-produkzioko azken fasean dago dokumentala.
MAGALUF GHOST TOWN: Miguel Ángel Blancak zuzendutako eta Boogaloo Films, Little Big Story eta Mosaic Producciones etxeek produzitutako dokufikzio honek 2019an parte hartu zuen Lau Haizetara Foroan. Kanadako Hot Docs zinema dokumentaleko jaialdi ospetsuan eman zitzaion ezagutzera mundu osoari eta lehiaketan parte hartu du Olatu Berriak Fikziorik Ez atalean Sevillako Zinema Europarreko Jaialdian. 2021eko azaroaren 26an estreinatu dute zinta Espainiako aretoetan. Neurririk gabeko gau-entretenimenduan oinarritutako lowcost turismoaren Europako paradigma ardatz hartzen duen erretratu korala aurkezten digu, misterio-tonu batetik. Jasotako errekonozimenduen artean Tesalonikan lortutako Nazioarteko Film Onenaren Saria nabarmentzen da.
SHOOTING FOR MIRZA: Juan Gautier-ena, Dynamite Films eta Udru?enje ‘Mirza Delibaši?-Kin?e’ etxeek produzitutakoa, 2019an parte hartu zuen Lau Haizetara Foroan eta Sarajevoko Zinemaldian estreinatu zen duela hiruzpalau hilabete. Albaceteko Zinemaldian ere izan zen, Valladolideko Nazioarteko Zinemaldiaren 66. edizioaren DOC. Espainia atala ireki zuen eta Gijongo Zinemaldian parte hartu du. 70eko hamarkadako saskibaloiaren mitoetako bat den Mirza Delibaši?-en Danko semea du protagonista dokumentalak. Kirolariak dena irabazi zuen bere karreran eta bere herrialdeko mito bihurtu zen Sarajevoko gerran bere herrian geratzea erabaki ondoren. Garuneko infartu batek kendu zion bizia 47 urte zituenean.
THE GOUROUGOU TRIAL: Simón Casal-ek produzitua, 2019an parte hartu zuen Lau Haizetara Koprodukzio Foroan eta amaituta dago. Dokumentalak 35 minutu izan ditu azkenean, hortaz, film ertain bat edo film labur dokumental bat da. Oraindik ez da zinemaldietan estreinatu baina nazioarteko salmentak egiten ari dira Feelsales agentziarekin eta mundu osoan SVOD plataforma batean banatzeko saldu da jada, 2022ko apirilean estreinatzeko aurreikuspenarekin. Bi immigratzaile afrikarren istorioa kontatzen digu; biek, giza eskubideetako beste bi abokaturen laguntzarekin, aurre egingo diete agintari espainiarrei, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean eskubideak izateko beren eskubidea erreklamatuz. Europaren funtsezko balioak eta eskubideek kontinente osoan duten etorkizuna proban jartzen duen kasu bat.
THE MYSTERY OF THE PINK FLAMINGOS: 2018an Forotik igaro ondoren, 2020ko azaroaren 20an iritsi zen Espainiako pantailetara filma Versus Entertainment etxearen eskutik, eta orduz geroztik asko izan dira jaso dituen sariak eta ezagutu dituen zinemaldiak. Austin-go (Texas) South By Southwest Festival zinemaldian estreinatu zen mundu osorako. Nantesko zinemaldian, eta BAFICI, Reindance Film Festival, FIPADOC eta In-Edit zinemaldietan hautatua izan zen. Goya Sarietan (13 izendapen) eta Gaudí Sarietan izendatua. Kitch ikono nagusiaren inguruan ardazten da dokumentala: flamenko arrosa. Javier Polo zuzendariak fenomeno soziokultural hori aztertzen du Rigo Pex-ek (MENEO) hasitako bidaia ohiz kanpoko eta bitxiaren bidez.
THE DEMOCRATIC HYPOTHESIS: 2018an Forotik igaro ondoren, koprodukzio hau (Sister Productions / Prima Luce / Irusoin eta Gastibeltza Filmak) amaituta dago jada eta 2022aren hasieran banatuko dela espero da. Euskal gatazkaren historia kontatzen du, Espainiako Gerra Zibiletik ETA erakunde politiko-militarrak alde bakarreko behin betiko armagabetzea deklaratzen duen arte 2017ko apirilean, eta ondorengo desegitera arte 2018ko maiatzean.
CANTO CÓSMICO. NIÑO DE ELCHE: Marc Sempere-k eta Leire Apellanizek elkarrekin zuzendutako dokumentala, azken urteotako musikari espainiar polemikoarengana ikuspegi kaleidoskopiko batetik hurbiltzen dena, haren esfera intimo eta familiarrenetik hasi eta haren unibertso poetikoaren erreberberazio ugariak ere barnean hartuta. Señor y Señora eta Código Sur etxeen produkzio bat da, ICAAren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin, eta Canal Sur katearen parte-hartzearekin. 2018an parte hartu zuen Lau Haizetara Foroan eta 2021eko urrian estreinatu zen Docslisboa Zinemaldian. Alternativa Zinemaldia “proiekzio berezia”, Sevillako Jaialdia “Olatu Berriak Fikziorik Ez” atala, Márgenes Zinemaldia itxi zuen eta berriki Florentziako Festival dei Popoli zinemaldian parte hartu du “let the music play” atalean. Espainiako zinema-aretoetan 2022ko otsailaren 4an estreinatuko da.
MATRIOSKAS, LAS NIÑAS DE LA GUERRA: 2018an Lau Haizetara Forotik igaro ondoren, Helena Bengoetxea zinemagile nafarraren film luze dokumentala azaroaren 17an estreinatu da ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioaren esparruan. Bengoetxearen lana gerrako lau neskei hurbiltzen zaie, Espainiako Gerra Zibilean Errusiara bidaliak izan ziren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Kubara emigratu zuten lau neskei, hain zuzen ere. Beren jatorrizko herrialdean ezezagunak diren erbestearen lau alaba.
LA FLOTA DE INDIAS: Antonio Pérez Molerok zuzendua eta Inicia Films etxeak produzitua, koprodukzioan Pecado Films, Virtual Art eta Trueday Films etxeekin, TVE, Canal Sur TV eta Telemadrid telebista-kateen parte-hartzearekin, eta Valentziako Generalitaten, Andaluziako Juntaren eta Kataluniako Generalitaten babesarekin, 2018an Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartu ondoren, Malagako Zinemaldian aurkeztu da. Amerikako aurkikuntzari esker ordura arte bereizitako eta bata bestearekiko inolako harremanik gabeko bi kontinente elkar ezagutzea eta elkarren artean konektatzea nola izan zen posible kontatzen digu. Nahiz eta benetako konexioak mende batzuk beharko dituen eraginkorra izateko eta, batez ere, hori posible egingo duen lotura-lokarria beharko du horretarako. Indietako flotak izango dira lokarria, historian izan den itsas sistema arrakastatsuenetako bat, zeinak, bi mende baino gehiago iraun zuen bere joan-etorri nekaezinarekin, azkenean Mundu Berria eraldatuko duen eta mundu osoaren globalizazio-prozesuari hasiera emango dion. Berriki proiektatu da Donostiako Aquariumenean, FICAB Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren programazioaren barruan.
AZTARNAK / HUELLAS: 2015ean Lau Haizetara Forutik igaro ondoren, Maru Solores-ek idatzitako eta José Mª Lara (Lumiere Produkzioak) zuzendutako dokumentala mundu osoari ezagutzera eman zaio Donostiako Zinemaldiko 69. edizioan, Zinemira Atalean. 2021eko urriaren 15ean estreinatu da aretoetan. Filmean, haur jaioberri baten ahotsa eta ama batena ditu bidelagun ikusleak aspaldian ahaztutako garai baterako bidaian; izan ere, bizitzaren lehen faseari –gogoratzen ez dugun faseari– eta horrek uzten dizkigun aztarnei buruzko dokumentala dugu.
LOBSTER SOUP: 2018an parte hartu zuen Lau Haizetara Foroan eta pitching jardunaldian aurkeztutako proiektu onenaren IBAIA Saria eraman zuen. 2020ko azaroan estreinatu ondoren, arrakasta handiko ibilbidea ari da izaten mundu osoko zinemaldi eta merkatuetan. (Klausurako filma 2020ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Zinemira atalean, DocsValència ekitaldiko Dokumental Onenaren Mirades Saria; Panorama Atala, DocsBarcelona; Reikiavik-eko (Islandia) Nazioarteko Zinemaldia; Taipei Golden Horse, Taiwan; Panorama European Film of Egypt, Egipto; Bergamo Film Meeting, Italia; Catstrand Midwinterko (Erresuma Batua) Zinemaldia. Filmaren jokaleku den gunea, Bryggjan kafea, Islandian???, herriaren bihotza da. Arrantzale zaharrak, musikari eroak, boxealariak, elfoak... Giza komunitateei buruzko komedia atsegingarria.
ARZAK, SINCE 1897: Bainet etxeak produzitutako eta Barton Films etxeak banatutako dokumentalak foroaren hamalaugarren edizioan parte hartu zuen eta 2020an aurkeztu zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldian lanaren nazioarteko estreinaldirako, Culinary Zinema atala inauguratuz. 2020ko urriaren 9an estreinatu zen zinema-aretoetan. Juan Mari Arzak eta haren alaba Elena Arzak dira dokumentalaren protagonistak, eta Ferran Adriàk, Pedro Subijanak, Joan Rocak, Karlos Arguiñanok, Andoni Luis Adurizek eta Dabiz Muñozek ere parte hartzen dute, sukaldaritzako beste zenbait izen handiren artean.
Urtero, Donostiako Lau Haizetara Foroan parte hartzeko hautatuko proiektuak pitching saioaren aurreko prestaketa-tailerretan parte hartzen dute. Tailer horietan, aholkularitza jasotzen dute dokumentalaren alorrean eskarmentua duten tutoreen eskutik, eta zenbait sari lortzeko lehiatzen dira. Treeline banaketa-enpresak eta IBAIA sariak emandako banaketako eta zinemaldietako aholkularitza-sari bat, 3.000 euroko zuzkidurarekin pitching jardunaldian aurkeztutako proiektu onenarentzat. Gainera, Donostiako Lau Haizetara Foroaren, eta FIPADOC Biarritz, eta DocsBarcelona ekitaldien arteko ohiko kolaborazioekin jarraituz, foroaren azken edizioan egon diren proiektuen arteko batzuek bi zinemaldietan parte hartzen dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.lauhaizetara.eu


