Ostegunetik aurrera, giza eskubideei buruzko "Ura, emakume izena" erakusketa jarriko da ikusgai Montehermoson

  • Ostegunetik aurrera, giza eskubideei buruzko

  • DataAbenduak 9
  • Gaia Ikusizko arteak

Montehermoso kulturuneak “Ura, emakume izena” deritzon erakusketa hartuko du abenduaren 10etik aurrera —Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna—. Medicus Mundi Arabak aurkeztutako proiektua da, eta Nuria Conesa arduratu da koordinazio artistikoaz; ehungintzan espezializatutako artista eta artisaua da, eta hiru hamarkadatik gorako ibilbidea du.

Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak —Jon Armentia zinegotzia buru— antolatzen du Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa deituriko deialdia, Montehermoso kulturunearekin batera, eta aurtengoa bederatzigarren edizioa da.

“Ura, emakume izena” proiektu artistikoak ura izateko giza eskubidearen inguruan sentsibilizatu nahi du, eskubide hori ez betetzeak emakumeengan duen eragina azpimarratuz. Proiektu kolektibo horretan, Nuria Conesaz gain, ehungintzarekin lotutako arte-modalitate desberdinak lantzen dituzten beste emakume artista batzuek ere sortu dituzte lanak. Nabarmendu beharra dago, orobat, hiriko ikastetxeak aktiboki inplikatu direla, bereziki Ekialdea bigarren hezkuntzako institutua.

“Beka honen bidez, gaur egun giza eskubideak munduan zertan diren hausnartzeko eta egoera hori kritikoki aztertzeko behar den esparrua sortu nahi dugu. Eta arte ekintza garaikideen bitartez egin, askotariko adierazpideak baliatuz. Kontzientziak kitzikatzea da asmoa, emozioak eta sentipenak abiapuntutzat hartuz, baita arteak sortzen duen gogoeta berezi hori ere“, nabarmendu du Lankidetzarako zinegotzi Jon Armentiak.

Ura eskuratu ahal izatea garapenaren erronka handietako bat da; ez alferrik, Nazio Batuek 2010ean onartu zuten ura izateko giza eskubidea, eta Garapen Jasangarrirako 17 helburuetako bat da, 6.a, hain zuzen ere: “pertsona guztientzako uraren eta saneamenduaren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria bermatzea”. Bestetik, Gasteizko Udalaren lankidetzarako lehentasunetako bat da, eta AMVISAren laguntza tekniko eta ekonomikoa ere badu ildo hori garatzeko. Esperientzia horrek egunero berresten du, proiektuz proiektu, emakumeak eta neskak direla ur-bilketaren pisu osoa hartzen dutenak zerbitzurik ez dagoen lekuetan, eta eraikitzen diren ur-sistema horien kudeaketan inplikatuta egon behar dutela.

“Ura, emakume izena” erakusketa bihar inauguratuko da Montehermoson, 20:00etan; zentroaren lehen solairuan egongo da ikusgai, eta sarrera librea izango da. Urtarrilaren 16ra arte (igandea) bisitatu ahal izango da. Bisita gidatuak ere antolatuko dira.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri