Aitor Merino: "Errealitateari buruzko filma da 'Fantasia'"
- DataAzaroak 26
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Aitor Merinok "Fantasia" film luze dokumentala estreinatu du Malagako zinema jaialdian, izen bereko ontzian familian egindako itsas bidaia batean jaiotako lana.
Gurasoen urrezko ezteiak ospatzeko antolatu zuten itsas bidaian eraman behar zituen ontziak "Fantasia" izena zuela jakin zuenean, Aitor Merino aktore eta zinemagileak (Donostia, 1972) argi izan zuen izen hori berori izango zuela esperientzia horretatik aterako zen pelikulak.
2015eko ekainean izan zen aspaldidanik bananduta (aita-amak Iruñean, Aitor Madrilen eta Amaia arreba, hori ere zinemagilea —"Non dago Mikel?"...—, Ekuadorren) bizi den familiaren topaketa hori, eta, gurutzaldiaren argi itsugarriak dena desitxura ez zezan, Aitor Merinok egunerokotasuneko hainbat begirada ere jaso zituen bidaiatik bueltan, Iruñeko etxean, filma osatzeko: eguzkiaren, beroaren, bozkarioaren eta fantasiaren bestaldean, zahardadea, Iruñeko abenduko hotza, absentziak eta errealitatea.
Malagan harrapatu dugu Merino, EITBren parte-hartzea duen pelikula bertako zinema jaialdian aurkezten ari dela.
Iritsi da "Fantasia" erakusteko ordua. Zelan bizi izan duzue Malagako estreina?
Ilusio handiarekin. Duela sei urte hasi ginen bidaia egiten "Fantasia" itsasontzian gurasoak, Amaia eta laurok, eta talde osoa batu gara Malagan, bertan estreinatzeko. Oso pozik gaude!
Hasieran, asmo jakinik gabe eraman zenuen kamera itsas bidaiara. Noiz konturatu zinen pelikula bat zegoela hor?
Hasieran ez nekien honetatik guztitik pelikula bat aterako zenik. Kamera eraman genuen bidaiara, eta bihurrikeriatxotan ariko baginen bezala hasi ginen grabatzen.
Lehendabizi, itsasontziak piztu zigun arreta, giro baldar eta koloretsuak. Baina kamera, nire begirada, gurasoengana joan zen pixkanaka, eta egun horietan gertatu ziren gauza ederrak harrapatu genituen. Orduan konturatu nintzen pelikula bat egin genezakeela, eta dokumentaltxo bat egingo genuela erabaki nuen.
Hurrengo neguan, Amaia Ekuadorren bueltan eta ni Madrilen nengoela, pentsatu nuen "Fantasia" izeneko pelikula errealitateari buruzkoa izango zela.
"Asier eta biok"en egin zenuen bezala, oso modu egiatiaz jartzen duzu zeure burua kameraren aurrean, baina oraingoan baita arreba eta gurasoak ere. Zein neurritan beldurtzen zaitu horrek eta zer sari ekartzen dizkizu?
Bai, egia esan ez da erraza zeure buruaren eta maite dituzunen intimitatea kameraren aurrean erakustea, baina zertarako egingo duzu pelikula bat, erakutsiko duzuna zintzotasunez erakusteko ez bada?
Nire ustez, momentu horiek partekatzeak zentzua ematen dio lanari. Telebistan eta bestelakoetan, askotan ikusten dugu intimitatea diru truke, merkantzia bezala, erabiltzen dela; hemen, ordea, maitasuna erakusteko erabiltzen da intimitatea.
Horrek saritxoa ekartzen du, eta ikusleak eskertzen du zintzotasunez kontatutako istorioak aurkitzea.


