EKKI, euskal sortzaileen egile eskubideen bermearen alde lanean

  • EKKI, euskal sortzaileen egile eskubideen bermearen alde lanean

Egile eskubideak modu hurbilago eta gardenago batean kudeatzeko asmoarekin aurkeztu zen publikoki Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI) 2015. urtean. Hainbat traba eta oztopo gainditu ostean, etapa berri bati ekin diote, hazten zein euren lan-esparru desberdinak indartzen jarraitzeko. Jokin Erkoreka elkarteko koordinatzaile orokorrarekin mintzatu gara urte hauetan egin duten ibilbidea eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko.


Zein testuingurutan eta zein helbururekin sortu zen EKKI?

EKKI 2014an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko ekainaren 22an hartutako akordioa onartzen duen ekainaren 28ko 141/2011 Dekretuari esker. Honen bitartez, Jabetza Intelektualarekin zerikusia duten hainbat eskumen itzuli zitzaizkion Jaurlaritzari, barne egonik Kudeaketa Erakundeak baimentzea, beti ere nagusiki dagokion Autonomia Erkidegoan aritzeko bada. Horrek, praktikan, Euskal Herri osoko egile eskubideen agentzia izatea ahalbidetzen digu, eta are diasporakoa ere, izan euskaraz egindako sorkuntzan zein beste hizkuntza batzuetan ekoitzitakoan.

Eskumen honi esker, Jaurlaritzak 2014ko urriaren 20ko Ondare Zuzendariaren Agindu bidez baimentzen zuen EKKI Kudeaketa Erakunde bezala, Jabetza intelektualeko legeko eskubide guztiak kudeatzeko gaitasunez.

Erakundea hasieran kultura arloko elkarteen federazio bezala jaio zen: Idazleen Elkartea – EIE, Editoreen elkartea – EEE, Bertsozale elkartea, Musikari elkartea, eta Ilustratzaileen elkartea – EIPE. Horrexegatik, hain zuzen, eman zitzaion baimena egile eta bestelako eskubidedun mota guztien eskubideak kudeatzeko.


Zuen ibilbidea jarduteko legezko gaitasuna lortzeko eta aitortzeko lanari lotuta egon da. Zeintzuk izan dira zailtasun handienak eta zein unetan dago orain operadorea?

Erakundeak jasan dituen zailtasunak kanpoko Kudeaketa erakundeek jarritako trabekin lotuta egon dira, baita konpetentzia kasuekin. Erakunde horiek historikoki monopolioan kudeatu dituztenez dagozkien eskubideak, Eusko Jaurlaritzak emandako baimenaren aurka egin zuten haien pribilegio hori mantendu zedin.

Jaurlaritza izan da erreklamazio hauen hartzailea: kasu bat, Estatuaren Abokatuak konpetentzia arloan zabaldua Administrazio Auzibidean, zeina 2018an ebatzi zuen Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren alde; eta kasu bi, estatu mailako erakundeek beraiek zabalduak, EKKIren estatutuen aurkakoak, zeintzuetatik lehenengoa 2020an Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren alde ebatzi zuen, eta jada 2021 honetan, azkenik, gure alde ebatzi den osorik.

Zailtasun hauek, beraz, konpetentzia askea ahultzeko eta Jaurlaritzak Autonomia Estatutuaren arabera dagozkion konpetentziak era legezkoan gauzatzea ekiditeko esfortzu batetik datoz. Zorionez, justizia administrazioak, nahiz eta epe luzea hartu duen (2015ean zabaldu ziren kasu guztiak, eta 2021ean oraindik itxaroten gaude azkenaren ebazpena), Jaurlaritzaren eta EKKIren alde egin du beti.

Hortik sortutako trabak (nagusiki CISAC-eko kide izan ezin izatea, mundu mailako Kudeaketa Erakundeen koordinakundea hain zuzen) laster desagertuko dira.

 

[Ainara LeGardon musikaria eta Igor Estankona idazlea, Koldo Mitxelena Kulturunean egindako mintegi baten (2016). Argazkia: EKKI].


Jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketak sortzaileen egunerokotasunetik urrun egon ohi diren mekanismoak eta burokrazia ezagutzea dakar. Zein alderditan behar dute laguntza gehien egileek?

Gure bazkidegaien eta bestelako aholkularitza eskaleen kezka nagusia haien eskubideak ondo ez ulertzearen beldurra da, eta horren ondorioz erakundeak haien eskubideak zapaldu ditzala. Gure lanik garrantzitsuena, beraz, alderdi horretatik eraman dugu: batetik, aholkularitza opatuz musutruk bere eskubideak hobe ezagutu nahi dituen edozein sortzaile ala eskubideduni; eta bestetik, gure kudeaketa moldatuz bazkideek eskatzen dizkiguten gauzen arabera.

Hortik datoz obra bidezko kudeaketa, hau da, sortzailea ez derrigortzea inoiz sortu duen guztia gurekin altan ematera; kudeaketa malgua, zeinaren bitartez aukera ematen diogun bazkideari aukeratzeko non eta noiz nahi duen erakundeak esku har dezala, eta zein kasutan ez; erabilera zehatzagatiko kudeaketa, zeinak bermatzen duen ustiaketa zehatzak identifikatzea eta horiek bakarrik likidatzea erabiltzaileekin, ondoren banaketan gardentasuna erraztuz; eta printzipio demokratikoa, bazkide bakoitzari balio bera duen botoa opatuz Asanblada Orokorrean.


Zein da bazkideen profila? Zein kultura sektorek du ordezkaritza handiena?

Jabetza intelektualarekiko erlazioa oso desberdina da kultur industria bakoitzean. Kezka gehienak musikarien aldetik jasotzen ditugu, agian hedapen arin eta errazena duten obra motak direlako. Baina baditugu, era berean, idazleak, ikus-entzunezko egileak eta artista grafikoak, eta baita ere egile eskubideei lotuak zaizkien interpretatzaile eta ekoizle eskubideak dituzten hainbat pertsona fisiko zein juridiko.

Orokorrean, bazkidea artista independentea da, bere obrak bere kabuz ekoiztu, banatu eta hedatzen dituena, edozein dela diziplina artistikoa. Gogoa du bere egiletza-lanaren gainean kontrola izateko, eta bideak bilatzen ditu hori ziurtatzeko. Esango nuke orokorrean bat egiten duela Euskal Herrian gero eta gehiago ikusten den sortzaile profilarekin.


Duela gutxi euskal egiletza-lanen erabilerak identifikatzeko EKKIN tresna digitala aurkeztu duzue. Nola funtzionatzen du?

EKKIN plataforma metadatuetan aberatsa da, gure langileen eta bazkideen bitarteko elkarlanaz osatzen delako. Horrek baimentzen gaitu erabilera monitorizatzen duten enpresei datu-base oso konpletoa opatzen, eta haien lana errazten; bueltan datozenean, identifikazioak ere bermatzen du banaketa garden bat egingo dela.

Funtzionamendua hurrengoa da: bazkideak notifikatzen digu alta berria, eta berak ala guk igotzen dugu plataformara; bigarren azterketa bat dago beti, moderazio bat, ziurtatzeko datu guztiak egiazkoak eta zehatzak direla. Informazio honekin obrak igotzen ditugu identifikatzaileen datu-basera (BMAT). Informe horiek ala bestelakoak jasotzean (streaming plataformek ematen dituztenak, adibidez, zeintzuek ez dauden gure datuetan oinarrituta), beste hornitzaile batek (Rightmos) gure datu-basea hartzen du eta erabilera guzti horiek datu-basearekin konparatzen ditu, azkenik emanez zein den erabilera zehatza.

Datu honekin erabiltzaileei zehaztasunez kobratu ahal zaie, eta behin likidazioa eginda, diru-sarrerak zuzenean doazkio bazkide zehatzari. Lanean ari gara oraintxe irabazi hauek bazkideek plataforman ikus ahal ditzaten.

 

[Ainara LeGardon Bilboko Euskararen Etxean egindako beste mintegi batean, oraingoan Jokin Erkorekarekin (2017). Argazkia: EKKI].


Zer aukera zabaltzen dira tresna honen garapenarekin?

Aukera berri ugari daude. Batetik, sistema berritzailea eta aitzindaria da Europan (beste kudeaketa erakunde batzuek identifikazio zerbitzu hauetatik jasotako datuak erabiltzen dituzte banaketa egiteko, baina ez erabilera zehatzagatiko kobrantza bermatzeko); eta jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa eredu berri bat bultzatu dezake, EAE buruan jarriaz.

Bestetik, euskararen alde egindako bultzada da: EKKIren errepertorioan euskaraz dauden lanak berebizi etiketatzen dira identifikazio software-etara igotzean, eta hortaz euskarazko obretaz egiten den erabileraren inguruko datu hobe eta osoagoak jaso ditzakegu.


Zein eremutan garatu nahi du EKKIk bere lana etorkizunari begira?

Askotan! Nahiz eta helburu handiko enpresa garen, oraindik elkarte txiki bat gara, eta hainbat lan eremu daude garatzeke: dirulaguntza asistentzialak eta sormenerako pizgarriak bideratzea; gure ekintzen komunikazioa eta jabetza intelektualaren inguruko proselitismoaren irismena zabaltzea; eta erabiltzaileekin erlazio arin eta kalitatezkoa garatzea, haien egoera ulertu eta zerbitzu hobea emateko eskubideen kudeaketaren inguruan ari diren aktore guztiei.

 

(2021eko azaroaren 29an argitaratutako Berezia).