Musika Gela zikloaren 21-22 Denboraldiaren aurkezpena

  • Musika Gela zikloaren 21-22 Denboraldiaren aurkezpena

  • DataAzaroak 19
  • Gaia Musika

Euskadiko Orkestrak hiru ekoizpen aurkeztuko ditu hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriaren baitan: ‘Euskadiko Orkestra Cirkus’, egunotan estreinatu den produkzio propioa; ‘Living Room Music’, hau ere orkestraren ekoizpena; eta ‘Botadun katua’, Per Poc txotxongilo-taldearena, lehendabizikoz euskarazko moldaketa izango duena.

Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familian kontzertuen eskaintza zabala Entsegu Ireki batekin eta beste jarduera batzuekin osatuko da.

Covid-19aren mundu mailako pandemiaren ondorioz programazioa murriztuta izan zuen trantsizio-denboraldi baten ondoren, indartsu itzuli da Euskadiko Orkestraren hezkuntza-zikloa, Musika Gela. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, aurtengoan 3 urtetik hasi eta 12 urteraino.

Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz.

Denboraldi honetan Euskadiko Orkestra Cirkus estreinatuko dugu, gure publiko gazteenari zuzendutako kontzertu-ikuskizuna. Alaitasun eta fantasiazko eztanda izango da, musika dibertigarrien eta zirkuaren magiaren bidez. Urtarrilean Living Room Music iritsiko da, pasa den denboraldian arrakasta handia izan zuen ekoizpen propioa, aurten ere jarraituko duena. Lau perkusiojolek eta aktore batek munduko edozein hiritako apartamentu batera eramango gaituzte bertan, konfinamenduari umore-ukitua emateko eta edozein objekturekin musika sortzea posible dela erakusteko. Perraulten Botadun katua lanarekin emango diogu amaiera Denboraldiari; literatura unibertsaleko klasiko honek Luis XIV.aren gorteko giroan murgilduko gaitu ikuskizun bisual eta poetiko baten bidez. Per Poc txotxongilo-taldeak sortutako ekoizpen hau lehendabizikoz moldatu da euskarara Musika Gelaren baitan aurkezteko.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri