Kresala Zinekluba, 50 urteko historia
Joan den mendeko 70eko hamarkadaren hasieran zinemaren historiarekin batera garatuko zen ekimen baten jaiotzaren lekuko izan zen Donostia. Egun, 50 urte geroago, zinema-ekoizpenetara kritikatik eta hausnarketatik hurbiltzeko espazio bat izateko amets hori bera ospatzen da, ikusleen ikuspegiak eta iritziak partekatzeko balio duena. Ander Gisasola, gaur egungo Kresala Zineklubeko zuzendaritzako kidea, bidelagun dugu mende erdiko historia duen ibilbide honetan.
Kresala 1972an jaio zen, arlo askotan bezala, zinemarentzat testuinguru historiko zailean, gogoetagune eta gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertuta behintzat. Nolakoak izan ziren lehen urte horiek?
Egun zuzendaritza taldean gauden guztiak 1972a baino ondoren jaiotakoak gara, ez genuen bizi izan garai hura. Sortzaileekin hitz eginda, zinekluba sortu zutenean ez zituzten helburu horiek barneratuta, zinea konpartitzea zen beraien helburu nagusia, beste inon ikusi ezin zitezkeen lan haiek gizartearekin konpartitzeko modu bezala. Eta egia esan, gaur egun ere hori da gu mugitzen gaituena, jendearekin zinema konpartitu ahal izatea, jaialdi desberdinetan deskubritu ditugun altxorrak gure lagunekin ikusi eta ondoren hitz egin ahal izatea.
Garai bateko ikusle eta antolatzaileekin hitz eginda, lehen urte horiek festa bat zirela aipatzen digute… Frankismoaren azken urteak ziren eta “irekiera” sentsazio hori puri purian zegoen, urteetan debekatuta egondako filmak ikusi ahal izan zituzten eta garrantzitsuena, jendearekin konpartitu. Hori nabarmentzen dute.
Zer ibilbide egin du zineklubak denbora honetan guztian?
Emanaldiak 1967an hasi ziren Kresala Elkartearen baitan. Elkartean bertan espazio bat ere atondu zuten horretarako, eta 16mm-tako proiektore batekin eskaintzen zituzten filmak. Hau 1971. urtera arte egin zuten. Orduan Donostiako zine komertzialek elkartea salatzeko mehatxua egin zuten, Kresalan antolatzen ziren saioak ez baitziren orduko legediaren arabera egiten. Garai hartan 57. urteko zinekluben legea bete behar zen eta 1963tik aurrera erregistratuta egon proiekzio publikoak egin nahi izanez gero. Horrek proiekzioak geratzea ekarri zuen eta ibilbide burokratikoa hasi zen, 1972an zehar elkarteari forma juridiko berria eman zitzaion arte. 1972ko urriaren 19an izan zen lehen proiekzioa Kresala elkarteko aretoan (gaur egun jada existitzen ez dena). Garai hartan 16mm-ko filmak gero eta eskasagoak ziren eta Udal Aurrezki Kutxa zenarekin lortutako akordio bati esker, hilabetean bitan bertako aretoan hasi ziren saioak eskaintzen.
Saio hauek Karmeldarren Komentuko sotoan dagoen aretoan egiten ziren saioekin uztartuz joan ziren –urte batzuetan hiru egoitza izan zituen–. 1976ko astelehen guztietan Udal Aurrezki Kutxaren aretoa erabiltzeko baimena lortu eta bertan finkatu zen. 2011ra arte, bertan egon zen zinekluba Luis, Juan eta Fernandoren gidaritzapean. 2011 urtea amaitzearekin batera, gizaldi aldaketa etorri zen. Nacho Rodriguez, Alberto Arizkorreta, David Ezquerra, Juan Miguel Perea eta Carlos Minondoren garaia iritsi zen orduan. 2015. urtera arte Kutxaren aretoan jarraitu zuten baina aretoa itxi zenean Trueba Zinemetara egin zuten salto. Bertan filmak ikusteko modua hobetu zen, eserlekuak erosoagoak ziren, proiektore digitala zegoen... Kalitatean jauzi bat eman zela esan dezakegu. Pixkanaka taldea desegiten eta inkorporazio berriak eman ziren, Paul Ormaetxea, Eli Alkorta, Pedro Saldaña, Leire Egaña, Ander Gisasola, Ana Piñel, Jeannette Diaz... 2019. urtean lantaldea guztiz eraberritu eta irudi berria estreinatu genuen. Era berean, inguruko bestelako eragileekin elkarlanak sustatu behar genituela sinestuta, kanpora begirako lanak egiten hasi ginen: 2019ko zinekluben topaketak, udako aire libreko zinema…

Publikoaren leialtasunak azaltzen du, besteak beste, proposamenaren arrakasta. Zer ikusle-profil duzue?
Publikoan perfil desberdineko jendea dago, badaude (gehientsuenak, esango nuke nik) zineklubeko saioetara etortzen urteak daramatzatenak. Beraien errutinaren parte da, ez die horrenbeste interesatzen zer ikusiko duten egun horretan, badakitelako zerbait interesgarria izango dela, denetik ikusia dute jada.
Badago beste ikusle mota bat, noizbehinkakoa dena. Hauek eskaintzen dugun filmaren araberako hautua egiten dute, filmak interesa sortzen badie gerturatuko dira, bestela ez.
Berrogeita hamar urtean zinema egiteko modua aldatu egin da. Baina kontsumitzearena ere bai. Zuen ustez, zer beste gako izan dira lagungarriak zuena bezalako proiektu baten biziraupenean?
Zineklubak zine “ez ohikoa” ikusteko lekua izateaz gain, konpartitzeko gune ere badira. Horrek bermatzen du zinekluben biziraupena, nire ustetan, elkarbanatze horrek, bi aldeetan dagoelako jendea: prest dago konpartitu nahi duzuna ikusi eta horrekin gozatzeko eta aldi berean ikusitakoa jendearekin konpartitzeko prest gaudenak ere bagaude.
Kontuan izan behar den beste arlo bat zineklub batean eskaintzen dena da. Normalean estreinaldi komertzialik izan ez duten filmak dira, lantalde batek aukeratuta, gizarteak pantaila handian hortaz gozatzeko aukera eduki behar lukeela denen artean erabakia. Hau oinarria litzakete, izpiritua, baina argi eta garbi dago sostengu ekonomikoa ere beharrezkoa dela.
Zoritxarrez, zinema saioak antolatzea oso garestia da, eta saioak errentagarriak izatea oso gutxitan lortzen da. Horregatik dirulaguntzei esker lortzen dugu saioak aurrera eramatea.
2019an, elkartearen zuzendaritza gure esku geratu zenean, diru iturriak dibertsifikatu behar genituela argi geneukan gauzetako bat izan zen, eta horretan jarraitzen dugu. Urte luzez Kutxa Fundazioa izan da gure babesle bakarra. Aurten Donostiako udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia gehitu dira, hainbat proiekturako Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzak lortu ditugu... Baita Caixa Fundazioa edo Super Amara entiate pribatueen laguntza jaso ere.
Uda honetan K Sariak ekimena aurkeztu duzue Gipuzkoako beste zineklub eta hainbat Zinema Jaialdirekin elkarlanean. Zergatik dira garrantzitsuak lan-sare horiek? Zein da egiten duten ekarpena?
2019an Zinekluben Topaketa antolatu genuen, eta bertan zineklubok elkarlanean gauza desberdinak egin beharko genituela adostu genuen. Aukeretako bat programazioa elkarbanatzea zen, baina hau oso zaila litzateke, bakoitzaren denborak eta programazio irizpideak desberdinak direlako. Ondoren pandemia iritsi eta dena gelditu zen.
Iazko abenduan Tarragonako REC Jaialdiaren gonbita onartuz bertan egon ahal izan ginen zineklubetako kideek osaturiko epaimahai batean parte hartzen. Bertan Kataluña eta Galiziako bi zineklubekin jaialdia konpartitzeaz gain, elkarren berri izateko aukera izan genuen. Oso aberasgarria izan zen, eta esperientzia hona ekartzea bururatu zitzaigun.
Lehengo, froga bezala, 2021ean inguruan hainbat zineklub eta jaialdi txikirekin elkartu eta proiektua aurkeztu genien. Egia esan, guztion erantzuna oso ona izan zen hasieratik eta primeran joan da orain arte. Aurten bost jaialdi desberdinetan zineklubetako kidek osatutako epaimahaiek jaialdi bakoitzean film bana aukeratuko dute. Saria jaialdiko itxiera ospakizunetan banatuko da, beste sariekin batera.
Gainera, saritutako lanak zineklubetan proiektatuko dira eta ondoren zineklubetan ikusi ahalko dira lan saridunak. Oso interesgarria da, jaialdi guztiak herri desberdinetara ailegatzeko aukera emango du horrek. Adibidez, Leioa edo Oñatiko ikusleek, Euskadin zehar dauden zinemaldi desberdinen ale bana ikusi ahalko dute, beraien herritik mugitu gabe.
2022rako Zineklub eta Zinemaldi gehiago batu dira proiektura. Etorkizun oparoa izango duela uste eta espero dugu.

Leire Egaña Kresalaren mende erdiko bizitza dokumentatuko duen lanaren gidaritza eramaten ari da. Zertan datza lan hau?
Kresala Zineklubari buruzko dokumentala izango da, 50 urteko historiaren omenez. Zinemari eta harenganako maitasunari egindako kantu bat. Zineklubaren 50 urteetan erakutsitako filmen zatiak erabiliz egin nahi dugu eta, era berean, Kresalaren ibilbideari lotutako ikusle, kide eta kolaboratzaileek hartuko dute parte. Dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko da, 2022ko urriaren 19an, lehen saioaren 50. urteurrenarekin batera.
Lan hau finantzatzeko crowdfunding kanpaina dagoela aipatu nahi dut hemen. Egun gutxi falta dira ixteko, eta ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira, webgune honen bitartez.
Osasun-krisiak gogor jo du sektorea. Nola bizi izan duzue zuek? Zer ikasi behar dugu esperientzia honetatik?
Gauetik goizera gure ekintzak aurrera eraman ezin genituela aurkitu ginen. Denok bezala, etxe barneetan egon behar izan genuelako, baian horrek ez gintuen kikildu. Itxialdi agindua larunbatean jaso baldin bagenuen, astelehenerako Instagram live saio bat antolatu genuen, Filmin plataforman ikusgarri zegoen film bati buruz.
Horrela, astez aste, zuzeneko desberdinak egiten joan ginen, baita zinema etxean modu legalean eta online ikusteko gidak argitaratzen, jendeak pelikula desberdinez gozatzen jarri zezan. Uda iritsi eta berehala zinema aire librean egiteko aukera aztertu eta Kutxa Kultur Gaua programaren barnean hiru saio antolatu genituen.
Gure areto normalera bueltatu ginen, baina murrizketa eta aldaketa askorekin. Lehenengoa, data aldaketa: beti astelehena izan ohi zen zineklubaren eguna, baina Trueba aretoa itxita egoten da orain. Bigarrena, edukieren murrizketak eta jendea non eseri zen kontrola eraman behar izatea izan zen. Guk ez genuen sistema informatizatu bat sarrerak saldu ahal izateko, ezarri behar izan genuen, baita aurre salmenta sistema bat martxan jarri ere. Baina guzti horrek aurpegien atzean zeuden izenak ezagutzera eraman gaitu. Lehen izengoitiak zeuden lekuan orain izenak daude, eta hori oso positibotzat jotzen dugu. Talde bezala osoagoak eta harreman estuagoa dugula esango nuke nik.

Zer erronka ditu zineklubak datozen urteetan, duen osasun berdinaz gozatzen jarraitzeko?
Lehen ere komentatu dugu, osasuna mantendu ahal izateko behar desberdinak elikatu behar bira:
Lehenengoa, talde irekia izatea. Edonork parte hartu nahi duen moduan parte hartu ahal izateko bideak eskaintzea.
Bestetik, kanpora begirako komunikazioa lantzen joatea. Harrigarria den arren, oraindik jende asko dago zinekluba zer den ez dakiena. Zinea beste begi batzuekin ikusteko tresna da, eta hau jendeak ezagutu behar du, gero bakoitzak erabakiko du gustuko duen ala ez, ahal duen saioetara joan ala ez.
Sare-lana, ere bai. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu eragile desberdinekiko elkarlanak ehuntzen joatea, azkenean eragile desberdinek helburu berberak ditugu eta arraun batera egin behar dugu, bidea errazagoa izan dadin.
Erronka zailenetako bat errekonozimendu legala lortzea da. Gaur egun dagoen legedian ez da zinekluba onartzen, horrek industriako sistematik at uzten zaitu hasiera batean. Kontua da zinema banatzaile askok zirkuitu ez komertzialari esker bizirauten dutela, baina saio horien ikusleek ez dute inolako baliorik dirulaguntza eta programa desberdinetara aurkeztu ahal izateko. Hau aldatu beharra dago, kontuan izanda saio hauen ikusle kopurua askoz handiagoa dela saio komertzialena baino.
(2021eko azaroaren 22an argitaratutako Berezia).


