Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek Gipuzkoarekin lotutako hainbat proiektu garatuko dituzte

  • Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek Gipuzkoarekin lotutako hainbat proiektu garatuko dituzte

  • DataAzaroak 18
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Zentroko ikasleak hainbat film, argitalpen eta ikerketa proiektutan ari dira lanean

EQZEren Komisariotzako ikasketen esparruan bi zinema ekoiztetxe garatu dira

Elías Querejeta Zine Eskolako lehen hiru promozioetako ikasleak Gipuzkoarekin zuzenean lotutako askotariko proiektuetan ari dira lanean. Zentroko hiru espezialitatetako ikasleak dira (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) eta proiektuak martxan jartzeko edo garatzeko prozesuan daude, hala nola filmak, argitalpen akademikoak edo artistikoak, hainbat gairi buruzko ikerketak eta filmen programazioak eta zikloak, edo zinema ekoizpeneko eta banaketako enpresak sortu dituzte.

Patxi Presa, Kultura Sustapenaren arduraduna “gaur EQZEko ikasleak Gipuzkoan garatzen ari diren proiektuak aurkezten ditugu. Uste dut une egokia dela azpimarratzeko, nahiz eta eskolaren ezaugarri nagusietako bat ikasleen nazioarteko profila izan, egia dela eskolak lotura handia duela gure lurraldearekin”.

Bestalde, eskolako ikasle asko zentroak bultzatutako ikerketa proiektuetan parte hartzen ari dira eta eragin berezia dute zinemarekin hertsiki lotutako lurralde batean, Gipuzkoan, hain zuzen, bertan baitaude estatuko zinema erakunde garrantzitsuenetako batzuen egoitzak, Euskadiko Filmategiarena, Tabakalerarena eta Donostia Zinemaldiarena, besteak beste.

Hauek dira proiektuetako batzuk:

  1. “Emakumeak blai” (Ane Zulaika Aranburu)

“Emakumeak blai” egitasmoaren helburua da begirada berri bat ematea euskal emakumeek itsasoarekin duten erlazioari, euskaraz ekoitziko den film baten bitartez. Ekoizpen hori EQZEk hasitako ikerlan baten emaitza izan da, eta artxiboak berreskuratzean eta lekukotza berriak jasotzean oinarritu da. Helburu du 60ko eta 80ko hamarkadan emakumeek itsasoarekin zuten erlazioaren erretratua eta gogoeta egitea. Proiektuak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria eskuratu du berriki.

 

  1. “Oteiza-Embil”(Sandra García Bueno)

“Oteiza-Embil” ikerketa proiektu bat da, eta Oteiza eta Embil familien dokumentu funtsak digitalizatzea eta katalogatzea du xede. Bildutako materialen artean, argazki negatiboak eta positiboak daude, baita paperezko dokumentuak, 8 mm-ko filmak, kolodioi hezezko xaflak eta nitratozko biribilki txiki bat ere. Etxeko dokumentuak dira, familiaren historia kontatzen dutenak eta familia etxearen ingurukoak direnak, Orio ibaiaren ertzean kokatuta. Ikerketaren xedea da herritarrentzako argitalpen bat garatzea.

 

  1. Zine Ikusleen Topaketa Ibiltaria (Marcela Hinojosa eta Noemi Cuetos)

Zine Publikoen Foro Ibiltariak erakusketa eta elkarrizketa espazio bat proposatzen du Gipuzkoako zinema aretoen audientzien inguruan. 2020an lurraldeko udalerrietan lehenengo ikerketa bat egin ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, proposamenaren xedea da audientzia horien inguruko elkarrizketarekin jarraitzea erakusketa jardueren eta solasaldien bitartez, eskuratutako ikaskuntza partekatzeko asmoz.  Urteko azken hiruhilekoan, Foro Ibiltariak saioak antolatu ditu Gipuzkoako zazpi udalerritan. Jardunaldi horietan, dokumental bat edo film laburren programa bat ematen da, eta, ondoren, solasaldi bat egiten da, audientzien arloko adituekin eta tokiko kultur eragileekin. Zine Publikoen Foro Ibiltariak Foru Aldundiaren laguntza berri bat eskuratu du Susperka deialdiaren esparruan.

 

 

  1. “Irudi korapilatsuak.Euskal animazio esperimentalaren inguruko gogoeta bat” (Laida Mendia)

Euskal animazio esperimentala ardatz duen ikerketa proiektua da, Begoña Vicarioren eta Isabel Herguera eta Izibene Oñederra gipuzkoarren lanean oinarritua. Animazioari berari buruzko gogoeta egiten da, baita marrazkiaren bitartez kontatzeko eta iradokitzeko moduei buruz ere.

 

  1. Vitrine Filmes (Silvia Cruz)

Vitrine Filmes 2010ean EQZEren bigarren promozioko ikasle Silvia Cruzek Brasilen sortutako zinema banaketako eta ekoizpeneko enpresa bat da. Enpresa horren ordezkaritza bat ezarri da Gipuzkoan. Banatzailearen luzapen hori eskolako Komisariotza ikasketen esparruan inkubatu zen. Hain zuzen, luzapen horretan parte hartzen dute, baita ere, Julieta Juncadella, Alessandra Boulos eta Irati Crespok ere, zentroko lehen eta bigarren promozioetako ikasleek. Donostia Zinemaldiko 68. edizioan lehiaketara aurkeztu ziren bi filmekin (In the Dusk, Sharunas Bartas lituaniarrarena, eta Visión nocturna, Carolina Moscosorena) eta beste bi ekoizpen izan dituzte zinemaldiaren azken edizioan (Azor, Andreas Fontanarena, eta Fantasía, Amaia eta Aitor Merinorena). Beste ekoizpen batzuen artean, Vitrine Filmes zentroko lehen promozioko ikasle Marina Palacioren (Ya no duermo) lehen film luzea garatzen ari dira, eta izenburu hau izango du: Y así segurirán las cosas.

 

  1. Muxika Zinema (Flor de Múgica eta Michael Wahrmann)

EQZEren esparruan zentroko ikasleek sortutako beste ekoiztetxe bat da Muxika Zinema. Egitasmo hori Flor de Múgicak (hirugarren promozioko ikaslea) eta Michael Wahrmannek (Ikusmira Berriak programako bosgarren edizioko egoiliarra) osatzen dute. Ekoiztetxe sortu berri horrek Misión a Marte lanaren aurkezpenean parte hartu zuen WIP Europa saileko jardueren artean. Lan hori Amat Vallmajor del Pozo katalanaren opera prima da, eta Eibarren (Gipuzkoa) girotu zen, baita bertan grabatu ere zati batean. Gaur egun, Muxika Zinema Nagore Eceizaren (Fifty Rupees Only, Después de María) If You Wish to Make an Apple Pie filmean eta Pablo Agüeroren (Eva no duerme, Akelarre) Río Turbio lanean parte hartzen ari da.

 

  1. “La biblioteca de Maru” (Ramón de Fontecha)

Maru Rizok Amable Ariasen liburutegian egindako katalogazio, kontserbazio eta dibulgazio lanari buruzko azterlana da. Amable Arias GAUR taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta artistak bere bizitzaren zati handi bat Donostian igaro zuen. Proiektuak Rizok 30 urtez baino gehiagoz eginiko artxibozainaren lana aldarrikatzen du, eta horretarako, prozesu horretan garatutako zaintza protokoloak eta estrategiak aztertzen ditu. Ikerketa horrekin batera, Amable Ariasen bi libururen ikus-entzunezko erregistroa egingo da: El copiador 1000 cartas eta Historia de Euskal Herria.

 

  1. Memoria de un cine de pueblo precursor.El cine-teatro Echezarreta de Ordizia (Maitane Juarros)

Proiektu horren helburua izan da Ordiziako Echezarreta zinema antzokiaren (gaur egun, Herri Antzokia) historiari buruz ahalik eta informazio gehien jasotzea. Eraikin hori nabarmendu egiten da oraindik alboko arkitekturen aldean eraiki zenetik 92 urte igaro ondoren ere. Lanak proiektuaren hainbat proposamen jasotzen ditu, azkenean 1982an eraiki zen arte; orduan, Ordiziak 3.000 biztanle besterik ez zituen.

 

Aipatutako proiektuez gain, zentroko ikasle askok lurraldeko kultur erakunde edo eragileekin lotutako ikerketa proiektuetan parte hartu dute, besteak beste: “Zinemaldia 70. Historia posible guztiak” egitasmoan. Lan hori Donostia Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera garatu da, eta Jaialdiaren dokumentu funtsak eskuratzeko aukera bermatuko du. Proiektu horren bitartez, gainera, bi jardunaldi publiko, bi erakusketa eta uda ikastaro bat antolatu dira UPV/EHUrekin lankidetzan. “Pérdidas de generación” egitasmoan ere parte hartu dute, Artelekuko bideo bildumaren funtsei buruzko ikerketa batean. Arteleku Gipuzkoako Foru Aldundiak 1987an sortutako arte zentroa izan zen. Halaber, “Artesanos del cine” izeneko egitasmoan ere parte hartu dute. Euskal zinema amateurrari buruzko ikerketa bat da (Gipuzkoan tradizio handia duena), filmak, zinemagileak, zinema klubak eta jaialdiak berreskuratzearen birtartez. “Arquitectura del cine” proiektua, berriz, EQZEk bultzatu zuen, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin (UPV/EHU) lankidetzan, eta zinema espazio arkitektonikoa izateri eta hirian duen lekuari buruzko ikerketa garatzea proposatzen du.

 

EQZE Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua da. Proiektu pedagogiko paregabe eta berezia dauka, graduondoko hiru programez eratua (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programa horiek berau kontzeptualizatzen parte hartzen duten hiru erakunderen ezagutza arloetatik abiatuta osatzen dira; hain zuzen ere, erakunde hauenak: Euskadiko Filmategia, Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. Elías Querejeta Zine Eskola Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatera (UPV/EHU) atxikitako ikastegia da.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri