Mayumana, Donostiako Orfeoia, Juan Diego Botto eta Yllana Gasteizen izango dira Gabonetan

  • Mayumana, Donostiako Orfeoia, Juan Diego Botto eta Yllana Gasteizen izango dira Gabonetan

  • DataAzaroak 15
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika

Udalaren Antzoki Sareak 14 ikuskizun programatu ditu abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra bitartean

Udalaren Antzoki Sareak 2021-22ko Gabonetako denboraldia aurkeztu du: orotara 14 ikuskizun aurreikusi dira, abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra bitartean. Programak Mayumana, Yllana eta Donostiako Orfeoiaren proposamen berriak aurreikusten ditu, baita Juan Diego Bottoren itzulera ere, 2021eko Antzerki Sari Nazionala jaso ondoren.

“Ohikoa denez, musika-, dantza-, magia- eta musika-ikuskizunek osatzen dute egitarauaren zati handi bat, baina aurten, publikoak aspalditik eskatzen zuena egia bihurtu dugu eta antzerkia ere sartu dugu, ikusle gehien izan ohi dituen generoa ere badelako”, iragarri du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Denboraldia abenduaren 3an hasiko da, ostiralean, Euskadiko Orkestraren abonamenduko laugarren kontzertuarekin. Xostakovitx, Ginastera, Britten eta Glière konpositoreen lanak joko dituzte, Robert Treviñoren gidaritzapean. Principal antzokian.

Agertoki horretan bertan bi antzezlan izango dira. Ostegunean, hilak 9, Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga protagonista dituen ‘Maitasunaren Itxiera’, maitasun harremanen erradiografia. Eta larunbatean, hilak 11, ‘Anfitrión de Plauto’ komedia, Juan Carlos Rubiok zuzendua, eta Pepon Nieto, Toni Acosta eta Fele Martínez protagonista direla.

Yllanaren umorea abenduaren 10ean itzuliko da Gasteizera, Félix Petite antzokira hain zuzen, ‘No todo son pulgas’ lanarekin. Antzoki horretan bertan, abenduaren 15ean —asteazkena—, Atalak Sareak dantza laborategi interesgarri bat aurkeztuko du, Amaia Elizaran euskal koreografoaren eskutik.

Principal antzokiko programaziora bueltatuz, abenduaren 16an (osteguna) Juan Diego Bottok, 2021eko Antzerki Sari Nazionalaren irabazleak, ‘Una noche sin luna’ oholtzaratuko du. Obra hori Gasteizera itzultzen da, iaz estreinatu baitzuen Antzerki Jaialdian.

Jesús Ibáñez de Matauco antzokian, berriz, Alberto San Juanek emanaldi bikoitza eskainiko du: ‘Lorca, New York en un Poeta’, eta kontzertua bere bandarekin. Urtarrilaren 17an.

Dantza da Gabonetako ohiko beste edukietako bat, eta oraingo honetan, Dantzaz konpainiak ‘Bat’ izeneko ikuskizuna aurkeztuko du abenduaren 18an. Migrazioei, identitateari edo mundu globalizatuan gizakiak bete beharreko lekuari buruz mintzatzen diren hiru lan biltzen ditu.

Udal Musika Bandak ere lekua izango du Gabonetako programazioan, abonamenduko hirugarren kontzertuarekin. Abenduaren 22an izango da hitzordua, Luis Orduñaren zuzendaritzapean: María José Belenguer eta Johan de Meij-en lanak interpretatuko ditu, eta, lehen aldiz, Txaikovskiren ‘Pianorako 1. kontzertua’.

Abenduaren 26an, igandean, Arabako Ilusionisten Elkarteak Mag Edgarden ‘Sonrisas’ ikuskizuna aurkeztuko du. Eta Aitzina Folk jaialdiak aurpegi ezagun baten aldeko apustua egin du: Carlos Nuñez. Abenduaren 27an bere lehen diskoaren 25. urteurrena ospatuko du.

Mayumaná konpainia ere Gasteizera itzuliko da bere azken lanarekin: ‘Currents’. Hiru emanaldi izango dira, perkusioz, dantzaz eta antzerki fisikoz beteak. Abenduaren 29an eta 30ean.

Urtarrilean dagoneko, hilaren 4an, EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestrak programa barrokoa interpretatuko du, Bach, Vivaldi, Corelli eta Piazzollaren obrekin, Lina Tur Bonet biolinistaren zuzendaritzapean. Eta urtarrilaren 8an, Donostiako Orfeoiak itxiko du denboraldia, opera abesbatzak eta zarzuelak osatutako egitarau ikusgarri batekin.

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.

Programazio honen osagarri, Udal Antzoki Sareak Principal antzokira bisita gidatuak antolatu ditu. Urtarrilaren 9an euskaraz eta urtarrilaren 29an eta 30ean gaztelaniaz.

2022ko aurrerapena

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, halaber, dagoeneko finkatuta dauden bi ziklo iragarri ditu 2022rako.

Kontzertu Handien Zikloaren barruan, 4 hitzordu egongo dira. Otsailaren 19an, Fernando Velásquezek Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrieta zuzenduko ditu, orkestra sinfonikoarekin batera, ‘Neguko Disdirak’ lanean. Eta apirilaren 4an, Jordi Savallek ‘Todas las mañanas del mundo’ aurkeztuko du, Jean-Baptiste Lully & François Couperin, Sainte Colombe eta Marin Maraisen musika barrokoarekin.

Maiatzean, hilaren 27an, Carlos Mena kontratenorrak eta Agrupación Zapico taldeak ‘Yo Farinelli’ interpretatuko dute, eta ekainaren 1ean Camerata Ireland orkestra irlandarrak itxiko du zikloa, Mozart eta Beethoveni eskainitako programarekin.

XXI. Mendeko Flamenko Zikloari dagokionez, 5 emanaldi izango dira. Urtarrilaren 29an, Esperanza Fernández; otsailaren 12an, María Terremoto; otsailaren 26an, Luis Moneo; martxoaren 12an, Perico ‘El Pañero’ eta José Canela; eta martxoaren 26an, Pedro ‘El granaíno’. Saioak 19:30ean hasiko dira, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian.

Gainera, pandemia dela eta bertan behera utzi behar izan zuten ikuskizunetako bat programatu dela iragarri du zinegotziak. Argentinako Les Luthiers konpainiaren ‘Viejos Hazmerreíres’ ikuskizuna martxoaren 11tik 13ra izango da Principal antzokian, eta sarrerak azaroaren 25etik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Salmentari buruzko informazioa

Gabonetako programazioko ikuskizunetarako eta Les Luthiers taldearen ikuskizunerako, sarreren salmenta azaroaren 25ean hasiko da ohiko lekuetan. Online salmenta 10:00etan hasiko da; leihatilaren eta telefonoaren ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era izango da.

Hala ere, Mayumaná-ren ikuskizunerako sarrerak azaroaren 16tik aurrera egongo dira salgai, ohiko ordutegi eta puntuetan.

Kontzertu Handien Zikloari eta XXI. Mendeko Flamenko Zikloari dagokienez, abonamenduen salmenta abenduaren 14an eta 15ean hasiko da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Abenduaren 16tik aurrera, leihatilako ohiko ordutegian eskuratu ahal izango dira.

Sarrera solteak, berriz, abenduaren 21ean jarriko dira salgai, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era; abenduaren 22tik aurrera ohiko ordutegian erosi ahal izango dira.

“Gasteiztarrak Udal Antzoki Sarearen programazioarekin bat egitera gonbidatu nahi ditut. Eta Olentzerori, Mari Domingiri eta Errege Magoei iradokizun bat egin nahi nieke: oparitu kultura”, gaineratu du Cantok.

Programa

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri