Amets Arzallus Antia, laugarren aldiz Iparraldeko bertsolari txapeldun
- DataAzaroak 15
- Gaia Arte eszenikoak
Aurrez, 2008an, 2010ean eta 2012an eskuratu zuen txapela. 2013an, berriz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen.
Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983) gailendu da azaroaren 13 honetan Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain ospatu den Xilaba (Xiberoa, Lapurdi eta Baxenanarra) Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean, 1012 puntu eskuratuta.
Laugarren aldia da Arzallusek txapelketa hau irabazten duela. Aurrez, 2008an, 2010ean eta 2012an irabazi zuen.
Miren Artetxe Sarasola (Hendaia, 1985) izan da bigarrena, 975 puntu eskuratuta.
Elkarrekin, buruz buru, jokatu dute bi bertsolariek finalaren bigarren zatia, lehengoan puntuaziorik altuena lortu ostean.
Honela geratu dira puntuazioak final honetan:
1- Amets Arzallus (1012)
2- Miren Artetxe (975)
3- Odei Barroso Gomila (586,5)
4- Maddalen Arzallus Antia (586,5)
5- Patxi Iriart Iribarren (562,5)
6- Maddi Ane Txoperena Iribarren (561,5)
2020an bertan behera gelditu ondoren, aurtengo irailaren 18an ekin zioten berriz Xilabari eta lau kanporaketa eta hiru finalerdi igaro ondoren, gaur jokatu da final handia. Aritz Bidegainek eta Amaia Castorenek egin dituzte gai-jartzaile lanak eta sei lagunek osatu dute epaimahaia.


