"La colcha y la madre" film laburra saritu dute Cinesan jaialdian

zinea.eus

  • DataAzaroak 5
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

David Perez Sañudo zinemagile bilbotarraren La colcha y la madre (2021) film laburrak bi sari eskuratu ditu Cinesan zinema jaialdian. Sail ofizialean lehiatu da, eta film onena izendatu dute; bestetik, Nieve de Medinari emakumezko aktore onenaren saria eman diote.

Guztiz arrakastatsua izaten ari da Sañudo eta Marina Parés gidoilariaren arteko elkarlana. 68. Donostia Zinemaldian Ane (2020) film luzeak euskal gidoi onenaren saria eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zituen. Hiru Goya sari ere eman dizkiote iragan martxoan ospatutako ekitaldian. Bada, Cinesan Film Laburren Nazioarteko Jaialdian zinema jaialdian lehiatu berri dira elkarrekin egindako hurrengo proiektuarekin, La colcha y la madre, eta dagoeneko hasi dira errekonozimenduak pilatzen.

Urriaren 23tik 30era bitartean egin dute aurten bosgarrenez jaialdia, Asturiasen, eta Sañudok zuzendutako filmak ekitaldiko sari nagusia irabazi du. Sail ofizialeko film labur onena izendatzeaz gain, Nieve de Medina emakumezko aktore onena izan dela iritzi du epaimahaiak.

Amania films ekoiztetxeak ekoiztu du proiektua, eta Ane lanean gertatu bezala, oraingoan ere ama-alabaren arteko harremana izango da La colcha y la madre film laburraren abiapuntu: ama batek bere alabarekin hitz egin nahiko du, hau etxetik ateratzear denean. Alabak presa handia du, senarrarekin eztabaidatu du eta badirudi bien arteko harremana arriskuan egon daitekeela. Baina amak opari bat ekarri dio, baita berri txar bat ere. Bi minutu ematen badizkio, kontatu egingo dio.

Malagako Zinema Jaialdian erakutsi zuten lehenengoz Sañudok eta Parések beraien proiektua, eta ABYCINE jaialdian zein Warsaw FilmFestivalen ere parte hartu du.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri