100.000 euro hezkidetza lantzeko eta genero-indarkeria prebenitzeko proiektuetarako (Gobernu Bilera 2021-5-18)

fotoconsejo.jpg

2021-05-18

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, datozen bi ikasturteetan (2021-2022 eta 2022-2023) hezkidetza landu eta genero-indarkeria prebenitu ahal izateko jarduera-proiektuak garatzeko deia egiten duen Agindua, Euskadiko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeetarako. 

Gorago aipaturiko hezkuntza-etapak eskaintzeko baimenduta dauden Euskadiko 50 ikastetxe (gehienez) aukeratzea du deialdi honek helburu, hezkidetzaren eta genero-indarkeria prebenitzearen arloan jarduera-proiektu bat diseina dezaten datozen bi ikasturteetarako. Jarduera-proiektu horri esker, aukera izango dute hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa ikastetxean era global, sistematikoan eta integratuan lantzeko. 

Hautatutako ikastetxe bakoitzari diru-laguntza bat emango zaio. Irakasleen nahiz eskola-komunitatearen prestakuntzarako eta proiektua koordinatu eta hedatzeko jarduerei aurre egiteko baliatuko da laguntza hori. 

Jarduera-proiektuak 457 ikastetxetan

Hezkuntza Sailak Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren Prebentzioa lantzeko Gida-Plana abian jarri zenetik (2013-2014 ikasturtean), Euskadiko 317 ikastetxe publikok eta 140 itunpekok gartu dute euren proiektua, eta aplikatzen ari dira dagoeneko arlo horietan (hezkidetzan eta genero-indarkeriaren prebentzioan). 

Aipaturiko Gida-planaren helburua da, hezkuntza sisteman hezkidetza eredua bultzatzea: pertsonen garapen integrala oinarrian duen eskola eredua, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak albo batera utzita, diskriminazio eta genero indarkeria mota guztien kontra egiten duena. Ikasketak eta lanbidea aukeratzerakoan sexuaren arabera orientatzen ez duen eredua, eskola-komunitateko kide guztien parte-hartze eta laguntzarekin.