consonni argitaletxe eta espazio kultural independientea, documenta 15en parte hartzeko hautatua
- DataUrriak 15
- Gaia Ikusizko arteak, Literatura
documenta nazioarteko erakusketa ospetsua 2022ko ekainean egingo da Kassel-en, Alemanian, eta bertako komisarioek 2020ko otsailean euskal testuingurua ezagutzeko bidaian hasitako lanen ondorioz, Bilboko consonni argitaletxe eta espazio kulturalak parte hartuko du erakusketan.
Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen ZABAL programari esker burutu ahalko da partaidetza hori. Sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea helburu du egitasmoak. Programa 2019an abian jarri zenetik, arte garaikideko zenbait profesional izan dira Euskal Herrira bisitatzera gonbidatuak bertako artistekin harreman zuzena izan eta lankidetza posibleak aztertzeko.
Ekimena aurrera eramateko, Institutua lankidetzan aritu da Artingenium-ekin, Lourdes Fernández buru duen arte bulegoa. Tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten dute.


