Euskal emakume zinemagileak, gure egileen talentua ikustarazteko zikloa

  • Euskal emakume zinemagileak, gure egileen talentua ikustarazteko zikloa
    Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, zikloaren aurkezpenean

Euskadiko Filmategiak bertako emakume zinemagileen lana agerian jartzeko zinema-ziklo bat aurkeztu berri du, aurrera egiteko gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrerantz eta, Filmategiko zuzendariaren hitzetan, “gure testuinguruko emakume zinemagileen talentua nabarmentzeko”. Zikloaren berezitasunetako bat da erakundearen proposamenak Artiumera eramango dituela; horrela, Gasteizko museoa ere zikloen egoitza egonkorra izango da Donostia eta Bilborekin batera. Joxean Fernándezek berak azaldu dizkigu programaren xehetasunak.


Zein dira zikloaren helburuak?

Gure ahalmenen barruan, bertako emakume zinemagileen talentua jarri nahi dugu agerian. Hauxe zen gure proposamena: gutxienez film luze bat filmatu duten bertako emakume zinemagile guztiek aukera izan dezatela datozen hiru urteetan norberak nahi duen lana aurkezteko. Eta gure egoitzetan aurkeztu dezatela: Artiumen, Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan; hau da, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Halaber, aukera eman nahi diegu filmen aurkezpena haiek egiteko eta publikoarekin filmei buruz hitz egiteko.


Zein ibilbide aurreikusi duzue programarako?

Hainbat urtetarako zikloa izango da: gutxienez datozen hiru urteetako azken hiruhilekoak ziklo horretara bideratuko dira hiru egoitzetan, eta aste bakoitzean film bat izango da ardatza.

Nola diseinatu duzue programazioa?

Ez dugu hautaketarik egin. Film luzeak filmatu dituzten emakume zuzendari guzti-guztien film bana proiektatzea planteatu dugu. Haiek hautatuko dute filma. Izan ere, haiek dira ziklo honen erabateko protagonistak.

Zer-nolako gaiak jorratuko dituzte ikusgai jarriko diren lanek?

Askotarikoak, zalantzarik gabe. Hala ere, kezka berezia hauteman dugu gure historiari eta indarkeriari buruz, bai fikzioan bai dokumentalean. Baina komedia eta haurrentzako animazioa ere presente egongo dira, adibidez.


Programarekin batera, bertako emakume zinemagileei buruzko argitalpen bat ere iragarri duzue, María Pilar Rodríguezen koordinaziopean. Zein panorama erakutsiko digu lan horrek?


Liburu elebiduna izango da (euskara eta gaztelania), eta 2022an argitaratuko da. Gaur egunera arte gure zinemak izan duen ibilbidearen gaineko hurbilketa bat izango da, genero-ikuspegiaren arabera egindakoa.

Liburuak gure emakume zinemagileen talentua nabarmenduko du, baita absentziak ere —historikoki oso desorekatuta egon den eremu hain maskulinizatuak eragindako absentziak, alegia—. Eta bilakaera ere ikusiko da.



Artiumek bat egin du, lehen aldiz, Filmategiko zikloen egoitza gisa. Zer balorazio egiten duzue horri buruz?

Gure erakundearen urrats historikoa da. Tabakalerako gure egoitza berrian instalatu bezain laster (2015eko irailean), gure altxorrak erakusteko eta kultura zinematografikoa transmititzeko programazioa jarri genuen martxan.

2018an, gure zikloak Bilbora eraman genituen, Arte Ederren Museora. Eta orain, 2021ean, Gasteizera ere iritsi gara azkenean, eta Euskadiko Filmategiaren funtsezko helburuetako bat beteko dugu hartara; alegia, astero, gutxienez, EAEko hiru lurralde historikoetan proiektatzea.


Hasieran esan duzun moduan, zinemagile bakoitzak bere lana aurkeztuko du proiekzioaren aurretik. Zer-nolako erantzuna espero duzue publikoaren aldetik?

Den-dena dago pentsatuta ahalik eta oihartzun handiena izan dezan. Eta espero dugu publikoak erantzun egingo duela. Edonola ere, zikloaren lehen etapa honetan, oso eskuzabala izan da gure emakume zinemagileen erantzuna. Oso presente egongo dira, eta askotan parte hartuko dute beren publikoarekin egiten diren aurkezpen eta eztabaidetan.

 

(2021eko urriaren 8an argitaratutako Berezia).