Miren Agur Meabek Espainiako Poesiaren Saria irabazi du
- DataIrailak 22
- Gaia Literatura
"Nola gorde errautsa kolkoan" langatik saritu dute idazle lekeitiarra. Golardo hori lortzen duen lehen poeta euskalduna da eta "harro" agertu da horregatik.
Miren Agur Meabek poetak irabazi du 2021eko Espainiako Poesiaren Saria, 'Nola gorde errautsa kolkoan' lanagatik. Hamarkada bat eman du poema-liburua idazten.
Desioari, heriotzari, nostalgiari eta denboraren joanari buruz hitzen bidez egiten dituen gogoetak nabarmendu ditu epaimahaiak. Halaber,
"Kontrapuntu gisa, dimentsio ironikoa eskaintzen du bere hizkuntzan eta islatzen duen jarreran. Hamar urtean zehar egina, urteen joanaren garraztasuna eta bizitasun eta freskotasun hautsezina maisuki biltzen ditu", adierazi du epaimahaiak.
ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Miren Agur Meaberi Euskadi Irratian egindako elkarrizketa
Meabe pozarren eta urduri agertu da sariagatik. Kontatu duenez, Miquel Iceta Kultura ministroak eman dio berrio ona, sukaldean zartagina sutan zuela.
"Hankak dardarka jarri zaizkit eta oso eskertua sentitu naiz. Nire arbasoen argazki bat daukat zuri-beltzean etxeko pasilloan eta egin dudana lehendabiziko gauza argazki horri musu ematea izan da", kontatu du.
Sari honek bere bizitza justifikatu duela adierazi du. "Lanpostua utzi nuen idazle izateko eta ahalegin hori irakurleen babesak konpentsatu du, baina sari honek beste dimentsio bat dauka, opari bat da niretzako eta nire senideentzako", aitortu du.
Horrez gain, sari hori "euskararentzat errekonozimendu garrantzitsua" dela azpimarratu du eta erantsi du "harro" dagoela Espainiako Poesia Saria irabazten duen lehen euskalduna delako. Aurrez, Bernardo Atxagak, Unai Elorriagak eta Kirmen Uribek lortu zuten aipatu golardoa, baina narratibaren sailean.


