Martxan da Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa
- DataIrailak 7
- Gaia Literatura
Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioak 5 ekitaldi gerturatuko ditu Euskaren Etxera 2021eko irailetik abendura arte. Aurten, nobedade moduan, euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza sortu da. Laguntza horrek 3.000 euroko saria bideratuko du 2022ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.
Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa martxan jarri dute. 2021eko irailetik abendura bitartean bost ekitaldi izango dira Euskararen Etxean.
Hi(ZKI)bridoak, literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak, letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak dira. Aurtengo protagonistak Ibon RG eta Anari musikariak, Mirande musika-egitasmoa, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Onintza Enbeita eta Miren Artetxe bertsolariak izango dira, besteak beste. Sortzaileok bertsoak, musika, literatura eta artea hibridatuko dituen egitarauan parte hartuko dute. Ekitaldiak Lanku, Booktegi eta Loraldiarekin elkarlanean egin dira.
Iaz Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lehendabizikoz abiatutako Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloa, literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztu zen. 2020. urtea oso gorabeheratsua izanagatik ere, egitarauak oso harrera ona izan zuen kulturzaleen artean.
Aurtengo edizioak halaber, berritasun nabarmena ekarriko du. Izan ere, aurkezpenean, Lorea Bilbao Ibarra diputatuak Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren berri eman du.
Euskarazko kultur emanaldi berriak sortzen laguntzea eta ezagutaraztea eta disziplina eta adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea du helburu Hi(zki)bridoak laguntzak.
Euskara hutsezko kultur emanaldi berri baten gidoia eta emanaldia bera sortu eta garatu beharko du laguntza lortu nahi duenak. Aukeratutako lanaren lehenengo emanaldia 2022ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko da.
Hautatutako lanak 3.000€ko ordainsaria jasoko du eta 2021eko azaroaren 22ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Bost kidek osatuko dute laguntza honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak. Epaimahaiak abenduaren 20an emango du hartutako erabakiaren berri.
2021eko egitaraua
Irailak 23, "oMorruMU baMat". Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programa horiek ahotsa, piano eta txalapartaren egurrak bat egiten dute lan honetan. IbonRG (ahotsa eta pianoa) eta Enrike Hurtado (txalaparta)
Urriak 7, "Dendaostekoak". Uxue Alberdiren azken lan literarioan oinarritutako literatur bertso-saioa. Uxuek gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.
Urriak 29, Mirande. Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea; hots, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat. "Emaitza Frankenstein bat da".
Azaroak 11, Zientzia Fikziozko Bertso Saioa. Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak).
Abenduak 17, "Habiak". Anariren "Habiak" diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa; Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.
OHARRA: Ekitaldi guztiak 19:30ean izango dira baian ordutegietan aldaketak egon daitezke.


