Bederatzi egun Euskal Herria itsastarra bizikletan deskubritzeko
- DataAbuztuak 31
- Gaia Ondarea, Bestelakoak
‘Euskal Herri barneko mundubira’ bihar abiatuko da Getarian, helburu argi batekin: bizikletan gure lurraldearen itsas historia berreskuratuko duen ibilbide bat trazatzea,
Bederatzi egunez, 720 kilometro egingo ditu ekimenak, lehen itsas birarekin lotura duten Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritatik barna.
Bederatzi egun bizikletan, 720 kilometroko bidea egiteko, eta duela 500 urte, lehen mundu-birarekin eta garaiko beste esplorazio-bidaia batzuekin lotura izan zuten Euskal Herri osoko hainbat herri lotzeko. Itsasoari loturiko ondarea partekatzen duten herriak, guztiak. Erronka hori du ‘Euskal Herri barneko mundubira’ ekimenak. Elkano Fundazioaren asmo berri honen helburua Euskal Herri itsastarra deskubritzea, gure historiaren kontakizun hori berreskuratzea eta gaur egungo gizartearen esku jartzea da, bizikleta horretarako bitartekotzat hartuta. Ibilbidea bihar hasiko da Getarian, lehen itsas bira osatu zuen euskal marinelaren jaioterrian, eta herri berean bukatuko da irailaren 8an.
‘Euskal Herri barneko mundubira’ gaur aurkeztu da Getarian, eta bertan dira Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Daniel Solana, Basquetour Euskal Turismo Agentziako zuzendaria; Ion Irurzun, Elkano Fundazioaren zuzendaria, eta ibilbide-pilotu hau osatuko duten taldeko kideak: Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre, Iosu Iztueta eta Ion Irurzun bera.
‘Euskal Herri barneko mundubira’ Elkano Fundazioaren ekimena da; Basquetour eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira asmoaren babesle, eta Orbea eta Vaude etxeak laguntzaile. Bi marka horiek bat egin dute berriro Fundazioaren proiektu batekin, eta bizikletak eta beharrezko ekipamendua jarri dituzte egitasmoa gauzatu ahal izateko.
Partaideek iruditan jasoko dute ibilbide osoa, dibulgazio-dokumental bat ekoizteko, eta, horren bidez, ekimenaren emaitzen berri eta gure lurraldearen itsas historiaren berri emateko. Bestalde, Ander Izagirre idazle eta partaideak bidaia-liburu batean jasoko du esperientzia, bidaiaren kronika eta kontakizun historikoa uztartuz.


