Musika espainiarra eta bertako talentuak Musika Hamabostaldiko Ganbera Musika Zikloan
- DataAbuztuak 5
- Gaia Musika
Musikaz aire zabalean gozatzeko aukera ematen digun zikloa bost kontzertuz osatuta egongo da. Lehen mailako talde eta bakarlariek hartuko dute parte San Telmo Museoko klaustroko kontzertuetan, eta bertako talentuek izango dute protagonismoa
San Telmo Museoaren eta Musika Hamabostaldiaren arteko kolaborazioa 2017an hasi zen, ostegunero museoko klaustroan formatu txikiko kontzertuez gozatzeko aukera ematen zuen egitarauarekin. Jaialdiaren eta museoaren arteko kolaborazioa hazi egin da ordutik, eta “Ostegun Musikalak San Telmon” izeneko hura Ganbera Musika Ziklo egonkorra bilakatu da, entzuleen artean arrakasta handia duena, kontzertu guztietarako sarrerak agortzen lehenengoetarikoa izaten baita. Aurten, Zikloa berriz ere bakarlari nahiz talde txikiak protagonista dituzten bost gaualdik osatuko dute abuztuaren 5, 12, 18, 24 eta 26an, 19:30ean.
Kontzertuak hartuko dituen leku paregabea San Telmo Museoko klaustroa izango da, beste behin. Azken urteetan, akustika bikaina izateagatik formatu txikiko musika hauek xehetasunez gozatzeko leku ezin hobea dela frogatu ahal izan dute entzuleek. Lekuak berak eta Zikloaren filosofiak, gainera, programazio mistoa bultzatzen dute, eta horrek ahalbidetu du duo, hirukote eta laukoteez gain, kantu errezitalak, tango ikuskizunak, musika garaikidea eta abar ere programatzea. Zikloak, era berean, bakarlari entzutetsuen arteko topaketa sustatzen du, elkarrekin ganberako musika egiteko, bertako eta espainiako musikarien talentuari arreta berezia eskainiz.
Inaugurazio kontzertua bihar, abuztuak 5 ostegunarekin, izango da, eta pianista donostiar kutunenetariko bat izango du protagonista, Judith Jáuregui. Jesús Reina biolinistak lagunduta iritsiko da, bi sonata erromantiko frantsesi eta Robert Schumannen miniaturei aurre egiteko. Astebete beranduago, abuztuaren 12ko ostegunean, kantu lirikoaren txanda izango da, ezagutzera ematen ari den Carmen Artaza donostiar sopranoak eta Frederic Jost baxu-baritono alemaniarrak partekatutako errezitalarekin. Lieder eta kantu italiarrak interpretatuko dituzte, baita Rossini eta Mozarten operetako ariak ere. Zikloko hirugarren kontzertuak (abuztuak 18) ongietorria egingo dio egungo pianista britainiar handienetako bati, Stephen Hough, zeinak Frederic Mompou konpositorearen Música calladainterpretatuko duen osotasunean; ziklo luze hau konpositore kataluniarraren interpretatzaile onenetako baten eskutik entzuteko aukera bakar horietakoa izango da. Zikloko laugarren hitzordua abuztuaren 24an izango da, eta bakarlari gisa oraindik orain apur bat ezezaguna den instrumentuari, biolari jarriko dio arreta, Isabel Villanueva bakarlari nafarraren eskutik. XIX eta XX. mendeetan biolarako idatzitako partitura eta moldaketak joko ditu. Zikloa abuztuaren 26an amaituko da Seikilos laukotearen eskutik. Hari laukote gazte honek bidegabeki ahaztuak izan ziren XX. mende hasierako espainiar konpositoreen alde egingo du apustu, hala nola Conrado del Campo edo Julio Gómez, eta Turina edo Ravel bezalako konpositoreen obra ezagunagoak ere emango dituzte.


