Latinoamerikako hamar film lehiatuko dira Horizontes saria eskuratzeko
- DataAbuztuak 4
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Hautatutako filmen erdiak Zinemaldiko 'work in progress' latinoamerikarretik atera dira
Sailak errealizadoreen hiru lehen lan bilduko ditu, baita Zinemaldian jada izan diren beste zuzendari batzuen lan berriak ere, hala nola Paz Fábregarena, Alonso Ruizpalaciosena eta Lorenzo Vigasena
Horizontes Latinos sailaren 2021eko edizioko hautaketak hamar film latinoamerikar bilduko ditu Donostia Zinemaldian; zehazki, Argentina, Brasil, Kolonbia, Costa Rica, Mexiko, Suitza, Uruguai eta Venezuelako zinemagileek zuzendutako hamar film izango dira, besteak beste, Zinemaldiko work in progress latinoamerikarreko bost film eta hiru lehen lan; halaber, beste edizio batzuetan ere sailean izan ditugun errealizadoreak itzuliko dira, hala nola, Paz Fábrega, Alonso Ruizpalacios eta Lorenzo Vigas.
Iván Funden Piedra noche / Dusk Stone –2020ko WIP Latam Industria Sariaren irabazlea– Horizontes Saria irabazteko lehiatuko da, Veneziako Giornate degli Autori atalean egon ondoren. Cannes, BAFICI eta Mar del Platako lehiaketetan saritu dute zinemagile argentinarra ekoitzi dituen aurreko filmengatik, eta bikote ezkondu baten doluari buruzko istorioa kontatuko digu oraingoan.
El empleado y el patrón / The employer and the employee filmak –2020ko WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Sariaren irabazleak– Horizontes sailari amaiera emango dio. Zuzendariak (Manuel Nieto Zas uruguaitarra, Rotterdam eta Habanako jaialdietan saritua) Canneseko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu zuen bere hirugarren filma, Nahuel Pérez Biscayart protagonista duena.
WIP Latam harrobiko beste film batek, Jesús López izenekoak, munduko estreinaldia izango du Donostian, eta saila irekiko du. Maximiliano Schonfeld film-zuzendari argentinarrak Berlinen aurkeztu ditu bere aurreko lanak, eta Abel izeneko mutiko batek bere lehengusu Jesús zirkulazio-istripu batean hil ondoren izango duen eraldaketa kontatuko digu oraingo honetan. Jesús López Proyecta ekimenean –Ventana Sur eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetzan– ere hautatu zuten, 2018an.


