Izpirituen Inbokazioa
- DataUztailak 15
- Gaia Musika
Izpirituz inguratuta bizi gara. Gure artean daude eta gure esku dago beraiekin hitz egitea. Gure iraganeko izpirituek ezagutzak irakatsi nahi dizkigute eta gure esku dago horiek entzutea, barneratzea eta gure arimarekin nahastea, baita prozesu horretatik irakaspenak ateratzea ere.
Hori da Ibonrg-ek (Ibon Rodriguez) eta Enrike Hurtadok euren azken proiektuan egin dutena: medium papera hartu eta Joxean Artzeren izpiritua inbokatu.
Erritoa Bilboko Bira gunean izan da ekaitza urruti ez duen ostiral arratsalde batean. Eguraldia ere lagun dugu, halako esperientzia baterako ezin aproposagoa begitantzen baitzait hodei ilunen eta trumoien mehatxua. Inbokazioa Jon Martinen margolanaren aurrean egin da, Ibonen ahotsaren eta Enrike Hurtadok sortutako txalaparta loop-en laguntzaz. Bi lagunak euren disko berria aurkeztera datoz: Joxean Artzeren olerkiak oinarri hartuta hamaika abestiz osatutako lana. Ez da omenaldi sinplea, egileek artista usurbildarraren olerkiak musikatu baino, bere obratik abiatuta irakaspenak euren koordenatuetara hurbildu eta artefaktu berri bat sortu baitute. Hori da gaurko espiritismo saioan aurkeztu behar dutena.


