Maddi Barberren eta Marina Lameiroren «Paraiso», Artiumen
- DataUztailak 12
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Artium museoko Z aretoan ikus daiteke Maddi Barberrek eta Marina Lameirok egindako filma: «Paraiso». Hala deitu zioten Lakaben 80ko hamarkadan herri hilari bizia eman zioten biztanleek hango lursail bati. Irailaren 12ra arte dago ikusgai lana Gasteizen.
Garbiñe Ortega zinema komisarioaren egitasmoa da Artium museokoa. Zinemagintzaren eta erakusketa formatuaren arteko zubi lanak egiten ditu Artium Z aretoan. «Ideia aurretik geneukan, baina Garbiñek Artiumentzako pieza bat egitea proposatu zigunean proiektua abian jarri genuen. Duela urte pare bat- edo elkarrekin Bolex kamera bat erosi genuen eta Javi Aguirre argazki zuzendariak, hori jakinda, iraungitako Kodak pelikulak oparitu zizkigun. Berrogei minutu inguru genituen filmatzeko. Orduan erabaki genuen elkarrekin film bat egin nahi genuela», azaldu dute Barber-ek eta Lameirok.
Hogei minutuko emaitza da “Paraiso”. Filmak bi zati izango ditu. Lehendabizikoa apirilean filmatu zuten eta basoa moztu aurretik erakusten du. Bigarrenak, zuhaitzen mozketa –udan dira botatzekoak– eta ondoren geratuko den lurraldeari erreparatuko dio. «Bi piezak diptiko moduan ulertzen ditugu, elkarrekin joan daitezkeenak film ertain moduan, edo banatuta bi film labur bezala», esan dute.
Paradoxa. «Baso bat moztea ekintza bortitza da eta normalean ekologiaren aurkako zerbait da, baina kasu honetan leku baten antzinako erabilera berreskuratzea zen asmoa, landa eremuan eta landa eremutik bizitzen jarraitu nahi dutenek bultzatuta. Ekintzak onuragarri/kaltegarri dikotomia kolokan jartzen zuela iruditzen zitzaigun», azaldu dute.
Lakaben jaioa da Barber. Gertutik ezagutu du han bizitako prozesua. «Pinudiaren mozketa herri-lurretako mendien berrantolaketa handiago baten parte da, erosioa pairatzeko eta ura lurraldean geratzeko egitasmoaren baitan. Baina emaitzak hemendik hamarkada batzuetara sumatuko dira, lurrak beste denbora batzuk behar dituela ulertu dugu», jarraitu dute bi egileek.


