Berreraikitze birtual batek Foruko erromatar herrixkaren duela ia 2.000 urteko jatorrizko irudia erakusten du
- DataUztailak 6
- Gaia Ondarea, Bestelakoak
Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala uztartzen dituen Foruko bisita berri horiek Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako "Ibilbide Historikoak" programaren barruan sartzen dira. Programa horrek bisitak eskaintzen ditu uztailean eta abuztuan Busturialdea-Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko eta irailean Zin-bidearen historia ezagutzeko. Uztailean, honako leku hauetara bisitak egiteko eskaintza egiten da: Arratzuko Arrola oppiduma (hemen ere esperientzia birtuala eskaintzen da); Ereñoko Ereñozar Erdi Aroko gailurra; Bermeo eta Busturia udalerrien arteko Tribisburuko erromatar nekropolia; Foruko erromatar herrixka; eta Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietako Katilotxuko ibilbide megalitikoa. Gainera, irailean, Zin-bidearen ibilbidea eskainiko da, haren esanahi historikoaren berri izateko. Bisiten egutegia kontsultatzeko era: www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunea, 688.856.689 telefono zenbakia edo ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikoa.
Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide Historikoak" programaren beste edizio bat hasiko da, eta haren barruan, bisita gidatuak egingo dira lurraldeko interes historikoko hainbat gunetan zehar. Oraingo honetan berrikuntza handi batekin dator, Foruko herrixkarako bisita gidatuak; hala, bisitaria oso modu errealean iraganera eramango dute eta I. mendeko erromatar herrixkaren birsorkuntza ikusi ahal izango du. Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituen hondakinek are zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2000 urte tokia nolakoa zen ikusteko aukera izango baitu. Berreraikitze birtual bati esker, historia eta kultura ondarea herritarrei are gehiago gerturatuko zaizkie. Bisitan funtsezko hiru puntu daude, eta haien bidez, esperientzia berri horiek bizi ahalko dira. Horretarako, tabletan botoi bat sakatu, eta herrixkak duela ia 2.000 urteko itxura hartuko du. Lehenengo puntua tailer metalurgiko bat da (II.-IV. mendeak), eta etxeko espazio bihurtzen da (IV. mendea). Bigarren puntua eraikin militar bat da (I. mendea), neurri batean tailer metalurgiko gisa erabiltzen dena (II.-IV. mendeak); ondoren, etxeko espazio bihurtzen da ere (IV. mendea). Hirugarren puntua patioa duen etxe bat da, domus (I.-II. mendeak).


