Pozik daude Agirre eta Abarrategi. Txapelketak izan duen formatu berrira egokitu behar izan dute aurten; baina konfiantzazko bikotekidea izatea lagungarri izan zaie.
Nola gogoratzen duzue zapatuak emandakoa?
Martin Abarrategi: Goizean urduri egon arren, agurra abestu eta lehenengo ofizioa Manexekin egon ostean lasaitu egin nintzen; larregi, agian. Izan ere, ondoren, hamarreko txikian ez nintzen batere fin ibili. Ondoren, poz handia hartu genuen emaitza jakin genuenean.
Saioa aurrera joan ahala, txapeldun ikusten zenuten zeuen burua?
Manex Agirre: Ez; nik, hasieran, ez. Martinek hamarreko txikian asmatu ez bazuen, lehenago, nik, zortziko handian, oso txarto egin nuen. Kartzelako saioan ondo aritu ginen eta ikusi genuen beste bikoteek hutsen bat egin zutela, eta orduan konturatu ginen, beharbada, irabaz genezakeela... Hala ere, azkenera arte ez da jakiten. Gainera, zortzi puntuko aldearekin irabazi genuen. Hori ez da ezer.
Herrikide izatea aldeko izan duzue?
M.Ag.: Bai, nik uste dut baietz. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, bertso eskola berekoak gara... Ez dakit, ez dugu bereziki landu txapelketa: Martin Gasteizen bizi da eta ni hemen... Gehiago landu izan bagenu, hobeto izango zatekeen.
M.Ab.: Eraginik izan badu, positiboki izan da.
M.Ag.: Ez dago zalantzarik. Gauzak adosteko orduan, adibidez, ez dugu zalantzarik egin.
Zer nabarmenduko zenuke bikote-kideaz?
M.Ag.: Nik espero dut txapelketa hau izatea plazara salto egiteko arrazoi bat. Uste dut egiten duela bertsotan ondo, neurtzen eta bertsoa betetzen; eta bukaerako ideian gero eta indartsuago. Bakarka abestu zuenean lehenengo bertsoa, finalean, pentsatu nuen: "Tipo hau nondik irten da?". Plazaz plaza ibiltzeko moduko bertsolari bat iruditzen zait, eta ez bi urte barru, baizik eta orain.
M.Ab.: Nik uste dut Manexek bete dituela nire hasiberri hutsune guztiak. Oholtzan jartzeko taulak, lasaitasuna... Uste dut niri oraindik lantzea geratzen zaidala eta badaukadala nori begiratu. Ni baino esperientzia handiagoa du.


