Caniche Argitaletxeak Artium Museoko Paperetik hitzera programan parte hartuko du ostegunean
- DataEkainak 16
- Gaia Ikusizko arteak, Museoak, Bestelakoak
Caniche praktika artistiko garaikideetan espezializatutako argitaletxe txiki bat da, eta «bestela jendearen eskura egongo ez liratekeen proposamenei ikusgarritasuna ematen» saiatzen da.
Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Paperetik hitzera programan Caniche Argitaletxea, Carlos Copertonek eta Patxi Eguiluzek bultzatutako proposamen artistiko garaikideetan espezializatutako proiektua, izango dugu ostegunean, ekainak 17, 19:00etan. Artista-liburuak argitaratzen dituen eta ohiko zirkuituetatik kanpoko espazioetan esku-hartzeak ekoizten dituen plataforma hori 2015ean sortu zen, «bestela jendearen eskura egongo ez liratekeen proposamenei ikusgarritasuna emateko». El viaje a ninguna parte izeneko hitzaldian, Copertonek eta Eguiluzek Caniche argitaletxearen jatorria, artistekin lan egiteko filosofia eta bere proiektu aipagarrienetako batzuen ezaugarriak azalduko dituzte. Paperetik hitzera Artium Museoak antolatutako liburu aurkezpen eta argitalpen proiektuen programa bat da. Lekua mugatua da eta tokia erreserbatu behar da 945 20 90 20 telefonora deituta.
Caniche argitaletxean idazketak eta ikusizko arte guztiek dute lekua: arte plastikoek, performanceak, argazkigintzak eta arkitekturak. Liburu horietako batzuen jatorria Patxi Eguiluz arkitektoak eta Carlos Copertone hirigintzan espezializatutako legelariak «eraso» deitzen dutena da, ohiko zirkuituetatik kanpoko espazioetan egindako esku-hartze artistikoak. Haien esanetan, Caniche ikaztegi bati egindako eraso batekin jaio zen, Lavapiéseko ikaztegi zahar bateko proiektu artistiko bat aipatuz.
Beste batzuetan, biek artista jakin batekiko duten interesarekin hasten da dena. Prozesu horretatik, eta liburua objektu gisa defendatzeko asmoz, poema-liburuak, argazki-liburuak, narratiba, saiakerak, artista-liburuak… sortu dira, oro har argitaraldi mugatukoak eta berrargitaraezinak.
Canichek argitaratutako azken liburuen artean, Arquitecturas prematuras dago, Isidoro Valcarcel Medinaren arkitekturari buruzko idatzien bilduma bat; Leticia Ybarra idazle, artista eta komisarioaren Fantasmita eres pegamento poema-liburua; edota El ensayo empieza aquí, eredu politikoak zalantzan jartzeari —pandemiak zorroztua— buruzko idatzi-sorta bat, idazle, artista eta pentsalariek eginak, esate baterako Katixa Agirrek, Txomin Badiolak edota Ernesto Castrok.
Paperetik Hitzera artista, idazle, diseinatzaile, historialari, kritikari eta komisarioek egindako liburu eta argitalpen proiektuen aurkezpenen hileroko programa bat da. Proposamen horrek artearen eta argitalpenen artean gertatzen diren etengabeko trukeei erreparatzen die, eta Museoaren liburu-erosketen politikarako funtsezko ikerketa-ildoetako bat ere bada.
Orain arte, Artium Museoak argitalpenaren munduko hainbat ordezkari bildu ditu Paperetik hitzera programan: Sans Soleil eta Consonni argitaletxeak, Mariano Mayer artearen historialaria eta Gema Intxausti artista, besteak beste.
Paperetik hitzera
Caniche Editorial: El viaje a ninguna parte
Ekainaren 17an, osteguna, 19:00etan
Sarrera doan. Toki mugatua
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 20


