Eszenako izen handiak izango ditugu protagonista Arriaga Antzokiaren udako programazioan: Concha Velasco, Imanol Arias eta Ramón Barea, besteak beste

  • Eszenako izen handiak izango ditugu protagonista Arriaga Antzokiaren udako programazioan: Concha Velasco, Imanol Arias eta Ramón Barea, besteak beste
bilbao.eus

  • DataEkainak 15
  • Gaia Arte eszenikoak

Concha Velascok Manuel Martínez Velascoren "La habitación de María" antzeztuko du, José Carlos Plazaren zuzendaritzapean, eta abuztuaren 19tik 22ra ikusi ahal izango dugu.

Imanol Arias protagonista izango da abuztuaren 25etik 29ra, Arriaga Antzokian egingo den erabateko estreinaldian, "La muerte de un viajante", Arthur Millerren lan handiarekin. Egokitzapena Natalio Gruesok egindakoa da eta Ruben Szuchmacher arduratu da zuzendaritzaz.

Urtarrileko estreinaldian izandako arrakastaren ondoren, Arriaga Antzokiak irailaren 2tik 12ra bitartean bere ekoizpen propio "El viaje a ninguna parte" berreskuratuko du, Fernando Fernán Gómezena, Ramón Bareak zuzendutakoa, bera buru duen aktore taldearekin.

Sarrerak ekainaren 21ean, datorren astelehenean, jarriko dira salgai, ohiko bideetan.

% 100 antzerkia. Hori da Arriaga Antzokiak 2021eko udarako programaziorako egiten duen apustua, eta eszenako pertsonaia ospetsuak biltzen dituzten hiru obra eskainiko ditu. Lehenengoa, kronologikoki, Concha Velasco izango da, agertokira abuztuaren 19tik 22ra igoko dena, lau emanaldirekin. Valladolideko aktorea Arriaga Antzokira itzuliko da "La habitación de María" bakarka interpretatzeko. Bakarrizketa horretan Isabel Chacón idazle arrakastatsu eta agorafobikoari bizitza emango dio, zeinak bere bizitzako erabaki garrantzitsuenari aurre egin beharko dion. José Carlos Plazak zuzentzen du Manuel Martínez Velascoren obra hau, eta umore-sen adimentsu baten bidez, emakume horren beldurrak, mamuak eta bizitzako traumak erakusten dizkigu, bidegurutze horretara eraman dutenak.

Handik egun gutxira, abuztuaren 25etik 29ra (bost emanaldirekin), beste aktore ospetsu baten txanda izango da, Imanol Ariasena, hain zuzen ere. Arthur Millerren "La muerte de un viajante" antzezlan bikaineko aktore nagusia izango da, Rubén Szuchmacherren zuzendaritzapean. Arriaga Antzokiak Natalio Gruesok egindako egokitzapen honen erabateko estreinaldia hartuko du, arreta dramaturgia garaikidearen maisulan honetan jarriz berriz ere: gizakiaren inguruko hausnarketa gogor bat da, klasiko bat den aldetik, eta joan den mendearen erdialdean idatzi zenean bezainbeste gaurkotasun du. Imanol Ariasekin batera, Jon Arias, Jorge Basanta, Fran Calvo, Cristina de Inza, Virginia Flores eta Carlos Serrano-Clark aktoreak izango ditugu.

Azkenik, Arriaga Antzokiak "El viaje a ninguna parte" bere ekoizpen propioa berreskuratzea erabaki du, irailaren 2tik 12ra. Aurtengo urtarrilean estreinatu zen, eta arrakasta handia izan zuen kritikaren eta ikusleen artean. Zehazki, zortzi emanaldi eskainiko dira, ostegunetik igandera, irailaren 2, 3, 4 eta 5ean, eta 9, 10, 11 eta 12an. Aukera paregabea da, beraz, pandemiaren ondoriozko murrizketengatik edo beste edozein arrazoirengatik Fernando Fernán Gómezen eleberrian eta ondorengo filmean oinarritutako lan honetaz gozatu ezin izan zuten guztientzat. Muntaiaren zuzendaria Ramón Barea da, eta Barea bera da ere antzezle nagusia: Patxo Telleria, Mikel Losada, Itziar Lazkano, Irene Bau, Diego Pérez, Adrián García de los Ojos eta Aiora Sedano aktoreekin batera igoko da oholtzara. Azken aktore horrek jatorrizko taldean zegoen Olatz Ganboa ordezkatuko du. Antzezlan bikain honek, komikoen konpainia ibiltari baten bidez, Antzerkiaren ogibideari omenaldia egiten dio, benetan bokaziozkoa den lanbideari, eta aurrera egiten jarraitzen duenari, zinema, telebista, Internet eta abar egon arren. "El viaje a ninguna parte"-n koprodukzioa egin du Madrilgo Fernán Gómez Antzokiak, eta Madrilen ere ikusi ahal izango da udazkenean, Bilboko emanaldien ondoren.

Emanaldien ordutegia eta sarreren salmenta: Programatutako emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira. Proposatutako hiru antzezlan horietarako sarrerak ikusleentzat salgai egongo dira astelehenetik, ekainaren 21etik, www.teatroarriaga.eus webgunean eta Arriaga Antzokiko txarteldegietan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri