Erakusketa digital batekin ospatuko du Balentziaga museoak hamargarren urteurrena
- DataEkainak 14
- Gaia Ikusizko arteak, Museoak, Bestelakoak
Joskintza ardatz duen museoak doan zabalduko ditu ateak asteburu honetan
Orain dela hamarkada bat, gaurko egunez zabaldu zituen lehenengoz ateak Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoak. Era horretara, errealitate bihurtu zen goi mailako moda sortzaileen lana gordetzeko, ikertzeko eta mundura zabaltzeko zentro bat eraikitzeko ametsa. Gaur bete dira hamar urte egun hartatik, eta Miren Vives zuzendariak urteurrena «lorpen kolektiboa» dela nabarmendu du.
Hamar urteko ibilbidean 500.000 bisitaritik gora jaso ditu museoak. Bisitari kopurua ez ezik, museoaren ondarea ere handituz joan da urteotan guztietan: Cristobal Balentziaga diseinatzailearen 1.039 piezarekin abiatu zuten proiektua, baina egun 5.559 dira museoko bilduma osatzen dutenak. Era berean, jostunaren figuraren inguruko hamasei erakusketa antolatu dituzte, bilduma propioko zein kanpotik ekarritako materialak erakutsiz. Bestalde, modarekin eta Balentziagarekin lotutako beste hamasei erakusketa jarri dituzte ikusgai azken hamar urteetan. Esate baterako, Zinema, Balentziagaren amets bat erakusketa.


