Bilboko Kalealdia - Kaleko Antzerkiaren eta Arteen Jaialdiak Uria gozaraziko du nazioarteko 28 konpainiaren 58 emanaldirekin
- DataEkainak 14
- Gaia Arte eszenikoak
Ekainaren 28tik uztailaren 3ra ospatuko den Jaialdiak aurre-estreinaldi bat, bost erabateko estreinaldi mundialak eta zazpi estreinaldi Euskadin partekatuko ditu, kaleko antzerki, clown, dantza, instalazio artistiko eta zirkuko piezekin.
Kartela osatzen duten 28 konpainietatik, 12 euskaldunak dira, Udalak tokiko kulturari eta Euskadin sortzen diren lehen mailako proposamen ugariei ematen dion babes garbian.
BILBOKO KALEALDIAN, La Pez Konpainia eta Hortzmuga Teatroa konpainia bilbotarren eta hiru gizarte- eta kultura-erakunderen arteko elkarlanaren lagin bat ikusi ahal izango da, Europako Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak proiektuaren barruko Bitartekaritza Laborategia oinarri hartuta.
Emanaldiak doan izango dira, esteka honetan emanaldi bakoitza baino 48 ordu lehenago lekua erreserbatu ondoren. Sarrera erosteko proposamen bakarra Jean Philippe Kikolasen "Calor" ikuskizunarena izango da; izan ere, dagoeneko salgai ditu txartelak 3 euroren truke. Bildutako dirua ADEMBI - Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emango zaio.
Bilboko Kalealdia- Kaleko Antzerkiaren eta Arteen Jaialdia, Bilboko Udalak urtero sustatuta, ekainaren 28tik uztailaren 3ra ospatuko da. Egun horietan, kaleko arteek hiria hartuko dute. Programazio gehiena doakoa izango da, Bilboko auzotar eta hiriburua bisitatzen duten guztiek goza dezaten.
BILBOKO KALEALDIAREN XXII. edizioaren aurkezpena gaur goizean izan da, Gonzalo Olabarriak, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, eta Pedro Ormazabalek, Jaialdiaren Zuzendariak emandako prentsaurrekoan. Aurkezpenean, programazioaren aperitibo bat ikusi ahal izan da Malas Compañías Zirko Taldearen “Zirkus” ikuskizunaren eskutik. Zirkus ikuskizunak "Compañía Amateur del Club Deportivo" delakoaren historia kontatzen du, euskal zirkuaren historiako atal eder bat berreskuratzeko asmoz. Karakoil Production konpainiak parte hartu du ere Casilda Iturrizar parkean ikusgai egongo den instalazio artistikoaren lagin txiki bat partekatzeko.
“Bilbo antzerkiarekin eta kaleko arteekin murgildutako hiria izango da aurten ere, nolabait normaltasuna berreskuratuko duen jaialdi honekin. Hori bai, dagozkion segurtasun- eta higiene-neurri guztiekin. Ohiko datetara itzultzen da, eta nazioarteko konpainia ospetsu asko hirira itzultzen dira edizio biribil batean parte hartzeko, estreinaldi ugariekin", azpimarratu du Gonzalo Olabarriak.
Aurkezpenean zehar azaldu duten programazioaren arabera, kulturak, antzerkiak eta arte eszenikoek kaleak konkistatuko dituzte eta protagonista izango dira hiriko udako lehen egunetan, “2021 honetan, BILBOKO KALEALDIAN ere ikuskizunen antzezpen hutsetik haratago doazen proposamenei lekua ematearen alde egiten dugu. Hala, dekorazio- eta arte-instalazioez edo bitartekaritza Laborategia-prozesuekin lotutako esku-hartze artistikoez gozatuko dugu, eta ez dira faltako dantza, zirkoa edo antzerkia bezalako diziplinak ere”.
Jaialdia hirian zehar banatutako zortzi agertokitan ikusi ahal izango da: Casilda Iturrizar parkean, sei kokapenekin; baita Arriaga plazan, Areatzan, Areatzako kaian, Gasaren plazan, Areatzako aterpeetan eta UPV/EHU Bizkaia Aretoan ere.
Casilda Iturrizar parkearen kasuan, edizio berri honetarako antzezpen eremua gehiago irekiko da, Arte Ederren Museoaren eremuari Pergolaren eremura gehituz. Gainera, aurreko edizioetan Plaza Berria betetzen zituzten emanaldiak Gasaren Plazara pasako dira, eta Arriaga Antzokiaren atzekaldea erabiltzen zutenak Areatzako Aterpeen eremura eraman dira. Kokapen berri hauen bidez, jendea espazio zabalagoetara joatea lortu nahi da, sakabanaketa handiagoa egon dadin, eta uneoro behar den segurtasun-distantzia bermatze aldera.
12 EUSKAL KONPAINIAK
Udalak aurten markatutako ibilbide-orriaren ildotik, BILBOKO KALEALDIAK gogor egin du euskal konpainien presentziaren alde. Hala, kartela osatzen duten 28 konpainietatik, 12 euskaldunak dira, Jaialdiak tokiko kulturari eta Euskadiko konpainiek sortzen eta bultzatzen dituzten kalitate-proposamenei ematen dien babes garbia erakutsiz.
12 konpainia hauek Rojo Telón, Maite Guevara, “Boni” eta Juan Palomo, Amaia Elizaran, Hortzmuga Teatroa, La Pez Konpainia, Malas Compañías Zirko Taldea, Harrobi, Eva Guerrero CIA, Deabru Beltzak, Kolektivo Konika eta Ertza dira.
Hauekin batera, Bizkaiko hiriburura iristen dira 9 konpainia INTERNAZIONALAK – Frantzia, Portugal eta Brasil- eta Andaluzia, Katalunia, Gaztela eta Leon eta Madriletik iritsiko diren konpainiak ere badaude. Horiek guztiak Europako jaialdi onenen programazioetan egon dira eta daude.
ESTRENALDI EGUNA: EKAINAK 28
BILBOKO KALEALDIA CASILDA ITURRIZAR PARKEAN martxan jarriko da, ekainaren 28, 29 eta 30ean. “Boni” eta Juan Palomoren proposamenekin eta Karakoil Production-en “El jardín de las mil y unas noches” instalazio artistikoarekin inauguratuko da, 17:00etan.
Lehen eguneko arratsaldean, Rojo Telón, Delá Praká CÍA., Jean Philippe Kikolas eta Maite Guevara konpainiak bertatik ere igaroko dira.
Gauean, 22:00etan, ARRIAGA PLAZAK txanda hartuko du Compagnie nº8.ak “Garden Party” aurkezteko. Ondoren, uztailaren 1ean, 2an eta 3an, jaialdia beste agertokietara zabalduko da, UPV/EHUko Bizkaia Aretora edo Alde Zaharrera.
ESTRENALDIAK
BILBOKO KALEALDIA estreinaldiz beteta dator:
Rouge Eleak “On est là tout va bien” estreinatuko du, 10 urtetik gorakoentzako zirku- eta dantza-proposamen bat, uztailaren 1ean, 17:30ean, Plaza Barrian.
Aipatzekoa da, halaber, Karakoil Production konpainiaren “El jardín de las mil y una flores”. Instalazio artistiko horretan, Casilda Iturrizar parkea ikerketa-laborategi BILBOKO KALEALDIAren barruan bihurtzea erabaki dute lore-bitxikerietan esperientzia duten ikertzaileek, apartako lore onirikoak sortzeko: zurezko, metalezko, oihalezko, harizko eta argizko loreak, kolore desberdinetakoak. 17:00etatik aurrera bisitatu ahal izango da Casilda Iturrizar parkean, ekainaren 28, 29 eta 30ean.
Munduko estreinaldiak izango dira, halaber, La Pez Konpainia “Secreto nº12” ikuskizunarekin (Doña Casilda Iturrizar Parkean, ekainaren 30ean, 18:45ean); Harrobi “Harria Herria”-rekin (uztailak 2, 22:00etan, UPV/EHU Bizkaia Aretoan); Hortzmuga Teatroa “Nor bere lekura, prest… ekin!” ikuskizunarekin (Areatzako aterpeetan, uzatailaren 3an, 19:00etan); eta Ertza “Dye, dye, dye”-rekin (uztailak 3, Areatzako aterpeetan, 17:00 eta 21:00etan).
EUSKADIKO ESTREINALDIEI dagokienez, sei konpainia iritsiko dira lehen aldiz Euskadira beren ikuskizunekin.
Lehenbizikoa Delá Praká frantziar-brasildar konpainiaren eskutik etorriko da, “Maiador” aurkeztuko duena Doña Casilda parkean (Arte Ederren Museoaren Eremuan) ekainaren 28an 18:00etan eta 20:15ean. Egun horretan bertan, Compagnie Nº 8 konpainia frantsesak “Garden Party” ikuskizuna aurkeztuko du 22:00etan Arriaga plazan.
Libertivore frantziarrek bi saio egingo dituzte ekainaren 29an eta 30ean Doña Casilda parkean, 18:00etan eta 20:00etan, “Phasmes” zirku metafisikoaren proposamena erakusteko; Pia konpainia portugaldarrak “O2 Oxygen” partekatuko du ekainaren 29an, 22:00etan, Areatzan; eta Madrilgo Trocos Lucos uztailaren 1ean eta 2an Areatzako Kaian izango dira “Tartana” partekatzeko 18:15ean eta 18:30ean, hurrenez hurren.
Uztailaren 1ean eta 2an, 18:00etan eta 20:30ean, hurrenez hurren, emanaldi bikoitzean, Alta Gama CÍA Areatzako aterpeetan izango da “Mentir lo mínimo” proposamenarekin.
Euskadin azken estreinaldia Miquel Barcelona katalanarena izango da. Uztailaren 3an, 22:00etan, “[Kórps]” erakutsiko du Arriaga plazan. Diziplina anitzeko proposamen eszeniko horren bidez itxiko du jaialdia. Dantza garaikidea du ardatz, eta musika elektronikoarekin, ahotsarekin, argiarekin eta antzerkiarekin hitz egiten du.
ESTATUKO ESTREINALDIEI dagokienez, BILBOKO KALEALDIAk lau proposatzen ditu: lehenengoa, La Main S’Affaire-ren “All Right!” ikuskizuna, ekainaren 29an 19:15ean izango da Doña Casilda parkean, eta, konpainia beraren “En Attendant La Suite”, ekainaren 30ean, Arriaga plazan 22:00etan.
Arbre À Vaché (L’) konpainiak "Goodbye Persil" estrenatuko du uztailaren 2an eta 3an, 19:15ean. Joe Sature et Sex Joyeux Osselets frantsesek emango dute Estatuko azken estreinaldia “Ouh La La!”-rekin, uztailaren 2an, 17:15ean eta 19:45ean Gas Plazan.
BITARTEKARITZA-LABORATEGIA
BILBOKO KALEALDIAN Europako Zeharkaldia-Zirkuko Pirinioak proiektuaren barruko Bitartekaritza Laborategiaren proposamenak partekatuko dira. Proiektu honek zirku garaikidearen sorrera eta hedapena sustatzen du Pirinioetako mugaz gaindiko eskualdeetan.
Horrela, La Pez Konpainiak EUSKERIArekin (Bilboko Koral Elkarteko Gazte Korala) eta NEVIPEN elkartearekin (Gutxiengo etniko ijitoak gizarte komunean sustatzeko eta parte hartzeko elkartea) eta Hortzmuga Teatroak ADEMBI elkartearekin (Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko elkartea) egindako proposamenez gozatu ahal izango da.
Lehenengoa ekainaren 30ean izango da, Doña Casilda parkean, 18:45ean. “Secreto nº12” izenburupean kolore gorriko pintada txiki bat agertuko da ahateen urmaeleko baranda batean. Hau dio: “Hemen altxor bat dago eta urak bakarrik daki. Ura gaizki gordetako sekretua da, inork nahi ez duena ezkutatzen du, graziarik egiten ez duena, alferrikakoa, gogaikarria, erretzen dena eta altxorren bat ere bai. Eta ezer itxaron gabe begiratzean, berak gure isla itzultzen digu. Hala, atzean geratu ziren minutu eta minutuak erreskatatuko dira, bi kolektibo hauen errealitate desberdinak ikusarazteko”, NEVIPEN eta EUSKERIA, arte-diziplina guztien bidez.
Bigarrena Areatzako aterpeetan izango da, uztailaren 3an 19:00etan eta Hortzmuga Teatroren eta ADEMBI elkartearen eskutik etorriko da. “Nor bere lekura, prest… ekin!” izenburupean, jende guztiarentzako esku-hartze artistikoak erakusten du bizitza bizitzeko dagoela, “pertsona batzuentzat oztopoz betetako ibilbidea da, eta gehienok ez gara gai ez ikusteko, ez sentitzeko. Proposamen honetan parte hartzen duten lasterkariek erakutsiko dute, hain zuzen ere, bizitza bizitzeko dagoela… baina duintasunez”.
GONBIDAPENAK ETA SARRERAK
Jaialdiko proposamenetako batek bakarrik beharko du sarrera: Jean Philippe Kikolasen “Calor” ikuskizuna. Honek jada sarrerak salgai ditu 3 eurotan. Bildutako guztia ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emango zaio. “Calor” ekainaren 28, 29 eta 30ean emanaldi bikoitzean ikusi ahal izango da, 18:30ean eta 20:30ean, Doña Casilda Iturrizar parkean. Ikuskizun honek clowna eta zirkoko arteak konbinatzen ditu unibertso oniriko eta poetikoan, eta ikusleak sentitzera, imajinatzera eta barre egitera, pentsatzera eta jolastera gonbidatzen ditu.
Bilboko Kalealdiaren gainerako programazioa doakoa da, baina esteka honetan eskuragarri dagoen gonbitetako bat beharko da, emanaldi bakoitza hasi baino 48 ordu lehenagotik lortu ahal izango dena.
Pertsona bakoitzak gehienez ere bi gonbidapen gorde ahal izango ditu, inprimatuta edo edozein gailu mugikorretan.
SEGURTASUN NEURRIAK
Sarrera mailakatua izango da, eta jarduera bakoitza egiten den espaziora sartu ahal izango da jarduera hasi baino 30 minutu lehenago. Eserlekuak banakakoak izango dira, eta sarreraren unean esleituko dira.
Debekatuta egongo da areto barruan jatea, edatea eta erretzea, eta ikuskizuna hasten denean ezin izango da sartu. Hori amaitzean, hustea mailaz maila egingo da, antolatzaileen jarraibideak jarraituz.
Segurtasun-distantzia bermatuta egongo da uneoro, eta maskara nahitaez erabili beharko da.
Udal jaialdi honek INAEMen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa du, baita Metro Bilbaoren eta Ikei Group Comunicación-en laguntza ere.
- Ikuskizunei eta konpainiei buruzko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke.
SARE SOZIALAK
- Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilbao Kultura: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- Bilboko Kalealdia: FACEBOOK


