Kalean dira Ana Malagon eta Xabier Montoiaren ipuin-liburu berriak

  • Kalean dira Ana Malagon eta Xabier Montoiaren ipuin-liburu berriak
uberan.eus

  • DataEkainak 11
  • Gaia Literatura

Ez dakit zertaz ari zaren, bere hirugarren ipuin-liburua, argitaratu du Ana Malagonek, Elkar argitaletxearen eskutik; Xabier Montoiak, berriz, Taxiak ez dira inoiz gelditzen plazaratu du, bere ibilbideko zortzigarrena, Susa etxearekin.

Ironiaren babesean, oskoletik atera nahi

Izenburua irakurrita, berehala atzematen da nork idatzi duen liburua: Ez dakit zertaz ari zaren. Ana Malagonen hirugarrena dugu, eta ipuin-estilo berezi bat garatu duen neurri berean ekarri du izenburu-joera bat euskal literaturara. Aurrez, Lasai ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014), eta Geratu zaitezte gurekin (Elkar, 2017) eman ditu. Lehenengoan, mikro-ipuinak bildu zituen, eta oihartzun polita jaso zuen. Bigarrenean, berriz, narrazio luzeagoak eman zituen, etxeko marka bihurtu den begirada apur bat etsi baina umorez printzatuarekin.

Bilduma honetan orobat topatuko dugu Malagonen zigilua, «tragedia izatera iristen ez diren drama txiki»ak, «ironia» erabiltzen dutenak «urruntze modura, eta garraztasuna defentsarako babes gisa». Hamabost narraziok osatzen dute lana –«Gorrotoa eta irudimena», «Hemen geldituko zara», «17347», «Axola behar zaio, baina bere neurrian», «Babes kopia», «Gertuko familia», «Ezaguna egiten zait, baina ez dut ezagutzen», «Beste guztiak», «Gaueko txanda», «Mina», «Protesiak», «Infernuan infernua ez dena», «Bizilaguna», «Larrialdi zerbitzua» eta «Klaustroa»– eta horietan «denetatik» dagoela adierazi du autoreak; edonola ere, «oskol» batetik ateratzeko ahalegin egin duela gehitu du.

Bi ahots, hamar narrazio montoiar harilkatzeko

Bestalde, Taxiak ez dira inoiz gelditzen kaleratu du Xabier Montoiak, bere ibilbideko zortzigarren ipuin-liburua – aurrez, Emakume biboteduna (Susa, 1992), Gasteizko hondartzak (Susa, 1997); Baina bihotzak dio (Elkar, 2002); Euskal hiria sutan (Elkar, 2006); Fucking Artists (Elkar, 2010); Hondamendia (Elkar, 2015) eta Itxaropen (Booktegi, 2019) eman ditu–.

Hamar narraziok osatzen dute lan hau: «Taxiak ez dira inoiz gelditzen», «Tea ilobarekin», «Sufritzen ote dute harriek?», «Zarata», «Errimelezko malkoak», «Eraztuna», «Hezurrak». «Samuraia eta printzesa», «Galtzen ere traketsak» eta «Incapable of love». Ohi bezala, Susa argitaletxearen liburuak sarean irakur daitezke. Montoiarena, hemen.

Ipuinetako denetarik gaiak jorratzen badira ere, bi ahots nabarmentzen dira: «hainbat kolpe bizi izan dituzten bi emakume dira, behin baino gehiagotan zerotik hasi behar izan dutenak, aukera hobe baten bila». Josu Landa Susako kideak aditzera eman duenez, irakurleak «Montoia peto-petoa» topatuko du narrazio hauetan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri