Gaur hasiko da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdiaren hamalaugarren edizioa

  • Gaur hasiko da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdiaren hamalaugarren edizioa

  • DataEkainak 7
  • Gaia Musika

Gaur arratsaldean hasiko da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Zinema Jaialdia Trueba Zinema-aretoetan, eta larunbatean amaituko da, Principal Antzokian. Sei egunotan, proposamen interesgarriz beteko dira aretoak eta, itxura guztien arabera, edizio oso berezia izango da, 23 proiekziorekin. Zazpi lan egongo dira Sail Ofizialean, eta zortzi filmek osatzen dute lehiaketatik kanpoko film luzeen Perfect Day atala.Gainera, lehiaketara aurkezten diren 8 dokumentalez osatutako film laburren Lehiaketa Atala izango du Jaialdiak.

Gaur, Espainian estreinatzen den Wiebke Pöpel-en “Helmut Lachenmann” lanarekin ekingo zaio Jaialdiari; Helmut Lachenmann (85 urte) konpositorearen erretratu pertsonala da filma. Musika garaikideari bere “Musique Concrète Instrumentale” estilo bereziarekin eman dio forma Lachenmannek azkeneko 50 urteetan.

20:30ean, “Sisters with transistors” eskainiko da Trueba zinema-aretoetan. Lisa Rovnerren lehenengo lana da, eta musika elektronikoaren munduan aitzindari izan ziren emakumeak omentzen ditu; BBCren laborategietan etorkizuneko doinuak sortzen zituztenak (Delia Derbyshire, Daphne Oram) zein 70eko hamarkadan nabarmendu zirenak (Laurie Spiegel, Suzanne Ciani), Laurie Andersonek kontatuta.
Dock of the Bay jaialdiko Elkarrizketak

“Elkarrizketak” espazioa ere iragarri du Dock of the Bay Jaialdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan antolatuko duena. Aarón Rodríguez Serranok koordinatuta, “Zelaiz kanpo: kultura berrabiaraztea” izenburua izango du “Elkarrizketak” atalak.

2021eko Elkarrizketak espazioak musikaren eta zinemaren etorkizunari buruzko solasaldi guztiak menderatzen doan galdera batetik abiatzen dira: “Nola berrabiarazi gure etorkizuna?”. Horretarako, hainbat teorialari, kritikari, programatzaile eta zinema-zuzendariri egingo zaie eztabaidatzeko gonbidapena, bi egunetan, ordu eta erdiz. Ekainaren 9an izango da horietako lehenengoan, Xabier Erkizia konposatzaile, soinu-artista eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagile eta Dardarako zuzendariak, Arantzazu Callejakonposatzaile eta Akelarre filmarekin Goya irabazi duen sortzaileak eta Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizleak hartuko dute parte.

Hurrengo egunean, Maialen Beloki Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendariorde eta Dock of the Bay Jaialdiko epaimahaikidea, Aida Vallejo ikerlari eta irakaslea, Esther Cabero kultura-kudeatzailea eta Kimuak euskal film laburren sustapenerako eta banaketarako programaren koordinatzailea, eta Jara AyucarZineuskadiko komunikazio-arduraduna izango ditugu Industria eta Jaialdien Elkarrizketan.

Epaimahaia

Honako hauek osatuko dute Lehiaketara aurkezten diren Film Luzeen Ataleko epaimahaia: Niño de Elcheizenaz ezaguna den Francisco Contreras diziplina anitzeko artistak; Lois Patiño zinemagile eta artistak; eta Maialen Beloki Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendariordeak.

Bestalde, honako hauek osatuko dute lehiatuko diren Film Laburren Ataleko Epaimahaia; Xabier Erkiziamusikagile eta arte-ekoizleak, Marina Lameiro zinemagileak eta Kimuak egitasmoaren koordinatzaile Esther Caberok.

Atal Paraleloak

Dock Live! diziplina arteko espazio bat da, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen inguruan lan egiten duten hizkuntzen eta artisten arteko bidegurutze izan nahi duena. Bi saio berezi izango ditu aurten Dock Live! sailak, ekainaren 10ean eta 11n, Tabakalerako Kutxa Kultur-en eszenatokian. Hilaren 10ean, osteguna, 19:00etan, Richard Mascherin dantzariaren “Caer, caer, caer” dantza-performancea eta proiekzioa eskainiko da; ostiralean, berriz, hilak 11, 19:30ean, kontzertua eta proiekzioak Aitor Etxebarriaeta Hannot Mintegiarekin, “Desde la Aleatoriedad” izenburuarekin.

Jaialdiak irauten duen egunetan, gainera, Kutxa Kultur Plazaren video-wallean, egunero proiektatuko dira Musikeneren bideomusika lanak, 12:00etan, 13:00etan eta 20:00etan, “The Body, the Gesture” izenburuaren pean.

Bestalde, zuzeneko hainbat irratsaio egingo da sariketan zehar. Niño de Elche musikariak “El disco de tu vida” aurkeztuko du Asier Leoz eta Juan Luis Etxeberriaren eskutik ekainaren 11n, ostirala, Kutxa Kultur Plazan, eta hurrengo egunean zuzenean emango da Docs&Talks irratsaioa. Bestalde, “Carántula” podcasta grabatuko da, soinu-saio grafiko berezia; musikaz eta azalen diseinuaz hitz egingo da saio horretan. Jabier Rodriguez, Fran Fraca eta Iñigo Basurkoren eskutik.

Edizio honetan, gainera, eszenatoki berria aurkezten du Dock of the Bay jaialdiak, Dabadaba hain zuzen ere, “Waiting for B” eta “Samantha Hudson: Una historia de fe, sexo y electro-queer” filmen proiekzioekin, hilaren 9an eta 11n, hurrenez hurren, 20:00etan. LGTBI kolektiboei eta giza eskubideei ikusgaitasuna emateko aukeratu dira film biak.

Eta, hain zuzen ere, Dabadaban egingo da brunch saioa, DJekin, bai eta “Las Penas” taldearen disko berriaren zuzeneko aurkezpena ere.

Jarduera paraleloen egitarau bete-betea, aurtengo edizioko film labur eta luzeen proiekzioen egitaraua osatuko duena.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri