Miren Agur Meabek 'Itsasoaren atea' haur literaturako nobela kaleratu du
- DataMaiatzak 26
- Gaia Literatura
«Lekeitiarra izanik, itsasoa beti dago presente nire kontakizunetan». Hala esan du, irribarrez, Miren Agur Meabe idazleak (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Eta, oraingo honetan ere, ez da gutxiagorako. Izenburutik hasita, Itsasoaren atea du izena haren lan berrienak. Atlantikoan galdutako Ubarroien uhartera egindako bidaia kontatzen du lanak, eta Maite Gurrutxaga ilustratzailea arduratu da zuri-beltzeko irudiak sortzeaz bidaia horrentzat. Nobelarekin joan den urteko Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zuen idazleak, eta berriki aurkeztu du Elkar argitaletxeak, online egindako prentsaurrekoan.
Liburuak XIX. mendera darama irakurlea. 13 urteko Elora Duval izeneko neska da protagonista nagusia, eta, ama hil ondoren, bizimodu berri bati ekin beharko dio Brigita amonaren baserrian. Lanean hasiko da, umezain, hango jauregi batean, eta laster estutuko du harremana bertako Arianerekin. «Ez Elora eta ez Ariane ez dira neska arruntak: beste inork igartzen ez dituen mezuak edota gertaerak hautemateko gaitasuna dute», azaldu du idazleak. Bien artean aspaldiko kondaira tragiko baten korapiloa askatuko dute.
Astebetean garatzen den istorioan «ezusteko ugari» izango dituzte bi protagonistek. Hala ere, amak protagonistari behin baino gehiagotan errepikatzen zion leloak zeharkatuko du istorio osoa: izan bihotz esaldiak. «Era batera baino gehiagotara interpreta daiteke leloa, baina eskuzabaltasunarekin eta ausardiarekin du lotura», nabarmendu du idazleak. Era berean, emakume leinu «garrantzitsu» bateko partaide dela ikusiko du Elorak.


