Iñaki Ortiz de Villalba: «Diskoa zuzenean defendatu behar da; hori falta zaigu»
- DataApirilak 16
- Gaia Musika
2018an sortu zuen Iñaki Ortiz de Villalbak (Gasteiz, 1971) Modus Operandi taldea, izen bereko lehen diskoa argitaratzearekin batera. Aurkezpen bira arrakastatsu baten ondoren «45 kontzertu baino gehiago eman genituen lehen uda hartan, eta hori asko da talde berri batentzat», bigarren bira indartsu baterako prestatzen ari ziren. Baina pandemia iritsi zen, eta bertan behera utzi behar izan zituzten Euskal Herrian, Katalunian eta Suitzan iragarriak zituzten kontzertuak. Itxialdia sormenerako baliatu zuten, ordea, eta bigarren diskoa kaleratu zuten urte amaieran: Dantza gaitezen hil arte (Baga-Biga).
Kontzertuak bertan behera, taldekide batzuk joan eta berriak etorri, itxialdia... Nola gailentzen da sormena horren gainetik?
Talde bat baduzu, aurrera egin behar duzu edonola; talde bat ez daukazu geldi egoteko. «Gogoko tokian aldaparik ez» esaten da, ezta? Egia da, dena eten zen bat-batean, eta zapuztu ziren gure ametsak, baina argi ikusi genuen zailtasun ugari izan arren aurrera egin behar genuela, ezin genuela esperantza galdu. Eta hortik hasi ginen hurrengo diskoan pentsatzen eta hura prestatzen.
Baikortasunerako disko bat da. Egoerak izan du zerikusirik?
Esango nuke egoerak ez duela baldintzatu diskoa; guztiz kontrakoa: lehendik genituen ideiak indartzeko balio izan digu. Kantuak aukeratzerakoan argi nuen aurreko diskoaren aldean ezberdinak izan behar zutela, eta beste ildo batzuk jorratu behar genituela: ez bakarrik ska, baizik eta rock, dance, funk, pop... Baina ideia horiek bagenituen pandemia iritsi aurretik.
Taldekide berriak egoteak nola eragin du diskoan?
Asko; disko ezberdin bat da, hasieratik bukaerara. Eta hor zutabe garrantzitsu bat izan da Josu Erbiti, diskoa jantzi duelako goitik behera, jakin izan duelako zer-nolako soinuak behar zituzten kantuek une oro. Ez da bakarrik gure soinua; jantzi eta atondu egin du bestelako soinu askorekin: gitarrak daude, perkusio elementuak, teklatuak, base elektronikoak... Nik buruan nuen nolakoak izan behar zuten kantuek, eta Josuk berehala hartu zituen ideiak. Kantu guztiek irabazi dute haren produkzioari esker.


