Tabakalerak jolasarekin esperimentatzeko espazio berri bat aurkeztu du, Julio Le Parcen obran inspiratuta
- DataApirilak 14
- Gaia Ikusizko arteak
Situ-akzioak ekimenaren zortzigarren edizioak esperimentazio sentsorialerako espazio bat proposatzen du, haurrek eta helduek elkarrekin goza dezaten. Julio Le Parc artistaren lana du inspirazio iturria.
Datorren apirilaren 15ean, Tabakalerak Situ-akzioak #8, haur eta helduei zuzendutako esperimentazio sentsorialeko gunea inauguratuko du, Maushaus taldearen eskutik. Julio Le Parc artista argentinarraren lanean oinarritutako egitasmoa da, egun Tabakalerako Plazan ikusgai dagoen Kuboa pieza monumentalaren egilearena, hain zuzen ere.
Orain aurkezten den espazioa diseinatzeko eta egiteko lehen tailerrak 2020ko martxoaren hasieran egin ziren. Une hartan, COVID-19ak eragindako pandemiak proiektua geldiarazi zuen, baina konfinamendu-aldian prozesuan inplikatutako eragileek modu deszentralizatutan lanean jarraitu zuten. Urtebete geroago, berri pozgarria da gune berri hau aktibatzea, txiki eta helduek elkarrekin jolas dezaten.
Espazioa ostegunetik igandera bitartean egongo da irekita ekainaren amaierara arte, eta jolaserako paisaia irekiak proposatzen ditu, elkarrekin eraiki, eraldatu eta jolasteko aukera ematen duten eszenatokiak. Julio Le Parc-en obran ezinbestekoak diren elementuak dira abiapuntua: argia, kolorea eta mugimendua.
Tabakalerako lehen solairuko nabeetako batek hartuko du gune berezi hori eta sei sektoretan banatuta egongo da, artista argentinarraren lan-prozesuan agertzen diren kontzeptuetan oinarritutakoak guztiak: kolorea eta bariazioak; islak, biderketak, alterazioak; mugimendua, jolasa, lekualdaketa; mugikorrak; argiaren deskonposizioa eta koloretako itzalak.
Sei guneetako bakoitzean jolasa eta esperimentazioa ahalbidetuko duten hainbat elementu jarriko dira, hala nola: Newtonen diskoak, gainazalen konbinazio desberdinak, kristalak, metalezko xaflak, metakrilatoa eta beste material batzuk, kaleidoskopioak, agamografoak edo Agam tolestura.
Situ-akzioak ekimenaren zortzigarren edizio honetan, Maushaus arkitektoen kolektiboak aktiboki parte hartu du elkarrekin garatutako sormen-prozesuan, Hezkuntza taldearekin eta Medialab Tabakalerarekin batera.
Jolas libreko saioek 45 minutuko iraupena izango dute, eta haurrei eta helduei zuzenduta daude. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretiksarrerak.tabakalera.eus.-en erreserbatu behar dira.
Proiektuaren aurrekariak
Situ-akzioak proiektua 2018ko martxoan hasi zen, Tabakalerako Hezkuntza eta laborategiek sustatutako sorkuntza-prozesu batetik. Prozesu horren helburu nagusiak praktika artistiko garaikideekin eta ikaskuntzarekin lotutako prozesuak garatzea izan zen; bai eta elkarrekin bizitzeko, sormena lantzeko eta ezagutza partekatua sortzeko espazioak eratzea ere.
Urte hauetan zehar, proiektua Tabakalerara beren esperientziak, interesak, beharrak eta denbora partekatzera hurbildu diren familiekin lankidetzan garatu da.
Biografiak
Maushaus arkitektura eta artearekin lotutako ideien laborategia da. Jolas, ekintza eta performancearen bidez transmititzeko moduak bilatzen ditu, eta, horrez gain, guztiok barruan daramagun jolasteko gaitasuna ikusarazten du.
Julio Le Parc (Mendoza, 1928) Parisen bizi den artista franko-argentinarra artearen historian ezinbesteko sortzailea da. Arte zinetikoaren eta Op Art-aren aitzindaria, GRAV (Groupe de Recherche d 'art Visuel) kolektiboaren kide sortzailea izan zen. 1966an Veneziako Bienalaren sari nagusia irabazi zuen. Eragin handia izan du sorkuntzan eta artista belaunaldi berriengan izaten jarraitzen du. Bakarkako erakusketen protagonista izan da Palais de Tokyo-n, Buenos Airesko Latinoamerikako Arte Museoan eta New Yorkeko Metropolitan-en; erakunde horretan erakusketa bat egiten duen lehen artista latinoamerikarra izan zen. Frantziako Kultura Ministerioaren Ohorezko Legioa jaso zuen 2019ko abenduan.


