Moving Artists edo nola erraztu sormenaren praktika eta fluxua

  • Moving Artists edo nola erraztu sormenaren praktika eta fluxua

Moving Artists elkarteak 2017an ekin zion bere ibilbideari Bilbon, kideak sinetsita zeudelako praktika artistikoa ondasun unibertsala dela, gu denok osatzen eta mamitzen gaituena; egoera askotan garatzen, hedatzen eta babesten zaila den ondare ukiezina. Praktika hori errazte aldera, krisian edo gatazkan dauden lekuetan artisten mugikortasuna aktibatzeko baliabide bat jarri zuten martxan. Irak edo Palestinan lan eginik hartutako eskarmentuari esker, orain, COVID-19ren krisialdian bete-betean gaudela, ezin hobeto aplika daitekeen mekanismoa mamitzen asmatu dute. Ignacio Rodríguezekin batera proiektuaren sortzaile izan den Ixone Sádabak bere lana zertan den azaldu digu.


Nola sortu zen Moving Artists? Non du jatorria?

Guk geuk gerra-gatazketan eta gatazka sozialetan izandako esperientzietatik sortu da Moving Artists. Konturatu ginen inor ez zela halako lekuetara joaten bidaian, beldurraren beldurrez; komunikabideek leku arriskutsuak zirela adierazten zutelako. Gainera, bertako artistek ere ez zuten handik irteterik, ezinezkoa zutelako bisatua lortzea.

Artista horiekin bizitzen eta banatzen ari ginen esperientzia, aberasgarria ez ezik, katalizatzailea ere bazen guretzat, eta erabat naturala genuen gure sentipen hura beste artista batzuekin elkarbanatzea, alde batekoekin zein bestekoekin, joan-etorria sortuz. Bestela lortu ezin diren bisatuak horiek proiektu artistikoen bidez eska daitezke. Izan ere, kultura, beste gai batzuk bezalaxe, bideratzaile diplomatikoa ere bada; gutxietsi ezin dugun indarra, boterea.

 

[Argazkia: Moving Artists]


Zer helburu ditu zuen elkarteak?

Elkartearen helburu nagusietako bat da praktika artistiko garaikideari aintza eta errespetua ematea, ondare immaterialaren ondasuna baita, denon artean babestu beharrekoa, egoera zailetan edo latzenetan ere mamituko bada. Jardun artistikoa merkatuarekin lotzen da gehienetan, eta jarduna bideratzen duten kultura-erakundeekin. Horrek, ordea, "emaitza" fisiko baten edo objektu baten mende egotera behartzen du artea, eta horrela ezinezkoa da jardun artistikorik mamitzea jardun horri eutsiko dion erakunde- edo negozio-sarerik ez dagoenean (gatazkatan edo krisi-garaietan, adibidez). Horregatik, gure ustez oso garrantzitsua da praktika artistikoa bera, objektu artistikotik harago doan esperientzia eta pentsamendua, horrek laguntzen diolako irauten, egoera edozein dela ere.

Horretarako sortzen dugu mugikortasuna, hainbat itxitura hausteko asmoz, besteak beste gurea, mendebaldeko artista askok ez baitakigu munduko beste leku batzuetan zer egoera bizi duten gure arte-kideek.


Askotariko errealitate kultural eta artistikoen arteko solasaren bila, testuinguru bakoitzeko eragileengana jo behar dugu. Nola ehuntzen dira lankidetza-sare horiek? Zer antolaketa-gaitasun dute eragile artistikoek krisi-, gatazka- edo gatazka-osteko eremuetan?

Hain zuzen ere, urte hauetan ikasi dugun gauzetako bat da kontzeptu eta funtzionatzeko modu asko mendebaldekoak direla eta ez dutela inongo zentzurik beren testuingurutik kanpo. Artean, "eragile" kontzeptua guztiz mendebaldekoa da, ez dago halako kontzepturik beste inon eta, beraz, testuinguru desberdinekin modu desberdinetan erlazionatzen ikasi behar izan dugu.

Gainera, testuinguru horiek denetarikoak dira, eta, beraz, ezin dugu ezer orokortu. Palestina, Afganistan, Madril, Kurdistan, Bilbo eta beste hainbat lekutan egoera desberdinak dituzte oso, eta bakoitzak bere espezifikotasuna errespetatzea behar du.

Gure kasuan, lankidetza-sareak bi mailatan ezartzen ditugu. Alde batetik, profil baxuan eta maila berean, zuzenean artistekin aritzen gara: haiekin elkartzen gara eta beren nahiak, beharrak, indarguneak edo gabeziak zein diren jakiten dugu. Eta, beste maila batean, tokiko erakundeekin, horiekin ere biltzen baikara. Bi trukeetatik jasotzen duguna oinarri hartuta, testuinguru bakoitzerako programa espezifikoak diseinatzen ditugu.

 

[Niga Salam, Irakeko Kurdustako artista, 2018an Bilbon bizi izan zen. Argazkia: Moving Artists]


Elkartearen funtsezko proiektuetako batek bide bikoitzeko egoitza-programa bat dakar berekin: gure inguruko artistak hara doaz, bi hilabetez herrialde hartan bizitzera eta, alderantziz, hangoak hona datoz, gurean egotera. Nolakoa da egoitza horiek antolatzeko lana?

Egoitzak bere horretan antolatzea ez da bereziki nekeza (baina lana galanki egin behar da). Gure kasuan, zailena da lehenengoz beste herrialde batera sartzea; leku bakoitza mundu bat da, eta litekeena da hemen ziurtzat ditugun egiturek han ez funtzionatzea berdin, ez halakorik egon ere ez egotea. Programa egokitu egin behar da, mamituko bada.

Egoitzetako lanari dagokionez, egoiliar bakoitzaren izaeraren araberakoa da gehien bat egin beharreko lana, ez hainbeste egoiliarraren jatorriaren araberakoa.


COVID19ren krisia mundu osoan nabaritu da, eta agerian utzi du, gainera, arte-egitura asko zenbateraino ahul diren. Nola eragin dio horrek Moving Artist-i?

Jakina, mugikortasuna mugitu izanak izugarri eragin ditu, baina lanean jarraitu dugu, tokian tokian bada ere Kezkagarria iruditzen zaigu oso, Europa, Ingalaterra, AEB … txertoak ekoizteko patenteak askatzearen aurka egotea eta Europak COVID pasaportearen alde egitea.

Lehendik ere  oso zaila zen bisatuak lortzea herrialde jakin batzuetako artistek bidaiatzeko aukera izan zezaten, eta hemendik aurrera are gehiago zailagoa izango da. Mugatze horrek oso isolatuta utzi ditu, eta, horren ondorioz, gu ere halaxe gaude.

 

[Gashbin Ari Othman (Suleimaniya, 1998), artista irakiarra, iazko egonaldian. Argazkia: Moving Artists].


Krisi-testuinguru honetan, "Artea non-nahi” ekimena jarri duzue martxan, sortzaileen ber-bertako sarea babesteko. Zer da eta zer erantzun jaso du?

Arte Non-nahi proiektua beste leku batzuetan ere eginda daukate. Zehazki, Lituanian ikusi genuen guk. Bertako artisten obren fitxa teknikoak hiriko kaleetara ateratzea da kontua.

Bilboko markesinetan dauzkagu jarrita obra batzuk, fitxa teknikoa bistan dutela: egilea, teknika, neurriak, zer urtetan sortutakoa den, eta prezioa. QR kode baten bidez web orri batera sar daiteke nahi duena, eta hor ikusiko du obrak non dauden kokatuta, eta obren galeria birtual bat ere izango du eskura, bateren bat gustatuz gero, erosteko. Erosketaren dirua osorik doa egilearentzat, ez dago inolako komisiorik.

Sektorea aktibatu nahi dugu, bidea ireki nahi dugu edozein has dadin kolekzionista izaten, nahi izanez gero.

Oraingoz, artisten erantzuna ikaragarria izan da, 120 obra jaso ditugu proiektua gauzatzeko. Espero dugu jendeak irrika berberarekin erantzutea; hala bada, proiektu hau errepikatzeko modukoa izango da, beharbada, urtero.

 

[Argazkia: Moving Artists]



Zer asmo duzue Moving Artists-ekin aurrera begira?

Moving Artists-ek gizarterako aberasgarri diren artistak erakarri nahi ditu. Agerian gaude, eta ahotsa badugu; botere itzela da hori. Bizitzea egokitu zaigun gizarte honetan inoiz baino beharrezkoagoak ditugu artistak, sormena eta jarrera kritikoa.

--

(*) Material osagarria

Bideoa: Moving Artists-ek Mosulen egindako lana (2019ko irailean)

 

(2021eko martxoaren 30ean argitaratutako Berezia).