Bilboko Udalak igande goizetan kontzertu-ziklo berritzaile bat abiatuko du Bilborock Aretoan
- DataMartxoak 25
- Gaia Musika
Formatu txikiko emanaldiak dira, publiko gazte bati zuzenduak; hilean behin egingo dira, 13:00etatik aurrera.
Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke, aurretiaz, 5 euroko prezioan, https://entradium.com/events/presentacion-de-nainonai-tronco web orrian. Txarteldegian ere erosi daitezke, 7 eurotan.
Kontzertuetako lehena martxoaren 28an izango da, TRONCO bikote katalanaren eskutik.
Bilboko Udalak estreinako aldiz abiatuko du goizeko kontzertuen ziklo bat, formatu txikikoak, publiko gazte bati zuzenduak.
Musika-emanaldiok hilean behin egingo dira, beti domekaz, 13:00etatik aurrera, Bilborock aretoan.
Ekimen honekin, Udalak gazteentzako musika-eskaintza handitu du urian, eta gazteen eskariari erantzuten dio, beraiek honelako ekimenak eskatzen eta eskertzen baitituzte: aisialdiko eta kulturako proposamenak, segurtasunez eginak.
EGITARAUA
Martxoaren 28a, domeka, 13:00etan:
TRONCO, bikote katalana, bi neba-arrebek osatua: Conxita eta Fermí Herrero. Haien abestiek irudimena eta xalotasuna, bat-batekotasuna eta eromena nahasten dituzte, lotsagabekeria punttu batekin eta punk espiritu tanta batekin.
Folka, popa, logelako teknopopa, psikodelia eta punka.
Aldez aurreko salmenta: https://entradium.com/events/presentacion-de-nainonai-tronco
Apirilaren 11, domeka, 13:00etan:
LUCIA Y EL LERDO. Oso leku ezberdinetatik datoz: jazzetik eta komediako musikatik. Halere, Lucía Salcedo (ahotsa) eta Ibon Belandia (ahotsa eta gitarra) elkarrekin abestera eta barre eragitera kondenatuta daude. Euren hitzak umorez bilduta, duo akustiko honek kutsu klasikoko melodiekin eta euren bizi-esperientzietan oinarritutako gaiekin harritzen gaitu.
Aldez aurreko salmenta: https://entradium.com/events/igan-days-lucia-y-el-lerdo
Maiatzaren 9a, domeka, 13:00etan:
DEBAJO DEL PARAGUAS, Bilboko pop-rock taldea, emakume ahots pertsonalekin. Abesti itsaskorrak eta poz kutsakorra.
Aldez aurreko salmenta: https://cutt.ly/bilborock
Ekainaren 20a, domeka, 13:00etan:
AIRU taldea Irune Vega konpositorearen proiektu pertsonaletik sortu zen, Erik Gonzalez, Mikel Izarra eta Patricia Echanoveren laguntzaz. Bilbon finkatuta, talde honek hizkuntzaren atzean ezkutatutako esanahia miatzen du. Riff soilen proposamen minimalista bat, sentimentalismoa, melodia goibelak eta ahots iluna, literaturako eta zinemako zenbait obren aipamenekin.
Aldez aurreko salmenta: https://entradium.com/events/igan-days-airu-bilbao
Ekaineko kontzertuaren ostean, musika-saioen programa hau irailean itzuliko da.
OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK
Programa hau Igandays izenarekin jaio zen, eta COVID19aren aurkako osasun-segurtasuneko arauak eta gomendioak bete beharko ditu.
Hala, gehienez 101 pertsona sartuko dira aretoan. Jendea eserita egon beharko da, eta maskara derrigor erabili beharko dute ekipamenduaren barruan. Arau hauek pertsona guztientzat dira (publikoa, artistak eta Bilborockeko langileak).


