Zuri Goikoetxea: "Berlinale Talents-en parte hartzea oso inspiragarria izan da; nire aurreikuspen guztiak gainditu ditu"
- DataMartxoak 23
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Berlinale Talents-en online edizioan aste oso bat eman ondoren, bizitako esperientziaren berri eman digu Zuri Goikoetxeak, eta egun garatzen ari den lanen inguruko xehetasunak ere azaldu dizkigu.
Zineuskadi: Nolakoa izan da zure parte-hartzea Berlinale Talents-en?
Zuri Goikoetxea: Hautatua izan baino lehentxeago, aurtengo edizioa online izango zela esan ziguten, eta handik gutxira, aukeraketaren berri izan nuen. Alde batetik, oso pozik nengoen, baina, bestetik, topaketa presentziala ez izateagatik pena hartu nuen. Ez da gauza bera, noski,horrelako ekitaldi garrantzitsu batean zure etxetik edo Berlinetik parte hartzea. Itxaropena nuen, gogo handia, baina zalantzak ere banituen.
Hala ere, esperientziak nire itxaropen guztiak gainditu ditu; espero nuena baino askoz hobea izan da, oso inspiragarria. Komunitate bat sortzen ari ginela sentitu dut, eta oso zaindua eta errespetatua sentitu naiz. Horrelako ekimenetan munduko leku guztietako zinemagileekin, aholkulariekin, zuzendariekin eta finantzatzaileekin harremanetan jartzeko aukera daukazu, eta, aldi berean, eskuragarri ez dauden profesionalen tailerretan parte hartzeko aukera ere ematen dizu. Gainera, egunak joan ahala elkar hobeto ezagutzen eta askatzen joan ginen.
Zineuskadi: Zer egin duzu BerlinaleTalents-en?
Zuri Goikoetxea: Mundu osoko 200 pertsona inguru aukeratu zituzten. Normalean Berlinera eta Berlinale jaialdira joateko gonbita egiten dizute, eta aukera duzu filmak ikusteko. Aldi berean, beste talentu batzuekin networking saioak, lantegiak eta munduko zinemagile onenekin klase magistralak egiteko aukera duzu. Oraingo honetan, baina, dena online egin behar izan dugu.
Maila handia zegoen.Adibidez, saio bat izan dugu Berlinaleko aurreko edizioetan saritutako zinemagileez osatua zegoen aurtengo epaimahaiarekin. “Talents”-ok, normalean, EFM (European Film Market) merkatuan parte hartzen zutenentzako saioetara joaten ginen, eta gero, bereziki guretzako prestatzen zituzten saio pribatuetara ere, galderak egin ahal izateko.
Oso programa trinkoa da. Lehenengo jardunaldian coach batekin meditazio saio bat izan genuen hemendik lau urtera gure burua nola ikusten genuen proiektatzeko. Dena Zoom bidez egin genuen, eta, ondoren, lau pertsonako talde txikiagoetan banatu gintuzten, solasean hasteko eta gainerako lagunak ezagutzeko.


