Abel Enbeita: «Zenbat gara euskara kultur hizkuntza izatea nahi dugunok?»
- DataMartxoak 20
- Gaia Arte eszenikoak
Bere bizitzaren errepasoa egin du aspalditik Abornikanon (Urkabustaiz) bizi den Abel Enbeita bertsolari bizkaitarrak.
Kepa eta Abel Enbeitarekin Abornikanoko errotan gelditu gara bazkaltzeko. Muxikan (Bizkaia) sortu eta 1969an etorri zen Arabara Kepa anaia eta bien emazteekin. Tarteka Kepa batu zaigu, eta berarekin aurrerago beste elkarrizketa bat egitekotan alde egin dugu.
1942an sortu zinen Ormetxe baserrian, ze harreman zenuten enbeitatarrek euskararekin?
Etxean euskara besterik ez zen egiten, baina euskara bera ere zuzen erabili behar zen bestela... Ni gogoratzen naiz anai bat aitari joan eta "aita, auzoko batek jo dit", eta aitak pla belarrondo bat eman, eta "orain joan beragana eta zuk ere jo bera!". Gure auzoan esaten zen bentanea, tenedora, baina etxean leihoa esan behar zen, lauhortza....
Lan asko egin behar izan zenuen umetan?
Bai, Kepa anai zaharrena nik sei urte neuzkala joan zen fraide, eta nik ondotik 5 anaia-arreba neuzkan –bat umetan hil zen–. Eskolatik irten eta korrika etxera laguntzera, bestela zigorra. Eskolan sei urterekin hasi nintzen, eta maisuak esaten zuena ulertu ez. Errekreoan euskaraz egitea ere galarazita geneukan.

