Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Eceiza zinemagileak aukeratu dituzte Noka Mentoring programaren hirugarren edizioan

  • Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Eceiza zinemagileak aukeratu dituzte Noka Mentoring programaren hirugarren edizioan

  • DataMartxoak 15
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

35 proiektu aurkeztu dira, 2020an baino % 52 gehiago.

Hautatutako hiru proiektuek ospe handiko aholkularien laguntza eta aholkularitza izango dute 2021ean zehar.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring programaren deialdia ebatzi dute gaur. Euskal emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu. 

Noka Mentoring Eusko Jaurlaritzak sustatutako programa bat da, Euskadiko eta Nafarroako emakume zinemagileei zuzendua, sortzen ari diren film luzeen proiektuak tutorizatu eta laguntzeko. Hirugarren edizio honetan, Tabakalerak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko garapen-programetan zein Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF), Euskadiko Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera parte hartzen duen sare instituzional eta profesionalean integratu du.

Noka Mentoringek Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Eceiza hautatutako hiru zuzendariei denbora, espazioa, testuingurua eta laguntasun profesionala eskainiko dizkie beren filmen lehen fasean, bai eta zuzendaritzari buruzko dosier bat egiteko unean ere, parte-hartzaileek zinemagintzaren arloko beste laguntza batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, bai Eusko Jaurlaritzarenak, ICAAkoak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), bai nazioarteko zinema-industriako foro profesionalenak.

Nazioarteko tutoretzak

Prozesu osoan hiru tutorek parte hartuko dute, Mar Coll, Celia Rico eta Diana Toucedo, eta hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute: Maddi Barber-en "Claros del bosque", Nagore Eceizaren "If you wish to make an apple pie" eta Clara Rus-en "Las tablas". Mentoringak bi alderdi izango ditu ardatz: batetik, film bat garatzeko prozesura sormenetik hurbiltzea, eta, bestetik, proiektu horiek zinemaren merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diren moduluak.

Hautatutako hiru zuzendariak Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartzeko eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko, horietako bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du.

Hautaketa batzordea honako hauek osatu dute: Maialen Beloki Donostia Zinemaldiaren (SSIFF) ordezkari gisa; Carlos Muguiro EQZEko zuzendaria eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea.

Proiektuak prest egon beharko dute Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak (SSIFF) eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten Ikusmira Berriak proiektu zinematografikoak garatzeko egoitza artistikoen deialdira aurkezteko. Noka Mentoring programa honen helburuetako bat da hiru proiektuak deialdi honetara baldintza onenetan aurkeztu ahal izateko prestatzea. Iaz Marina Palaciok parte hartu zuen, Noka Mentoring 2020k hautatutako zinemagileetako batek.

Tabakalera, zinema-ekosistema

Noka Mentoring dagoeneko aktibatuta dagoen sare profesional eta formatiboan sartuko da, Tabakaleran zinemagintzan diharduten erakundeek partekatutako programen bidez. Egunez egun eta elkarrekin, zinemagatik eta zinemarako lan egiten duen testuinguru profesional hori da Noka Mentoring programak beste programa batzuekin alderatuta duen balio bereizgarri handiena.

Aukeratutako zuzendariek Tabakalerako ekosistemaren lan partekatuaren sistema integratu eta baliatu ahal izango dute, sortzen ari den talentu zinematografikoaren alde egiten baitu. Horrenbestez, aukeratutako hiru zuzendariek doan izango dute Tabakalerako pantaila partekatuko programazioko zinema-saio guztietarako sarrera programak irauten duen bitartean. Halaber, EQZEko zuzendaritza akademikoarekin bilduko dira, beren proiektuen eta eskolako egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuaren hilabeteetan zine eskolan egingo diren tailer eta eskoletako batzuetara gonbidatutako ikasle gisa joateko aukera aztertzeko. Horrekin batera, industriako akreditazio profesional bat izango dute Donostia Zinemaldiaren 2021eko ediziorako, eta, beraz, Jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori prestakuntza- eta laguntza-jarduera gisa txertatuko da programan.

Hautatutako zinemagileen biografiak

Maddi Barber Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen eta Ikusizko Antropologiako masterra egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Bere lanak Visions du Réel, Donostia (Zabaltegi), Ji.hlava, Porto Post Doc Curtocircuito, Zinebi eta Las Palmas jaialdietan ikusi ahal izan dira, besteak beste. 2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen eta bere lanak ekoitzi ditu, baita Ainhoa Gutierrez (Medvedek), Gerard Ortin (Reserve) eta Irati Gorostidiren (Unicornio) film laburrak ere. Bere azken lana, Gorria, Punto de Vista jaialdiko X FILMS proiektuaren irabazlea izan zen eta Documenta Madrid jaialdian epaimahaiaren sari berezia jaso du.

Clara Rus zinemagilea eta kolorista da. ESCACen graduatu zen bi film laburrekin: Sara Fantovaren No me despertéis (Donostia, Rotterdam, Seminci, Alcine) eta Celia Giraldoren Te busco en todos (D'A, Seminci). La filla d 'algu  y de Nacho no conduce film luze kolektiboaren zuzendari laguntzailea izan zen, biak ere Malagako jaialdian sarituak. 2018an, Elias Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) lehen promozioan sartu zen, zinematografiako komisarioaren graduondokoan. Bertan, Zinemaldia 70 ikerketa-taldeko kide da: Z70 historia posible guztiak, EQZEk eta Donostiako Zinemaldiak bultzatua. Azken horretatik sortu zen zuzendari gisa egin zuen lehen lana ¿Cuáles son nuestros años?

Nagore Eceiza Donostian jaio zen eta 2008tik bizi da bertan. Marketinean, Publizitatean eta RRPPn lizentziaduna, Egile-dokumentalean masterra atera zuen Bartzelonako Zinema Behatokian. Ikastaro osagarriak egin ditu honako hauekin: Mercedes Álvarez, Jorge Gil Munárriz, Michel Gaztambide, Warren Eagles, Flavio García, Koldo Almandoz eta Leire Apellaniz, besteak beste.Eceizak 2013tik ekoizle/zuzendari/editore/JDB moduan egiten du lan El Santo Films-en izenpean, komunikazio-agentzia, GKE, enpresa eta beste bezero batzuentzako. Zazpi urtez Donostia Zinemaldiaren Giza Baliabideen arloan egin du lan baita ere, eta beste bi Montrealgo Festivalissimo zine jaialdiko hautatzaile gisa.Oso identifikatuta dago dokumentu-genero sozialarekin, hezkuntza-tresna gisa. Hori oinarri, Parisen, Aljerian, Israelen, Etiopian, Angolan, Mozambiken, Mexikon, Indina eta Puerto Ricon garatutako zine-ekoizpenetan parte hartu du. Orain arte hiru dokumental labur zuzendu eta ekoitzi ditu: Después de María (2019) Fifty Rupees Only (2016) eta Larre Motzean (2015).

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri