Antzerkirako bi ekoizpen propio, Faces eta Maitasunaren itxiera, eta espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldia azpimarratzen ditugu Arriaga Antzokiko apirileko programazioan

  • Antzerkirako bi ekoizpen propio, Faces eta Maitasunaren itxiera, eta espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldia azpimarratzen ditugu Arriaga Antzokiko apirileko programazioan
bilbao.eus

  • DataMartxoak 11
  • Gaia Arte eszenikoak

Alex Gerediagak Faces zuzentzen du, John Cassavetesen film bikainaren antzerkirako egokitzapena, Oscar sarietarako hiru izendapen eman zizkion filmarena. Ikusleek apirilaren 8tik 11ra bitartean gozatu ahal izango dute Arriagaren ekoizpen berri hau.

Arriaga AntzokiakMaitasunaren itxiera ekoitzi du eta apirilaren 29tik maiatzaren 1era eszenaratuko da Pascal Ramberten La clausura del amor obraren euskarazko bertsioa, egile frantses berbera izanik Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy zuzentzen dituena.

Dantza Konpainia Nazionala, Joaquín de Luz-en zuzendaritza artistikoarekin, apirilaren 16an eta 17an iritsiko da Arriagara, hiru dantza pieza oso desberdin barne hartzen dituen programa batekin.

Musikak leku berezia izango du apirilean, Mikel Azpiroz eta Bernardo Atxagaren errezital batekin (13an), Iván Ferreiro (18an) eta Ariel Bringuez-en kontzertuekin (20an), eta Rossini Abesbatzaren Zarzuela On Air 2.0 ikuskizunarekin (22an).

Principiantes antzezlana, Andrés Limak zuzendutakoa eta Javier Gutiérrez buru duena, apirilaren 23tik 25era bitartean egongo da ikusgai Arriagan.

Arriaga Antzokiak apirileko programazioa prestatu du, zortzi ikuskizunekin: hiru antzezlan egongo dira (horietako bi Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioak), dantza emanaldi bat, bi kontzertu, "Literatura eta musika euskaraz" zikloaren errezital bat eta izaera musikaleko ikuskizun bat. Guztiak 19:00etan hasiko dira, dantza emanaldia izan ezik, ordu erdi lehenago hasiko baita, 18:30ean.

Arriaga Antzokiak egin duen ekoizpen propioko lanak, ziurgabetasun handiko eta ziurtasun gutxiko garai hauetan bereziki azpimarragarria denak, apirilean argitara emango diren bi fruitu berri eskaintzen ditu. Lehenengoa Faces da, apirilaren 8tik apirilaren 11ra ikusgai egongo dena, gazteleraz. Alex Gerediagak John Cassavetesen izen bereko film bikainean oinarritutako lan hau egokitu eta zuzendu du. Filma Cassavetesen filmografiako bitxi bat da, hainbat sari eta Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituena. Galera, heldutasunaren onarpena eta, batez ere, maitasuna, haren alderdirik pesimistenean eta esplizituenean dira oholtzan antzeztuko diren gaiak, honako aktore hauen eskutik: Felipe Loza, Arrate Etxeberria, Miren Gaztañaga, Txubio Fdez. de Jáuregui, Jon Ander Urresti eta Maria Urcelay.

Amodioa edo, hobe esanda, desamodioa da Maitasunaren itxieraren gai gakoa. Arriaga Antzokiaren beste ekoizpen hau apirilaren 29tik maiatzaren 1era arte ikusi ahal izango dugu. Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk grinez eta gordintasunez eszenaratzen dute bikote baten haustura lazgarria, Pascal Rambert idazle eta eszena zuzendari frantsesaren Clôture de l'amour lanaren euskararako egokitzapena den honetan. Arrakasta handia izan zuen hemen La clausura del amor Teatro Kamikazek egindako gaztelaniazko bertsioak. Orain, Arriaga Antzokiak obra hau euskaraz bultzatu eta ekoitzi nahi izan du eta, gainera, Pascal Rambert bera da zuzendaria. Euskarazko bertsioa Eneko Sagardoyk eta Danele Sarriugartek egin dute.

Apirileko programazioan, bada beste antzezlan bat ere: Principiantes (23tik 25era). Juan Cavestanyk Raymond Carverren istorioak hartu ditu erreferentziatzat antzerkirako egokitzapen hau egiteko; muntaia Andrés Limak zuzendu du eta Javier Gutiérrez, Mónica Regueiro, Daniel Pérez Prada eta Vicky Luengo dira protagonistak.

HEMEN DA BERRIZ CND

Espainiako Dantza Konpainia Nazionala Arriaga Antzokira itzuliko da, Joaquín De Luz zuzendari duela, eta apirilaren 16an eta 17an programa oso berezia eskainiko du, elkarren artean oso ezberdinak diren hiru piezekin.

Programa Nacho Duatoren Remansos obraren berreskupenarekin hasten da, Enrique Granadosen musikarekin.

Jarraian, gure antzokiari keinu bat egingo diote Arriaga interpretatuz: Bilboko jenioaren musika abiapuntu duen pieza da, Joaquín De Luz berak, Pino Alosak eta Mar Aguilók egin duten, eta klasikoa eta modernoa uztartzen dituen koreografia bat duena.

Programa amaitzeko, Antonio Ruzen In Paradisum aurkeztuko dute: lan hori Madrilen estreinatu eta egun gutxira taularatuko dute Bilbon. Kontzeptu estetiko originala proposatzen du, El Grecoren paleta kromatikoan inspiratua, Tomás Luis de Victoriaren polifonia koralen ahotsak baliatuz. Antonio Ruzek, CNDrentzat egiten duen lehen sorkuntza lanean, elkarrizketa bat proposatzen du musika erlijiosoaren eta herrikoiaren artean, sakratua eta mundutarra denaren artean, kolektiboa eta indibiduala denaren artean.

PROGRAMAZIO MUSIKALA

Bi kontzertu desberdin nabarmentzen dira musikaren atalean. Apirilaren 18an, Arriagara iritsiko da Iván Ferreiroren Cuentos y canciones bira. Piratas taldearen buru zenak, pop-rock indiearen kulturak izan duen artista emankor eta argienetako bat denak, ibilbide bat egingo du bere biografian zehar, eta abestietako batzuk nola sortu ziren azalduko du, kontzertuaren eta "storyteller"aren arteko formatuan. Amaro Ferreiro anaia lagun izango du kontzertu honetan.

Eta bi egun geroago, apirilaren 20an, Ariel Bringuezen txanda izango da. Boskote sendo baten buru dela, Nostalgia Cubana proiektua aurkeztuko digu: bere sorterri den Kubako abesti bikainen aukeraketa dotorea. Kontzertu hau Bilbaína Jazz Clubek eta Arriaga Antzokiak berak bultzatutako "BJC Arriagan" zikloaren parte da.

Beste ziklo batek, “Literatura eta musika euskaraz” —Arriaga Antzokiak duela urte batzuetatik hona Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean garatzen duenak—, bere ikuskizuna ekarriko dio programazioari. Apirilaren 13an Bernardo Atxagak eta Mikel Azpirozek indarrak batuko dituzte Denborak, kantak eta islak izeneko errezitalean. Alderdi musikalari dagokionez, Mikel Azpirozen Islak disko berritik elikatzen da, eta Atxagaren sorkuntzatik ahozko eta literaturako osagaiei dagokienez.

Azkenik, Rossini Abesbatzak Zarzuela On Air 2.0 ikuskizun musikala eskainiko du Arriagan apirilaren 22an, Mitxel Santamarina eta Iñaki Maruri aktoreen elkarlanarekin, zeinek oso modu berezian beteko baitituzte eszenako zuzendariaren eta zeremonia maisuaren zereginak. Ikuskizunak Zarzuelaren unerik onenak errepasatzen ditu, modu berritu, fresko eta dibertigarri batean, 50eko hamarkadan girotutako irratsaio entretenigarri eta original baten moduan. Zarzuela On Air 2.0k barne hartzen ditu, besteak beste, La verbena de La Paloma, El Dúo de la Africana, La del Soto del Parral, El Rey que rabió edo Luisa Fernanda zarzuelen emanaldiak.

SARREREN SALMENTA 

Ikuskizun horietarako sarrerak ikusleentzat salgai egongo dira ostiraletik, martxoaren 12tik, www.teatroarriaga.eus webgunean edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri